Hizkuntza eskakizunekin «malgu» jokatuko du Eusko Jaurlaritzak

Dobaran sailburuordeak esan du dekretua ez dutela zertan onartu legegintzaldi honetan

Euskara batzordeko presidente Jasone Agirre eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, atzo. BERRIA.
xabier martin
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak arautuko dituen lege dekretuaren azken zirriborroak berretsi du lanpostuaren ezaugarriaren araberako hizkuntza irizpideak are berezituagoak izango direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoan. Edonola ere, «prozesuak luze joko du», Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duenez, dekretua zertan den galdetu diotenean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu dio zergatik ari den atzeratzen dekretua, eta Dobaranek argi esan du Jaurlaritzak ez duela zertan onartu legegintzaldi honetan: «Ez dugu onartu beharrik ezinbestean legegintzaldi honetan».

Izan ere, bigarren entzuketa prozesuan dago dekretuaren diseinua. Dobaranek esan du Ertzaintza, Osakidetza, hezkuntza arloa, sindikatuak eta beste hainbat eragile ekarpenak egiten ari direla, baina aurreratu ditu dekretuak jaso dituen lerro batzuk, eta berretsi du euskara modu berezituagoan eskatuko dela administrazioan, «tokian tokiko errealitate bakoitzaren arabera».

Ia 150.000 langile publikorekin «malgu» jokatu behar dela ziurtatu du Dobaranek, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla, baina mugarri hori ezarri behar dela langile publiko horiek «egun duten errealitatetik» abiatuta. Dekretuaren diseinuan legelariak jartzen ari dira oinarririk handiena. Dobaranek esplikatu du «erabilerarako jauzia» egin behar dela, ezagutzari dagokionez «lorpen izugarriak» egon direlako azken hamarkadetan. Argi utzi du, ordea, jauzi horrek «bidezkoa eta arrazoizkoa» izan beharko duela, eta Ertzaintzak eta Osakidetzak, esaterako, azaldu beharko dutela zenbat denbora beharko duten dekretura egokitzekoa. Hamar urteko epeaz aritu da Dobaran.

Jendaurreko lanpostuak

Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko, langile publikoen kasuan, aurreratu du «jendaurreko postuak lehenetsi» beharko dituztela, era berean. «Asimetria» ere hartu du ahotan, esplikatzeko lanpostu batzuetan ez dela zertan euskaraz idatzi, nahiz eta euskaraz hitz egitea beharrezkoa den. Beraz, sailburuordeak atea zabaldu dio hizkuntza eskakizun diferenteak egoteari lanpostuen arabera. «Logikaz zehaztu beharko da non aplikatu beharko den asimetria». Dobaranek «entrenamendu epe» batez hitz egin du, gainera: «Ez baikara pasatuko besterik gabe errealitate batetik bestera».

EH Bilduko legebiltzarkide Ubera «shock egoeran» utzi du Dobaranen hitzaldiak, eta ondorioztatu du ez dela legegintzaldi honetan onartuko hizkuntza eskakizunak arautzeko lege dekretua: «Aniztasuna erabiltzen duzue euskara eskubideen alorrean aurrera ez egiteko, eta gaur egun atzera egitea da aurrera egiteari uko egitea».

Uberarentzat, euskararen ezagutzan dagoen aniztasunak izan beharko luke «badatozen belaunaldientzako» beste jokaleku bat eskaintzeko arrazoia. Bere buruari galdetu dio «ez ote den ari EAJ hauteskundeetako interesei begira» hizkuntza eskubideen alorrean, «epe luzera baino gehiago». Iazko apirilean, Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ziurtatu zuen gobernuak aurtengo hasierarako espero zuela dekretua onartzea, eta arau berriak «euskararen exijentzia» handituko zuela administrazioan.

ELA sindikatuak «onartezintzat» jo du dekretuaren aldaketa «geldiaraztea». ELAren ekarpenei «ez entzunarena» egiten diela esan du. «Lanpostuaren araberako irizpideak egongo dira dekretuan, hizkuntza eskakizun epelak, eta sektoreka zein lurraldeka bereiziak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.