Prozesu linguistikoei ez ezik, gizarte antolaketan eragina duten gainerako aldagaiei ere —ekonomikoak, demografikoak, lurralde antolaketarekin lotutakoak...— gero eta arreta handiagoz erreparatzen diete ikerketa soziolinguistikoak egiten dituzten adituek. Bide horretan, euskaraz jarduteko abaguneei ere gero eta garrantzi handiagoa ematen diete; izan ere, hizkuntza gutxituan jarduteko aukera egokiak sortzen ez badira, hizkuntza hegemonikoak gailentzen dira gehienetan. Portaera horien atzean dauden korapiloak ulertzeko ahaleginetan ari dira soziolinguistak gero eta begirada zabalagoarekin, beste hainbat alorretako adituei eskua emanda askotan. Modu horretan egin dute, esaterako, Hirigintzaren eragina euskararen kale erabileran azterlana: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko Botoi taldearen eta Soziolinguistika Klusterraren arteko lankidetzaren emaitza da. Lana zer hipotesiren inguruan ardaztu duten azaldu du Botoi taldeko ikertzaile Koldo Telleria Anduezak: «Jendea zaintzen duen hiri batek euskara ere zainduko du. Hirigintza zaintzaile batek hizkuntza gutxituak ere zaintzen ditu». Bost udalerritan egin dute ikerlana, eta bostetan atzeman dituzte hori baieztatzeko zantzuak.
«Gertuko harremanak bultzatzen dituen hirigintza ereduak eragin positiboa du euskararen egoeran», azaldu du klusterreko ikertzaile Olatz Altunak. Ikertu dituzten udalerrietako auzoetan, plazetan eta kaleetan ikusi dute hori. Udalerri ertainak dira hautatu zituzten bostak. Gipuzkoakoak dira hiru: Zarautz, Tolosa eta Hernani. Bizkaikoak beste bi: Zornotza eta Gernika-Lumo. Euskararen ezagutza oso apaleko udalerririk ere ez zuten aukeratu. Izan ere, ikerketak abiaburu duen hipotesiak ez du balio eremu guztietarako. Klusterreko ikertzaile Miren Otxotorena Arangurenek egin du zehaztapena: «Testuinguru soziolinguistiko jakin batzuetan gertatzen da. Herri oso erdaldun batean hirigintza zaintzailea egiten baduzu ere, ez da jendea derrepentean euskaraz hasiko». Alegia, ongarritutako lurraren uzta hobetzen laguntzen du. «Hirigintza zaintzaile batek tokiko egoera soziolinguistikoa elikatzen du», azaldu du Telleriak. «Hizkuntzak duen potentzialtasunari hauspoa ematen dio», zehaztu du Altunak.
GERNIKA-LUMOKO OSASUN ZENTROA
«Herritar profil guztien erabilera barne hartzen duen establezimendu mota bakarra egoteak eragin handia du herritarren fluxua handitu eta heterogeneizatzean», gogora ekarri dute ikertzaileek. Horixe gertatzen da, esaterako, Gernikako osasun zentroaren inguruetan: «Horrek auzoko hizkuntza gutxituaren erabilera apaltzen du aztertutako herrietan».
Hirigintza zaintzailea kontzeptua ikerketaren muinetako bat da. Zer den ondo ulertu behar da. Telleria: «Bizitzan zehar dauzkagun beharrak asetzeko bide eta erraztasunak ematen dizkigun hirigintza bat da; ez da dirua lortzeko bakarrik antolatuta dagoen hirigintza mota». Egiteko beste modu bat eskatzen du hirigintza eredu horrek, egitasmo «handiek» sarri sortzen duten liluraz bestelakoa. «Horien ordez zainduko bagenitu etxe ondoan ditugun bi eserlekuak, iturri horrek funtzionatuko balu, zuhaitz horrek itzala emango balu, edota auzo horretako adineko pertsonak kalera ateratzeko aukera izango balu... Eremu txiki horiek gehiago zainduko bagenitu, eremu publiko dena sare moduan ikusiko bagenu, horrek zainduko luke benetan bizitza, eta euskara, bide batez», nabarmendu du Telleriak. «Izan ere, hirigintza ez-zaintzaile batek berekin dakar gizartea banatzea, segregatzea eta kalean ez topatzea».
«Hirigintza ez-zaintzaile batek berekin dakar gizartea banatzea, segregatzea eta kalean ez topatzea»
KOLDO TELLERIA ANDUEZA Botoi taldeko ikertzailea
2023an abiatu zuten ikerketaren inguruko lankidetza egitasmoa bi ikerketa taldeek. Hein handi batean, Soziolinguistika Klusterraren ikerketa nagusietako batean oinarrituta egin dute jardunbidea: izan ere, Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren datuak izan dira lehengaietako bat. Bost urtean behin egiten duten azterlana da, euskararen erabilera neurtzeko egun dauden tresnarik ahaltsuenetariko bat. Behaketa bidezko neurketa metodoa Siadeco ikerketa taldeak sortu zuen, 1983. urtean, eta eboluzio handia izan du ordutik. Azken neurketa 2021ean egin zuten —aurten berriro egingo dute, udazkenean—, eta datu horien gaineko azterketa xeheago bat egin nahi izatea izan zen orain argitara eman duten ikerlanaren abiaburua. «Izan ere, datuen irakurketan ikusi genuen ez geniola sekula erreparatu eremu publikoak, kaleak, izan duen aldaketari», gogora ekarri du Altunak. Hor sakontzeko asmoz jarri ziren harremanetan Botoi taldearekin; gaiaren gaineko lehen hurbilketa bat egin zuten, eta metodologia bat lantzen hasi ziren.
Aurrera egiteko giltzarrietako bat izan zen 2021eko kaleko neurketako berritasunetako bat: izan ere, ordutik «geolokalizatuta» jasotzen dituzte datuak neurketa egiten duten behatzaileek. Datuak lehen baino askoz ere xeheagoak eta zehatzagoak direla esan nahi du horrek. Orain badakite, adibidez, erregistratutako elkarrizketak zehazki «non» izan diren: «Parke batean izan den, inguruan zer dagoen...». Era berean, hiztunen ezaugarri batzuk ere jasotzen dituzte behaketa bidez. «Erregistratzen da adin multzoa, generoaz egiten den irakurketa, eta elkarrizketa gertatu den tokian haurrak dauden edo ez», esplikatu du Altunak. Horrek neurketen bidez lortzen den informazioa oparoagoa egin du, eta datu horien interpretazio berriak egiteko ateak ireki ditu.

GORKA RUBIO / FOKU
Tolosako plaza berria
Kaleko neurketetan ondorioztatu da haurrek euskara gehiago erabiltzen dutela beste adin tarteetakoek baino. Ikerketa honetan, gainera, ikusi da ezen haurren presentzia ez ezik haurren eremuetatik gertu helduen behar sozioekonomikoak asetzen dituzten establezimenduak badaude are gehiago igotzen dela euskararen erabilera. Tolosan, Plaza Berria horren erakusgarri da. «Haurren eta helduen arteko sozializazioa eta zaintza gurutzatzen direnean, euskararen erabilera igo egiten da herri hauetan», gogora ekarri dute ikertzaileek.
Bost udalerri: berrogei auzo
Ikerketarako unitate gisara «auzoak» hartu dituzte. «Hori da berritasunetako bat», azaldu du Telleriak. «Beraz, bost udalerri bainoago berrogei auzo izan dira gure ikerketarako materiala», zehaztu du Altunak. Bizipenetan oinarritutako auzoak dira, gainera, ikertzaileek herritarrekin batera egindako parte-hartze prozesuetan zehaztutakoak: «Auzo sozialak dira, ez distrituak», azaldu du Telleriak. Alegia, bizilagunen «harreman ohiturak» kontuan hartuta zehaztu dituzte. Halaber, herritarrek «marraztu» dizkiete auzoak, beren esperientziak oinarri hartuta. «Haiek esan digute zein diren plaza garrantzitsuenak, zein ibilbideak...». Eta hori guztia gogoan hartuta egin dute ikerketa.
«Egoera soziolinguistikoaren potentzialtasunaren eta kaleko erabileraren arteko aldea gero eta txikiagoa da gertuko harremanak sustatzen badira»
OLATZ ALTUNA Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea
Auzoka, eremu bakoitzeko egoera soziolinguistikoa neurtu dute biztanleen gaitasuna neurtzeko, eta, datu horiek erabilera datuekin lotzean, hor agertu dira ikerketako ondorioak mamituz joateko gakoak, aurrez espero zuten norabidean: «Egoera soziolinguistikoaren potentzialtasunaren eta kaleko erabileraren arteko aldea gero txikiagoa da gertuko harremanak sustatzen badira», azaldu du Altunak. Gertuko harremanak izateko aukera hori landu eta sustatu egin behar da, beraz, hirigintzaren arloan erabakiak hartzen direnean. «Esate baterako, auto pila bat badago, ez badago inon esertzeko tokirik, agur esango diogu elkarri, baina ez gara hizketan geratuko», esplikatu du Telleriak.
Ekipamenduak
Zenbait hiri ekipamenduren inguruko kale eta plazetan propio euskara gehiago entzuten dela ere atzeman dute aztertu dituzten bost herrietan. «Ikusi dugu euskara gehiago entzuten dela kirol ekipamendu eta hezkuntza ekipamenduen inguruan. Beste aldean, erdararen erabilera areagotzen da osasun zerbitzuekin eta administrazioarekin lotutako ekipamenduen inguruetan», zehaztu du Altunak. «Auzo guztietako jendea» joaten da azken toki horietara: hori da azalpenetako bat. «Izan ere, gertutasunak estres linguistikoa murrizten du; aldiz, jende gehiago dagoenean, egokitze linguistiko bat gertatzen da». Otxotorenak beste adibide bat jarri du mezu hori indartzeko: «Dendek, establezimenduek, izaera gertukoagoa daukatenean, horietan euskara gehiago entzuten da».
«Dendek izaera gertukoagoa daukatenean, horietan euskara gehiago entzuten da»
MIREN OTXOTORENA Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea
Beste ondorio argi bat da haurrak inguruan dabiltzan kale eremuetan maizago entzuten dela euskara: parkeetan, eskola atarietan... Horien inguruan «sozializatzeko» establezimenduak egoteak ere bultzatzen du sarri euskararen erabilera. Eta herrien erdiguneetan dena ardazteak arriskuak ditu. Telleria: «Errealitate polizentrikoago batzuk bagenitu hirietan, beharbada euskarari horrek lagunduko lioke». Erabaki horiek hartzean lurralde antolaketari ere erreparatuta, eta udalerrien arteko harremanak ere zer-nolakoak diren kontuan hartuta, oraindik ere ikerketa osoagoak egin daitezkeela erantsi du. «Gu ez gara oraindik horretara iritsi, baina egin beharreko lana izango litzateke».
«Abiatu besterik egin ez den» ikerketa lerro baten lehen pausoak direla esan dute. Era «kategorikoan» ez dute solastatu nahi ondorioez, baina arloan ikerketak egiten jarraitzeak ate berri asko zabal ditzake. Gero emankorragoak, gainera. Atzera begira, geolokalizazioak emandako daturik ez da 2021 baino lehenagoko kaleko neurketetan; horregatik, «estimazioetan» oinarritu behar izan dituzte lehen ikerlan honetan hainbat alderaketa. Aurrera begira, ordea, egin ahal izango diren alderaketak doiagoak izango dira, eta aurrerabideak bizkortuko dira.