Hizkuntza inklusiboa erabiltzea lagungarria da genero ezberdintasunak ez areagotzeko

Hizkuntza inklusiboa erabiltzeak herritarren jokabidean nola eragiten duen aztertu dute, Emakunderen babesarekin. Ikerketak baliogabetu egin ditu hura ez erabiltzeko argudioak.

De Pedis, Elgarresta eta Vela ikerketaren ondorioen berri ematen, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
De Pedis, Elgarresta eta Vela ikerketaren ondorioen berri ematen, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2025eko uztailaren 7a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zer eragin du hizkuntzak mundua ikusteko moduan?». Galdera horri erantzutea izan dute helburu Laura Vela, Marina Ortega eta Marta de Pedis ikerlariek. Emakunderen laguntzarekin, ikerlan bat egin dute ikusteko hizkuntza inklusiboa erabiltzeak nola eragiten duen herritarren jokabidean, eta zera ondorioztatu dute: hizkuntza inklusiboa erabiltzeak lagundu egiten du genero ezberdintasunak ez areagotzen. Are, hizkuntza inklusiboa erabiltzearen kontrako argudio ugari baliogabetu dituzte ikerketaren bidez: hizkuntzaren ekonomiarena, anbiguotasun faltsuarena eta genero gramatikalaren eta sozialaren arteko nahasketa, hain zuzen. 

Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketa aurkeztu dute gaur, Emakunderen Gasteizko egoitzan. EHUko ikertzaileak dira Vela eta Ortega, Hitt Hizkuntzalaritza Teorikorako Taldeko kideak; De Pedis, berriz, NUPeko ordezko irakaslea da gaur egun. «Gai horretan euskaraz eta gaztelaniaz dagoen hutsune enpiriko eta teorikoa bete nahi izan dugu», zehaztu du Velak, ikerketaren nondik norakoak azaltzean.

Izan ere, adierazi du hizkuntzaren eta genero ezberdintasunen arteko harremanak aztergai izan dituzten ikerketa gehienetan ingelesa eta alemana dituztela oinarri. Halaber, euskarari buruzko helburu jakin bat ere planteatu du, genero markarik gabeko hizkuntza izaki, uste orokortua baita euskaraz ez dagoela hizkuntzaren erabilera sexistarik. «Baina hori ez da guztiz egia», ondorioztatu dute.

Azterlana gauzatzeko, hiru ikerketa esperimental egin dituzte. Bat euskaraz, EHUko ikasleekin, eta bi gazteleraz, 18 eta 75 urte arteko herritarrekin. Gaztelaniari dagokionez, Velak adierazi du hizkuntza inklusiboa erabiltzeak «apaldu egiten duela munduaren begirada maskulinoa». Euskarari dagokionez, berriz, ondorioztatu dute genero markarik gabeko testuak interpretatzeko orduan joera handiagoa dagoela gizonak hautatzeko, emakumeak baino. 

Edonola ere, ikerlariek adierazi dute «ohiko erresistentziak» antzeman dituztela, hainbatek argudiatu baitute hizkuntza inklusiboa erabiltzea zaila dela edo hizkuntza baino larriagoak diren beste arazo batzuk daudela. Euskarari dagokionez, hala ere, gehienek adierazi dute egokitzat joko luketela emakumeak esplizituki aipatzen dituen hizkuntza inklusiboko estrategiak abian jartzea, halakoen berririk ez badute ere.

Horiek horrela, hiru ondori nagusi nabarmendu dituzte. Bat: hizkuntza inklusiboa erabiltzeak alborapen inklusibo bat eragotzi dezakeela testuinguru batzuetan. Bi: hizkuntzak ez ezik beste faktore batzuek ere eragina daukatela pertsona baten generoa irudikatzeko orduan. Eta hiru: ikerketa zientifikoek ez dituztela babesten hizkuntza inklusiboa erabiltzearen aurkako argudio batzuk.

Ikerketa lanak, beharrezkoak

«Azterketa honek aukera ematen digu hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko, baita hizkuntza inklusiboa erabiltzeak gure portaeretan nola eragiten duen hausnartzeko ere, eta ikusten dugu gizartearen ikuspegi berdinzaleagoa izaten laguntzen digula, edo, gutxienez, lehendik dauden genero ezberdintasunak ez areagotzen», azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko hiru ikerketa lan finantzatzen ditu Emakundek urtero. Ikerketa horiek egiteak duen garrantzia azpimarratu du Elgarrestak. Hori bera nabarmendu du Velak ere, eta adierazi ikerketa alorrean «lan handia» dagoela egiteko, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Halaber, ikerketa esperimentalean sakontzeko beharra ere gogorarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.