Hizkerarentzako koloreak

Labayru Hiztegi Fraseologikoa ipini du Labayru fundazioak bere webgunean. Gaztelaniaz gehien erabiltzen diren 3.500 lokuzio aukeratu, eta euskarazko ordaina bilatu diete. Urtebete baino lehen euskarazko beste hainbesteri egingo diete lekua.

Esamoldearen hitzik adierazgarrienak bilatzailean sartuta, hiztegiak berak ematen ditu berba hori duten lokuzioak eta dagozkien ordainak. BERRIA.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Saiakera bat edo zientzia gaiei buruzko liburu bat idazterakoan, lokuzio gutxi erabiltzen dira. Hizkera neutroa izaten da. Baina esatari batek, kazetari batek eta, batez ere, fikzioa sortzen duen idazle batek irudi gehiago dituen hizkuntza erabiltzen du; hau da, konnotatiboagoa, koloretsuagoa», azaldu du Labayru fundazioko zuzendari Adolfo Arejitak. Mezuari zolitasun hori ematen laguntzeko esamoldeak bildu dituzte Labayru Hiztegi Fraseologikoan, eta www.labayru.eus webgunean ipini dute.

Elebiduna da: gaztelaniaz eta euskaraz egin daitezke bilaketak. Arejitaren esanetan, halako hiztegietan bi hizkuntzetako bat aukeratu behar izaten da lanari ekiteko. Oraingoan, gaztelaniaren aldeko hautua egin dute. «Oraingoz, gaztelaniaz oso erabiliak diren 3.500 lokuzio aukeratu ditugu, eta horiei euskarazko ordaina bilatu edo eman diegu». Arejitak hitzeman du urtebete baino lehen euskarazko beste 3.500 sartuko dituztela, gaztelaniaz dagozkien ordainekin. Horrela, apurka-apurka, euskaraz eta gaztelaniaz lokuzio gehiago izango dira eskuragarri. «Hizkuntzen arteko oreka bermatu nahi dugunez, txandakatuz joango gara: lehenengo, bata, eta gero, bestea; bakoitzetik kopuru igualtsua».

Hizkuntza idatziz lantzen dutenentzat hiztegia tresna baliagarria dela iruditzen zaio Arejitari. Eta adibide bat ipini du. Kazetari bat gaztelaniaz egin den agerraldi batera joan da, eta hiztunak «que no nos den gato por liebre» esan du. «Euskaraz idatzi behar du berria, baina ez daki lokuzio hori zelan itzuli. Bilatzailean gato, liebre edo biak ipinita, euskarazko ordaina agertuko zaio. Kasu honetan, gainera, bada euskaraz gaztelaniazkoaren berdin-berdina den bat: katua erbitzat eman». Horrez gain, ederra sartu, ziria sartu eta iruzur egin ere proposatuko dizkio hiztegiak.

Mezu igualtsua emateko, hizkuntza bakoitzak bere esapidea sortzen du askotan. Meter doblada aipatu du. Norbaiti ahalik eta gezurrik handiena sinetsaraztea esan nahi du. «Eguna gau dela sinetsarazi diola esan dezakegu. Horrelakoak hizkuntza guztietan daude. Euskaraz ere bai. Batzuk, maiztasun handikoak, eta beste batzuk, txikiagokoak».

Bereziki idatziz lan egiten dutenentzat pentsatuta sortu duten arren, Arejitaren ustetan, hiztun arruntentzat ere oso baliagarria izan daiteke. «Normalean, berba egiten gaudela, ez dugu Internetera jotzeko joerarik. Etorri ahala hitz egiten dugu. Xelebrea litzateke norbaitekin gaudela elkarrizketa gelditu, eta hiztegian zalantzak begiratzen hastea. Baina hiztun arruntak, hiztegia irakurri, eta horrelako lokuzioak buruan josi beharko lituzke». Hizkera aberasteko Arejitak eman duen aholkua garbia da: hiztun onak direnengandik jaso, ikasi eta berrerabili. Izan ere, berba egiterakoan, kalkoak idatziz baino askoz ugariagoak izaten dira. «Euskaraz batez ere, erdaraz inguratuta gaudelako. Jende aurrean berba egiten duenak, entzule batzuen aurrean eta modu duin batez hitz egin nahi duenak, horrek halako tresnak erabili beharko lituzke, hizkuntzaren inguruko ezagutza handituz joateko».

Orain arte, Labayruk euskara eta gaztelania hiztegia argitaratu izan du, sarean zein paperean. Arejitaren esanetan, Hiztegi Fraseologikoa Labayru hiztegi elebidun horren ondorengo edo hurrengo urrats gisa etorri da. «Hiztegi hori egin genuenean, asmoa zen idatzizko eta ahozko tradizioko hitzak, hitz kateak, kolokazioak, esamoldeak eta abar hartuta ezohiko hiztegi bat egitea. Baina ikuspegi bikoitz batetik landu genuen. Batetik, alderdi zientifikoa edo arautua izango zuen, oinarrian idatzizko tradizioa izango duena, baina baita ahozko erabilera aintzat hartuko zuena ere. Alde biei eman nahi izan genien pareko garrantzia».

Ahozko iturrien garrantzia

Hiztegi hura egin zenean, konturatu ziren lokuzio mordoa bildu zituztela, fraseologia hitzaren azpian sartzen diren erabilera finko asko zituztela. «Ikusi genuen hor bazela zirrikitu bat esamoldeen eta lokuzioen mundu horri trataera monografiko bat emateko. Eta horretatik abiatu ginen». Fraseologian oinarritutako hiztegi propio bat egitea pentsatu zuten. «Arlo espezifiko bat hartzen denean, askoz gehiago sakontzen da, hobeto lantzen da. Aurreko hiztegi orokorrean dagoena hartu, eta osatu egin genuen».

Iturri asko erabili dituzte. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia eta Justo Maria Mokoroaren Hortik eta hemendik. Repertorio de Locuciones Vascas bilduma abiapuntu garrantzitsua izan da. Baina hiztunengana ere jo dute. «Labayruk badauka lan atal bat herri ondarea jasotzeko. Hizkuntzaren lekuko bizi askorekin egiten dira elkarrizketak. Holakoetatik ere asko jasotzen dugu. 'Esaera hau ez da ezaguna, baina horrela erabiltzen dugu', esaten digute. Hori da Labayruk egiten duen ekarpen garrantzitsua». Idatziaren besteko pisua ematen diote. Izan ere, uste dute hizkuntzari bizitasuna emateko ezinbestekoa dela. «XIX. mendeko idazle batek eta guk seguruenik metafora ezberdin banarekin esango genuke kontzeptu berbera. Hizkuntzaren bilakaera hori ahozko hizkuntzaren bidez baino ezin dezakegu ezagutu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.