Hizkuntza gutxituak zubigile

Globalizazio garaian hizkuntza gutxituak suspertzeko gakoak izan dituzte hizpide EHUko Udako Ikastaroetan. Paradigmak berriz pentsatu beharraz jardun dira adituak

Xan Aire hizkuntza gutxituei buruzko hitzaldia ematen, EHUko Udako Ikastaroan. GORKA RUBIO / FOKU.
Sara Iriarte Lasa
Donostia
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hizkuntza gutxituen arteko zubiak eraikitzeko, bizipenak kontatu eta galderak egin zituzten Donostiako Miramar jauregian (Gipuzkoa) atzo. Besteak beste, galdera hauei erantzuten saiatu ziren: nola iraun dezakete hizkuntza gutxituek globalizazioaren testuinguruan? Zergatik iraun behar dute hizkuntza horiek? Gizakiak zertarako behar ditu? Hizkuntza gutxituak suspertzeko gakoetan jarri zuten begirada Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako udako ikastaroan. Gaur emango diote amaiera jardunaldiari.

«Rifetik nator. Ez dakit badakizuen non dagoen. Ez dakit nire hizkuntza, tarifita, ezagutzen duzuen. Istorio batzuk kontatzera etorri naiz». Asya Zaizaui itzultzaile eta soziolinguistak horrela hasi zuen bere hitzaldia. Doktorego tesia egiten ari da Huhezin, Jon Sarasua irakaslearen zuzendaritzapean. Hain zuzen, Rif eskualdeko (Maroko) tarifit hizkuntza gutxituaren egungo diagnostikoa egiten ari da. Zehazki, hizkuntza hegemonikoek jokatzen duten rolaren inguruan hitz egin zuen Zaizauik: «Globalizazioaren testuinguruan, ezabatu egiten dute hizkuntza gutxituetako hiztunen nortasuna. Modan dagoen hori besarkatu eta zer garen ahazteko joera daukagu».

Hizkuntza gutxituen aferaren harira, galdera hau egin zuen: ba al du zentzurik hizkuntza gutxituen biziberritzearen alde lan egiteak premia «oinarrizkoagoak» baldin badaude? Zaizauik baiezkoa eman zuen. «Giza premien teoriaren arabera, premiarik oinarrizkoenak ez dira behar fisiologikoak bakarrik». Behar ez-fisiko horiek «identitatea, segurtasuna, askatasuna eta errekonozimendua» ematen dituzte. Horrela, «bizitza aitortzen da».

Xan Aire euskal filologo eta kazetariak aldarrikatu zuen hizkuntza baten inguruan komunitate bat bizi dela: «Hizkuntzek beren inguruan sortutako komunitateei eusten diete, eta horiek biziarazi, sustraitu eta lorarazi».

Baina hizkuntza gutxitu horiek eta dagozkien komunitateak noiz dira aipagai? Aireren arabera,prentsan beti «defentsiban» agertzen dira. Beraz, inguruko gizarteak horrela ezagutzen ditu hizkuntza gutxituak. Hori horrela, «grabitate zentroa berrikusi» beharko litzatekeela azaldu zuen; izan ere, hizkuntza horiek beti «defentsiban» agertzen badira jendaurrean, «grabitate zentroa hizkuntza nagusituek» lortzen dute.

Aireren ustez, inguruko jendea berriro posizionatu behar da hizkuntza gutxituen etorkizunari begira.«Inguruari beste kontratu soziolinguistiko bat» proposatu behar zaio, horiek bestelako jarrera har dezaten. Horretarako, inguruko erdaldunei agerian utzi behar zaizkie euskal komunitatearen parte izateko «heldulekuak». Horrekin batera, mediazioaren ideia azaldu zuen: «Bidea elkarrekin zaindu behar dugu, izan erdaldun, izan hizkuntzaren ikasle edo izan hizkuntza gutxituetako hiztun».

Hizkuntzak eta gazteak

Jone Miren Hernandez gizarte antropologiako irakasleak nabarmendu zuenez, gazteak ez dira etorkizuna, orainaldia baizik. Hori horrela izanik, «gazteak orainaldia aztertzeko interesgarriak» direla ondorioztatu zuen. Orainaldi hori aztertzeko bidean, helduen artean kezka sortu eta zabaldu dela ikusi du: «Gazteak arazo bihurtu dira euskararentzat, eta orokorrean, hizkuntza gutxituentzat». Hala ere, haren aburuz, ideia hori icebergaren tontorra besterik ez da. Izan ere, irizten dio helduak «oztopo» direla gazteek euskara erabiltzeko dituzten aukeretan: «Ikerketa bat egiten ari ginela, nerabe batzuei eskatu genien herriko mapan identifikatzeko euskararekin, gaztelaniarekin eta bi hizkuntzekin lotzen zituzten tokiak. Epizentro gisa gozoki denda zuten, eta gaztelaniarekin lotzen zuten».

Baina, zer arazo daude kezka horren azpian? Zer-nolakoa da urak ezkutatzen duen icebergaren zatia? Hernandezek puntu batzuk aipatu zituen. Lehenengoak lotura du belaunaldien arteko transmisioarekin. Ikertutakoaren arabera, familiaren mitoa erori egin da: «Familia kontsumismoaren gune nagusietako bat bihurtu da. Hor Youtube eta smartphoneak dira protagonista».

Bestalde, Hernandezek esan du biziberritze prozesua «birpentsatu» egin behar dela. «Gizarteari asko gustatzen zaio iraganera eta etorkizunera begiratzea. Orainaldia aztertzea, aldiz, asko kostatzen zaio». Horrekin batera, euskararen egoeraren diagnostikoa ere egin zuen: «Ez diogu begiratu nahi orainaldiari. Biribilgune batean gaude bueltaka, eta ezleku asko sortu ditugu euskararentzat».

Azkenik «hiztunaren prekaritatea» eta «justizia soziolinguistikoa» aipatu zituen. «Bizitza prekarizatua dago, eta, horrekin batera, hiztunak prekarioagoak dira». Haren arabera, ahaleginak egin behar dira «hiztun periferikoak» euskarara ekartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.