Euskal Herria, bere txikian, bada hizkuntzaren teknologietan erreferentzia. Adimen artifiziala eta hizkuntzaren teknologiak uztartzen. Ekosistema horrek tresna berri bat du: Hitz katedra. Katedra zertarako? Ikertzeko, ikertutakoa enpresetara bideratzeko, ikasleak prestatzeko eta lanean ari diren profesionalen etengabeko prestakuntzarako.
Katedra duela hilabete batzuetatik lanean ari da jada, baina gaur egin dute inaugurazioa, Donostiako Miramar jauregian. Elkarlanaren emaitza da Hitz katedra: EHUko lau ikerketa taldek (Hitz Ikerketa Zentroak, Aldapak, ISGk eta RSAITek), enpresa batek (Avature) eta zenbait laguntzailek (Orai NLP, Ikerlan, Euskaltel/MasOrange, Multiverse eta Tecnalia) osatzen dute. Espainiako Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren laguntza jaso du. Maria Gonzalez Veracruz Espainiako Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko estatu idazkariak ere parte hartu du ekitaldian.
Aladinen kriseilua edo Pandoraren kutxa
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak artikulu batean irakurritako dikotomia planteatu die aurkezpeneko entzuleei: batzuentzat Aladinen kriseilua dela, eta beste batzuentzat, Pandoraren kutxa. Mendozak ez du bataren edo bestearen alde egin, baina nabarmendu du «ezinbestekoa» dela euskara adimen artifizialaren arloan egotea, eta Euskal Herriak prestatu egin behar duela «munduan bizi ditugun eraldaketa handietarako».
Xabier Arzalluz EAJren Euzkadi Buru Batzarreko buruzagi ohia —«maisua» deitu dio— ekarri du gogora: «Esan zuen gure herrian apustua zirela euskara eta teknologia. Gaur egun ere badira».
Juan Ignacio Perez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, gertuago dago Aladinen kriseilutik, Pandoraren kutxatik baino, adimen artifizialari dagokionez. Baina badaki Pandoraren kutxatik ere baduela: «Auzi etikoek, ekonomikoak...». Adimen artifizialaren «ondorio epistemologikoek» interesatzen dute sailburua, hau da, adimen artifizialak duen eragina ezagutza sortzeko moduan. «Sekulako aukerak ditu», azaldu du, «baina baita opakotasun metodologikoa eta funtzionala ere».
Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren bederatzi «itsasargi» sortu nahi ditu, eta horietako bat izango da adimen artifiziala. Perez Iglesiasek gogorarazi du katedren eginbeharretako bat dela ezagutza gizarteratzea.Â
«Komunitate bokazioa»
Adimen artifiziala berez hizkuntza handien eta enpresa teknologiko erraldoien eremua dela aipatu du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. Baina baita EHU teknologia horietan aitzindaria dela eta euskaraz sortzen duela ere. Horren adibide da Latxa adimen artifizialeko hizkuntza eredua. Eredu irekia da Latxa, beste hizkuntza gutxitu batzuentzat erabilgarria da, eta izaera hori du Hitz katedrak ere. Errektoreak nabarmendu du katedra «komunitate bokazioarekin» jaio dela, «bai eskaintzan, bai lan egiteko moduan».
Adimen artifiziala berez da erronka, baina erronka handiagoa da herrialde txikientzat eta hizkuntza gutxituentzat. Batzuk zerrendatu dituzte: konpainia handien mendekotasun teknologikoa, adimen artifizialeko ereduak entrenatzeko konputazio ahalmen handien premia, prestatutako profesionalen falta eta hizkuntza txikiak eta kultura desberdinak baztertzeko arriskua, nagusiki ingelesaren moduko hizkuntzetan oinarritzen baita.
Talentua erakarri beharra
Topagune ere izan nahi du Hitz katedrak. Sektoreko eragileen topaleku: «Katedrak ikertzaileen, industriaren eta ikasleen arteko lankidetza topagunea izan nahi du, teknologia horien ikerketa eta berrikuntza, ikaskuntza eta dibulgazio arduratsua bultzatzeko. Arlo bakoitzeko eragile lehiakorrenen lankidetzak bakarrik ahalbidetuko du teknologia horretan lehiatzea, Europak oraintxe baztertuta geratzeko arriskua baitu. Eta hori da katedrako erakundeekin bilatu duguna». Aitor Soroak eman du azalpena, katedraren zuzendariak. EHUren Informatika fakultateko irakasle, IXA ikerketa taldeko eta Hitz Zentroko kidea da.
Talentua erakartzea da Hitz katedraren helburuetako bat. Hala egiteko eskatu die Mikel Artetxek, IXA taldeko kide eta Hitz Zentroko kolaboratzaileak. Hizkuntza naturalaren prozesamenduan eta ikaskuntza automatikoan munduko erreferentzietako bat ere bada. Reka start-up-aren sortzaileetako bat. Hizkuntza eredu handiekin lan egiten du Rekak. Uztailean inbertitzaileen 90 milioi euro baino gehiago lortu zituzten proiekturako.