«Hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa da Osakidetzan»

Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariaren arabera, «umiliagarria» da osasun arloko zerbitzuen euskalduntzea azkar doala esateaHizkuntz hautua ukatu zioten gizon baten kasua Eusko Legebiltzarrera eraman du EAk

Garbiñe Petriati, atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian hizketan; alboan, Juango Agirrezabala eta Paul Bilbao. KONTSEILUA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzan gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak «urterik urte» errepikatzen direla salatu du Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistemarekin lotutako «kexa andana» jasotzen dituela gogorarazi du, eta kexa horiekin egindako urteko txostenetan «beltzuneetako» bat dela. Kexa horiek errealitate «gordin eta zabalago» baten isla direla uste du, gainera, Behatokiak. «Hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa da Osakidetzan»

Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean euskaldun gehienek zerbitzua gaztelaniaz jasotzea onartzen dutela azaldu du Petriatik: «Lanean ordu batzuk eskatu ondoren, umea eskolatik atera ostean, sendagileak euskara ez dakiela ikustean bi aukera daude: beste noizbait itzuli, edo gaztelaniaz egitea». Dena den, gero eta pertsona gehiago urraketa horiek salatu eta jakinarazteko prest daudela gaineratu du.

Oñatiko (Gipuzkoa) Kepa Elorza bizilaguna hizkuntza eskubideen urraketen berri eman duen pertsona horietako bat da. Digestioan espezializatutako medikuarekin hitzordua eman ziotenetik zita izan zuen arten hamar hilabete igaro ziren, Debagoiena ospitalean (Arrasate, Gipuzkoa) euskaraz artatua izateko eskaera egin zuelako. 2010eko ekainaren 10ean mediku espezialistara joateko txartela eman zion famili medikuak, eta 2011ko apirilaren 4an izan zen medikuarenean, Debagoiena Ospitalean.

Lehen hitzordurako gutuna iazko azaroaren 5ean jaso zuen, gaztelania hutsean. Bi aukera eman zizkioten eskutitz horretan: azaroaren 8an Debagoiena ospitalean mediku erdaldun elebakar batekin hitzordua izatea, edo Gasteizen osagile euskaldun batekin egotea hil horren 15ean. Elorzak ez aukeretako bakar bat ere onartu: «Dagokidan ospitalea Arrasaten dago, eta Txagorritxura joatea xantaia iruditu zitzaidan». Hitzordu horiei uko egin ondoren Arrasaten euskaraz artatua izateko eskaera berretsi zuen. Hainbat eskaintza eta kexaren ostean lortu zuen: apirilaren 4an medikuak ikusi zuen Elorzak, telefono bidezko itzulpenarekin.

«Jarrera moldagarriagoa»

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Kepa Elorzaren kasua Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera eraman zuen atzo, eta horri buruzko argibideak eskatu zizkion Rafael Bengoa Osasun sailburuari. Bide batez, Elorzaren kasua «ezohiko gertaera» ez dela nabarmendu zuen, eta Osakidetzako euskara planaren «porrotaren» aurrean eginbeharrekoen inguruan galdetu zion.

Bengoak nabarmendu du pertsona horrek behar zuen arreta jaso zuela, are gehiago, pertsona hori «gain-artatu» zutela dio; hau da, Osakidetzako administrazioak ohi baino arreta handiagoa eskaini ziola. Erabiltzaile bakoitzari horrelako trataera eskainiko balitzaio, Osakidetzak nabarituko lukeela dio: «Jarrera indibidualistak eta amorerik ez emateak mesede gutxi egiten diote euskarari eta Osakidetzari». Horrenbestez, jokabide «moldagarriagoa» eskatu dio Elorzari.

Osakidetzak zerbitzua euskaraz emateko borondatea duela nabarmendu du Bengoak, baina, aldi berean, kasu batzuetan hori egiteko ezintasuna dutela gaineratu du. Kasu horiek «gutxi» direla uste du, eta garrantzi gehiegirik ez ematearen alde dago. «Ematen du batzuek bozgorailua jarri nahi dutela kasu horietan, eta nik uste dut ez dugula ezer ere urratzen». Osakidetzak lege eta araudi guztiak betetzen dituela gaineratu du, eta osasun zerbitzuen euskalduntzea «modu egokian» doala, gainera. Bitartean, hizkuntza hauturako eskubidea bermatu ezin den kasuetan Osakidetzak «malgutasunez» jokatuko duela iragarri du, «malgutasunez aritu ezin den arte».

Agirrezabalak, hala ere, euskal hiztunen eskubideak kontuan ez hartzea leporatu dio sailburuari: «Osakidetzako erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubidea mespretxatu du, berriz ere». Dani Maestu Aralarreko legebiltzarkideak ere gaixoak medikuarekin duen komunikazioa arretaren kalitatea neurtzeko garrantzitsua dela gogoratu du. Ildo berean, Garbiñe Mendizabal EAJko kideak «atzera pausotzat» jo ditu Bengoaren hitzak eta ekintzak, eta hizkuntza politika ardura hori duen sailazharago doala gogorarazi dio sailburuari.

Kritika gogorra

Norabide berean, Rafael Bengoaren adierazpenak kritikatu ditu Petriatik. «Umiliagarria eta mingarria da osasun zerbitzuetako euskalduntzea azkar doala esaten dutenean». 2009ko salaketa bat ekarri du gogora Petriatik. Semearekin Ordiziara eta Zumarragako (Gipuzkoa) pediatrengana joanez ibili den hemezortzi urteetan euskaraz artatua izateko izandako zailtasunen berri eman zuen orduan aita batek.

Osasun sistemak egiturazko gabeziak dituela gaineratu du Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko abiarazitako tresnak desegokiak direla gaineratu du. Euskalduntzeko plana «aurreikuspenik gabekoa» dela uste du. Ordea, tresna egokiak ez izateak eskubideen betearazpena baldintzatu behar ez lukeela azaldu du. «Gure eskubideak bermatzeko tresnak egokiak ez izateak ez du esan nahi gure eskubideak urratzen ez direnik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.