Hizkuntza eskubideen defentsaren aldarriak kalera eramango ditu LABek udazkenean

Euskararen aurkako oldarraldi judizialari erantzuteko, mobilizazioak eta ekintzak antolatuko ditu sindikatuak.

Euskara eskakizunen aurkako epai baten harira LABek egindako protesta, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Euskara eskakizunen aurkako epai baten harira LABek egindako protesta, Donostian, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
kristina martin
2025eko uztailaren 7a
16:31
Entzun 00:00:0000:00:00

EAEko administrazioen euskalduntzearen aurkako etenik gabeko erasoei erantzun behar zaie, legez eta kalean, LAB sindikatuaren ustez. Hori dela eta, funtsezkoa iruditzen zaio herritarrak aktibatzea beren hizkuntza eskubideen alde. LABek ardura hartu du euskararen defentsaren aldarriak kalera eramateko, eta, horretarako, ekintzak eta mobilizazioak antolatuko ditu udazkenean.

Sindikatuak gogorarazi duenez, EAEko administrazioa euskalduntzeko ahaleginak zapuzteko saiakerak indartzen ari dira, bereziki azken lau urteotan. Esan du hiru arlotik datozela euskararen aurkako erasoak: arlo politikotik, sindikaletik eta judizialetik. «EAEko hainbat lan deialdiren hizkuntza eskakizunen zein euskara sustatzeko bestelako neurrien aurkako hamalau epai, gutxienez, izan dira ikasturte honetan», gogorarazi du LABek. Hau da, hilabetean epai bat baino gehiago.

LABen ustez, herritarren erantzunak erasoaldiaren tamainaren parekoa izan beharko luke. Erantzun hori, gainera, legez, baina baita kalean ere eman behar dela iritzi dio. LABek bere egin du egiteko hori, eta euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsaren aldarriak kalera eramango ditu uda ostean.

Prebentziozko jarrera

Sindikatu abertzaleak ohartarazi du euskararen kontrako oldarraldiak bide arriskutsu bat zabaldu duela: hain zuzen ere, administrazioak berak «prebentziozko jarrera» izaten duela lan deialdi berriak egiterakoan. «Arduradun instituzionalak lan deialdi berriak prebentziozko jarrerarekin zehazten hasiak dira, horiei helegitea jartzeko arriskua agerikoa dela jakinda, eta, hori gertatuz gero, aurkako epaia jasotzeko mehatxua ia ziurra den beldurrez», azaldu du.

«Arduradun instituzionalak lan deialdi berriak prebentziozko jarrerarekin zehazten hasiak dira, horiei helegitea jartzeko arriskua agerikoa dela jakinda»

LAB

Ondorioz, LABek adierazi duenez, lan deialdi berriak eta administrazioaren euskalduntzearekin lotutako bestelako neurriak ez dira erabakitzen ari, orain arte bezala, «administrazio elebiduna erdiesteko perspektiba askearekin, baizik eta epaitegien zigorra jasotzeko mehatxupean». Horrek guztiak «gazteleraren hegemonia areagotu, eta euskara menpekotasun egoeran betikotu du».

Bestalde, kritikatu ditu «sektore euskarafoboak» erabiltzen dituen argudioak euskaldunen hizkuntza eskubideak zapaltzeko: «Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua planteatzen ari dira». Sindikatuaren aburuz, eskubideak ezin dira mailakatu: «Ez da zilegi eskubide batzuen urraketa aldarrikatzea beste batzuen mesedetan».

Egoera gainditzeko proposamenak

Sindikatuak bi bide proposatu ditu egoera hori gainditzeko: legeria aldatzea eta aldaketa hori bultzatzeko herritarrak aktibatzea. Horretarako ezinbestekotzat jo du EAEko Enplegu Publikoaren Legea aldatzea, horrek segurtasun juridikoa emango liokeelako administrazioa euskalduntzeko prozesuari. Dena dela, LABen iritziz, administrazioa osoki euskalduntzea nahi izanez gero, «ez da nahiko legea aldatzeko bide parlamentarioarekin»; eragile sindikalen, euskalgintzaren, eta, oro har, herritarren aktibazioa eta indar metaketa ere eskatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.