Hizkuntz aniztasuna kudeatuz

Pixkanaka bada ere, enpresak gero eta garrantzi handiagoa ematen ari dira hizkuntzen kudeaketari. Elhuyar Hizkun proiektuaren bidez ari zaie horretan laguntzen Tecnalia eta Elay enpresei.

Tecnaliako, Elayko eta Elhuyarreko ordezkariak, atzoko jardunaldietan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nire ametsa litzateke nik posta elektroniko bat euskaraz igortzea, eta bezeroak bere hizkuntzan jaso eta irakurri ahal izatea; baita alderantziz ere. Azken batean, errealitate eleanitz honetan bakoitza bere hizkuntzan komunikatzea». Santi Agirregoikoaren hitzak dira, Elay enpresako zuzendari kudeatzailearenak. Artean enpresa Elhuyarrek abian jarritako Hizkuna proiektuan parte hartzen ari da, Tecnaliarekin batera. Xedea: hizkuntz aniztasuna kudeatzeko baliabide teknologikoak eta metodologikoak lortzea. Horren garrantziaz ohartarazi du Tecnaliako ordezkari Ciara O'Higgingsek. «Aberastasun gisa ikusi behar dugu hizkuntz aniztasuna, eta sormena areagotzeko tresna gisa».

Elhuyarrek duela urtebete jarri zuen martxan Hizkuna proiektua, eta atzo hizpide izan zuten enpresei eta hizkuntz aniztasunari buruz Donostian egindako jardunaldi batzuetan. Nazioarteari begira lan egiten dute Elayk eta Tecnaliak. Baina oso hizkuntza politika diferentea duten enpresak dira.

Elayk autoentzako piezak egiten ditu, eta Antzuolan (Gipuzkoa) du egoitza nagusia. Enpresak 45 urte daramatza lanean, eta euskara plan bat izan zuen aurrenetakoa izan zen. Egun, Mexikon ere badu egoitza, eta Txinan beste bat jartzen ari da martxan. «Errealitate eleanitz horri erantzun nahi diogu, baina argi izanda gure erreferentziazko hizkuntza euskara dela eta gure langileak batez ere elebidunak direla», adierazi du Agirregoikoak.

Atzerrian dituzten bezeroei begira, funtsezkoa iruditzen zaio haiek dituzten hizkuntza eskaerei erantzutea; baina baita barrura begira ere. Adibide bat jarri du: «Duela gutxi, makina bat ekarri ziguten atzerritik. Hura erabiltzeko argibideak hamasei hizkuntzatan zetozen. Horien artean ez zegoen euskara, baina guk itzuli egin genituen argibide horiek».

Halako egoerei erantzuten laguntzen ari zaie Elhuyar. «Baliabide teknologiko eta metodologiko batzuk emateaz gain, Elhuyar egiten ari dena da guri helburu batzuk markatzea, eta horien inguruko jarraipena egitea». Agirregoikoak, ordea, behin eta berriz esan du zein den abiapuntua: « Ezin dugu bazterrean utzi euskara sustatzea».

Tecnaliaren kasua

Zortzi zentro teknologikoren batura da Tecnalia; horietako batzuk, atzerrikoak. Batzean hasi ziren konturatzen hizkuntz aniztasunaren kudeaketari heldu behar ziotela. «Ezinezkoa zen zentro bakoitzak bere hizkuntz politika izatea. Oinarriek berdinak izan behar zuten», adierazi du Tecnaliako Garapen Korporatiboaren arduradun Ciara O'Higgingsek.

Egun, hiru hizkuntza erabiltzen dituzte: euskara, gaztelania eta ingelesa. «Hizkuntz guztiek dute beren rola, eta denak indartu behar dira».

Hori kontuan hartuta jarri dituzte abian egitasmo guztiak, bai kanpora begira, bai barrura begira. «Argi dago aurrerapausoak nahiko mantso doazela, baina pazientzia izan behar da, eta, batez ere, konpromisoa. Langileek parte hartzea sustatu nahi dugu».

Langileek hizkuntzak ikas ditzaten, zenbait egitasmo jarri dituzte abian. «Kasu askotan, jendeak uste du ez dela gai izango hizkuntza bat ikasteko, baina hori ez da horrela». Barrura begira ere jarri dituzte tresnak, hiru eleko errealitate hori bermatzeko. «Adibidez, oporrak eskatzeko agiria hiru hizkuntzetan jarri dugu, eta lanean ari gara seinaleekin eta erantzungailu automatikoarekin zer egin erabakitzeko. Izan ere, ezin dugu dena itzuli. Hiru hizkuntzak normal erabiltzea nahi dugu». Kanpora begira ere hartu dituzte neurriak, bezeroei zerbitzurik onena emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.