Isaac Fernandez galiziar filologoa oso pozik dago, Euskara-galiziera eta Galiziera-euskara hiztegia egin duelako. Era horretako aurrenekoa da. Normalizaziorako, erabileraz gain, hizkuntza gutxituek halako tresna eta ekimenak behar dituztela uste du.
Nola bururatu zitzaizun hiztegia egitea?
Duela lau urte izan zen. Ni galiziar filologia ikasten nengoen oraindik, eta denbora bat neraman euskara eskolak jasotzen. Vigoko Unibertsitateak galiziera-euskara izendegi bat osatzea proposatu zidan. Proiektua indarra hartzen hasi zen, eta pentsatu genuen egokia izan zitekeela hiztegi bat egitea. Hala, ia 6.000 hitz dituen hiztegia osatu dugu.
Nolatan hasi zinen euskara ikasten?
Ikasketak amaitzen ari nintzen, eta ikusten nuen zaila izango zela lana topatzea. Hala, nire ikaskideek egiten ez zuten zerbait egin behar nuela pentsatu nuen, eta horrek lana topatzen lagunduko zidala. Beraz, euskara ikasten hasi nintzen. Izan ere, nire aitona-amonek urte batzuk eman zituzten Gipuzkoan, Pasaian, eta ordutik familian beti izan genuen lotura berezia Euskal Herriarekin, eta, nola ez, euskararekin.
Lan zaila izan al da hiztegia egitea?
Bai, batez ere ez delako esker oneko lan bat. Ordu askoan egin behar da lan, eta emaitzak ez dira berehala ikusten. Kirmen Uriberen Bilbao-NewYork-Bilbao liburua euskaratik galizierara itzultzeko aukera ere izan dut denbora honetan, eta lan hori askoz dinamikoagoa izan da. Itzultzen joan ahala ikusten dituzu emaitzak,
Zein helbururekin egin duzu hiztegia?
Bi hizkuntzen artean beti izan da lotura bat, eta bitxia zen hiztegirik ez izatea. Gabezia horri erantzun nahi izan diogu. Hiztegiak aukera paregabea ematen du galiziarrak euskarara gerturatzeko, eta euskaldunak galegora.
Zein ezaugarri ditu hiztegiak?
Oinarrizko hitzak biltzen ditu. Azken batean, euskara edo galegoa ikasten hasten direnentzatoso hiztegi baliagarria dela uste dut.
Zein irizpide erabili dituzu hitzak aukeratzeko orduan?
Esan bezala, ni euskara ikasten nengoen hiztegia osatzen hasi nintzenean. Hala, lehenengo urteko apunteak hartu, eta oinarrizko hitzak aukeratu nituen. Horrekin batera, hitzak esparru semantikoetan banatu nituen. Hau da, hiztegian sagarrondo agertzen bazen, udareondo-k ere agertu behar zuen.
Ba al dute antzekotasunik bi hizkuntzek?
Ez, diferenteak dira. Nik horregatik erabaki nuen euskara ikastea. Aukera nuen portugesa edo katalana ikasteko, baina, esan bezala, nahiago nuen zerbait desberdina ikasi; nahiz eta euskarazko izendegiaren %60 inguru erromanikoa izan. Baina ezkutuan dago.
Zein esanahi du hiztegiak bi hizkuntzentzat?
Hizkuntza gutxituek aurrera jarraitzeko erabiltzea ez ezik, halako ekimen txikiak ere behar dituzte. Egin dudana hiztegi txiki bat da. Baina uste eta espero dut esanahi berezia izatea euskara eta galiziera hitz egiten dutenentzat.
Nola ikusten dituzu bi hizkuntzak?
Euskara ondo. Traben gainetik, hazten ari den hizkuntza dela uste dut, eta gazteek gero eta gehiago erabiltzen dutela. Gainera, gizartearen aldetik konpromiso eta ahalegin bat ikusten dut normalizazioaren alde. Hori da garrantzitsuena. Euskal Herrian balioa eta aitortza ematen zaio euskara ikasteari eta jakiteari. Galiziera, berriz, gainbeheran ikusten dut. Nahiz eta helduek hitz egin, gazteek gero eta gutxiago hitz egiten dute. Gainera, normalizazioa lortzeko ahalegin oro administrazioaren esku utzi da, eta hori da egin daitekeen okerrik handiena. Izan ere, gobernu aldaketa izan zenean bertan behera utzizuten aurreko hizkuntz politika. Hura, behintzat, galiziera sustatzearen aldekoagoa zen. Galizian, gainera, ez dira asko galizieraren normalizazioaren aurka dauden taldeak. Baina indar mediatiko handia dute. Botere handia dute gizartean. Normalizazioaren alde gizarteak duen konpromisoan dago bi hizkuntzen arteko aldea.
Nolako harrera izan du han hiztegiak?
Hor ere nabaritzen da bi hizkuntzen arteko aldea. Galizian ez du aparteko oihartzunik izan. Lehengo astean, ordea, Euskal Herrian izan nintzen, eta jendearen ilusioa eta berotasuna nabaritu nituen. Jendea oso pozik zegoen halako hiztegi bat izateagatik.
'Bilbao-New York-Bilbao' liburua galizierara itzultzeko aukera izan duzu. Nolakoa izan zen esperientzia?
Ohore handia izan zen niretzat aukera hori izatea; esperientzia oso polita. Izan ere, hasieran gaztelaniatik egitea proposatu zidaten, baina hemengo argitaletxeak esan zidan zergatik ez nuen euskaratik bertatik egiten, eta ausartu egin nintzen. Egin dudan halako lehen itzulpena da, eta oso pozik amaitu dut. Kirmen [Uribe] ezagutzeko aukera izan dut, eta oso aberasgarria izan da. Eleberriaren parte sentitzen zara.
Ba al duzu halako beste proiekturik buruan?
Oraingoz ez. Baina halako itzulpen gehiago egitea gustatuko litzaidake, bi hizkuntzentzat oso aberasgarria eta beharrezkoa delako. Gainera, uste dut Galizian euskal literatura ez dela aski ezaguna. Eta halako itzulpenek asko lagun dezakete ezagutza hori zabaltzeko.
Isaac Fernandez. Galiziar filologoa
«Hizkuntz normalizaziorako saio oro administrazioen esku uztea oker handia da»
Euskara-galiziera lehen hiztegia egin du Isaac Fernandezek. «Ondo» ikusten du euskara, eta euskal gizartea normalizazioaren alde egiten ari den lana aitortu du; galiziera gainbeheran dagoela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu