Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak urrian edo martxoan izango diren zehaztu gabe dagoen arren, boz horietan lehiatuko diren alderdiak kanpainaurrean daude nabarmen. Kontseilua ere jabetu da horretaz, eta alderdiei dei egin die hauteskunde kanpainan, programetan eta beraien asmoetan euskarari «dagokion lekua» emateko. «Egunotan ohartzen ari gara hauteskunde kanpainan beste esparru batzuek hartuko dutela lehentasuna», esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.
Baina Kontseiluak ez dauka dudarik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hizkuntza politika «irauli» egin behar da, eta horixe egiteko eskatu die alderdiei. Azken egunotan argitaratu den inkesta soziolinguistikoaren datuak ikusita, «neurri eraginkorrak» beharrezkotzat jotzen ditu: «Normalizazio prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu gure hizkuntza berreskuratuko badugu eta gure herrian euskaraz bizi ahal izatea errealitate bihurtzeko». Horretarako, beren hauteskunde programetan «hizkuntza politika eragingarriak» jasotzeko eskatu die Bilbaok alderdiei.
Izan ere, datu kezkagarriak utzi ditu V. Inkesta soziolinguistikoak. Azken bi hamarkadetan elebidunen kopuruak bost puntu gora egin duen arren —herritarren %27 dira elebidunak—, euskararen erabilerak behera egin duela erakutsi dute hango datuek. Beste hainbat datu aipagarri ere utzi ditu inkestak. Adibidez, herritarren %16,1ek baino ez dutela erabiltzen euskara erdara baino gehiago.
Datu horiek eskuan, alderdiek kanpainan euskarari «dagokion toki» hori eman diezaioten aitzakiarik ez izateko proposamenez betetako txostena eman die. Normalizazio prozesua bizkortzeko txosten horretan jaso dituzten gutxienekoak azaldu ditu Bilbaok: «Kanpo esku hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidea eta gure hizkuntzak beharko lukeen estatus egokia —berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa—».
Alderdiei emandako txostenean, orain arte jarraitutako hizkuntza politikek izandako hutsuneak bildu ditu Kontseiluak, eta gero, hutsune horietatik abiatuta, hizkuntza politikak izan beharreko helburuak biltzen ditu. Honako hauek izan behar dute helburu horiek, Kontseiluaren irudiko: «Ezagutzaren unibertsalizazioa, euskararentzako espazio sozialak, euskararen aldeko motibazioa, zabalkunde soziala eta hizkuntza eskubideak». Horretaz gain, arloz arlo jarraitu beharreko neurrien proposamenak ere eman dizkie alderdiei, adibidez, helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari dagokionez, administrazioari dagokionez eta hezkuntzan.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hauteskunde kanpaina guztietan aztertzen du alderdiek euskarari egindako tartea eta gaiaren inguruan egindako proposamenak aztertzen ditu. Aurten, programak ezagutu eta kanpaina ofizialki abiatu aurretik egin dizkie eskaerak eta ohartarazpenak. Horrek badu arrazoi bat, Bilbaoren esanetan: «Orain badute aukera herritarrei hauteskunde kanpainan aurkeztuko dizkieten programan egokiago izateko».
«Hizkuntza politika eraginkorra» eskatu die Kontseiluak alderdiei
Normalizazio prozesuaren erritmoa azkartzea ezinbestekotzat jotzen du Euskararen Gizarte Erakundeen KontseiluakAlderdiei eskatu die hauteskundeetan euskarari «dagokion tokia» emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu