Hizkuntza ohiturak «mugitzera» doaz

Zenbait pertsona ezagunek ere bat egin dute Euskaraldiarekin. Hastear da ariketa, eta datozen egunotarako buruan dituzten erronkak mahai gainean jarri nahi izan dituzte horietako batzuek.

Euskaraldiko hamaikakoaren kideak, azaroan, Bilbon, aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Euskaraldiko hamaikakoaren kideak, azaroan, Bilbon, aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 14a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hemen da Euskaraldia: bihar hasiko da hizkuntza ohiturak aldatzeko asmoz egiten den gizarte esperimentu masiboa, Euskal Herri osoan. Ekitaldi asko daude antolatuta biharko; guztietan irakurriko da testu bateratu bat, 19:00etan, eta egitasmoaren ikur den txapa batera jarriko dute paparrean ekitaldietan parte hartzen ari diren guztiek. Hizkuntza komunitate gisara, oro har, aurreko aldietan izan den moduan, erronka handia izango da egitasmoa, eta hiztun askoren atxikimendua beharko du. Ondo dakite Euskaraldiaren antolatzaileek egitasmoarekin bat egiten duten erreferente ezagunak izateak zer garrantzi duen bide horretan eta, horregatik, pertsona ospetsuen hamaikako bat biltzen dute egitasmoaren inguruan. Ariketarekin bat egin eta haren «enbaxadore eta konplize» izateko konpromisoa hartzen dute guztiek.

Horra nortzuk diren Euskaraldi honetan talde horretako kide: Eneko Atxa Azurmendi sukaldaria, Oihana Azkorbebeitia Urizar mendi lasterkaria, Aitor Bengoetxea Zabalza musikaria eta breakdance dantzaria, Lutxo Egia del Rio idazlea, Eneko Garcia Jaurena Albina Stardust trabestia, Ana Goitia Erkiaga aurkezlea eta umorista, Itziar Ituño Martinez aktorea, Roberto Moso Gil komunikatzailea, Zibel Untsain Damestoi dantzaria, Esti Urresola Solaguren zinemagilea eta Mikel Urrutikoetxea Azkueta pilotaria. Egitasmoarekin bat egiteko konpromisoak hartu dituzte guztiek, eta lagundu dute sarea trinkotzen; esaterako, bakoitzak beste 11 laguni egin dio Euskaraldian parte hartzeko gonbidapena.

Elkar mugituz egingo dugu leloan jaso nahi izan dute aurten antolatzaileek Euskaraldiaren muina. Izan ere, ekinbidearen bidez, hiztunen ohiturak «mugitu» nahi izaten dituzte, usu gaztelaniara eramaten dituen inertzien aurka, eta euskararen aldekoak bilakatu. Esperimentuaren atari-atarian, lelo horren inguruan zer «mugimendu» egiteko asmoa duten azaldu dute hamaikakoaren zenbait kidek, eta erronkarako nola prestatzen ari diren.

ZIBEL DAMESTOI UNTSAIN.

«Desafio nagusia izanen da lantokian etengabe euskaraz hitz egitea»

Zibel Damestoi. GUILLAUME FAUVEAU
Zibel Damestoi. GUILLAUME FAUVEAU

Dantzaria da Zibel Damestoi Untsain, lapurtarra, Baionan 1998. urtean sortua. «Euskaldun berria naiz». Ama eta amaren etxekoak euskaldunak izan arren, ez zioten etxean transmititu hizkuntza, eta nerabezaroan erabaki zuen euskara ikasten hastea. Ondo gogoan du nola izan zen. Osaba euskaldun berri bat izan zen akuilua; euskaldun osoa zen hura ordurako, AEK-ko irakaslea. Familia bazkari batean, erronka bota zion iloba gazteari: «Urte baten buruan, euskaraz jakin behar duzu». Damestoi euskaraz bizi da egun, hein handi batean. Ahobizi izango da Euskaraldian, eta euskaraz bizitzeko erronka horretan aurrerabideak egitea da haren asmoa.

Batetik, ingurukoengan eragin nahi du, ez dakitenak euskara ikastera bultzatu nahi ditu, eta mundu bat aurkeztu egin nahi die: «Euskararen egoera aipatuko dut nire inguruan». Bestetik, hizkuntza ohiturei erreparatzen ere ahaleginduko da. Bilaka kolektiboko dantzaria da Damestoi. Oro har, euskaraz ehuntzen dituzte beren arteko harremanak, euskaldunak baitira denak. Baina euskararik ez dakien «kanpotarren bat» ingurura agertzen zaien aldiro erdararako aldaketa azkar egiten dutela onartu du: «Frantsesera lerratzen gara». Hor eragin nahi du, bereziki, Euskaraldian. «Igual badira beste manera batzuk komunikatzeko». Buruan du, esaterako, itzulpena hautu egoki bat izan daitekeela.

Helburuak argi ditu, beraz: «Desafio nagusia izanen da lantokian etengabe euskaraz hitz egitea eta euskara bultzatzea». Taldean aurrez gaiaren gaineko kezka usu izan dute hizpide, eta uste du Euskaraldiak oraindik ere irmoago eragiteko modua emango diela. «Izanen da elkarrekin aitzinatzea, eta elkarrekin desafio hori lortzea».  

LUTXO EGIA DEL RIO

«'Ahobizi' izango naiz; eguneroko praktiken egokitzea izango da»

Lutxo Egia. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Lutxo Egia. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Euskaraldiaren hastapenez jardutean, usu aipatzen da Lutxo Egia del Rio (Santander, Espainia, 1969). Izan ere, haurra zenetik Bilbon hazitako idazle eta kulturgile honek 2015ean egindako  Bi-lingual: Transitoak egindako «arte performanceak» Euskaraldia irudikatzen lagundu zuen. Bilbon gaztelaniarik erabili gabe bizitzen saiatu zen hilabete batez. Euskaraldian parte hartuko du aurten: «Ahobizi izango naiz».

Euskaraldiak bere eguneroko martxan eragina izatea nahi du Egiak. «Eguneroko praktiken egokitzea izango da», aurreratu du. «Behartu» egin nahi ditu zenbait hizkuntza ohitura, ezagutzen ez dituen pertsonekin, bereziki. «Urrun joan gabe, batez ere lantokian —Bira kulturgunean ari da, Bilbon— jardun nahi dut ahobizi gisa, besteak beste ezagutzen ez ditudan horiekin. Eremu on-egokia da halako ariketa bat egiteko, era askotako interakzio ugari gertatzen baitira egunero». Ez dute aparteko prestakuntzarik egingo, baina gaiari buruz aurrez gutxieneko lanketa bat egin beharko dutela onartu du. «Gure espazioan, kasurako, ziurtatu beharko dugu egoki jokatuko dugula, tabernan bereziki».

Maite du Euskaraldia. «Nik arte-performance egin nuen hiztunaren gainean hausnartzeko asmoz», ekarri du gogora. «Baina Euskaraldia beste batzuek irudikatu eta martxan jarri zuten. Eta izugarria izan zen. Milaka hiztun jolas sozial batean murgildurik eta ondorioak konpartitzen». Eta uste du ariketaren oinarriak oso ondo jarri zirela: ariketaren «prestatzea, aritzea, gogoetatzea» bikain bideratu zirela Euskaraldia lehenengo aldiz egin zenean, 2018. urtean. «Ordutik hona, irudipena dut makalago aritzen garela lehen eta hirugarren faseetan, baina hori ere bada normala. Halako proposamenak beti instituzionalizatzen dira, hitzaren zentzu zabalean, eta zerbait galtzen da bidean».

Hala ere, uste du aintzakotzat hartu beharreko egitasmoa dela, eta erronkan murgiltzeko gogotsu dago:  «nagiak uxatu eta gozatzen» hasi nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.