Eneko Barberena: «Hizkuntza politikak eragina du langileen asebetetzean»

Txillardegi-Hausnartu sarietan lehen postua lortu du Barberenak. Enpresa multinazionalen hizkuntza hautuei buruzko lan bat saritu diote.

(ID_13478062) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-01-08, Arrasate. Eneko Barberenak Txillardegi-Hausnartu soziolinguistia saria irabazi du
Jaizki Fontaneda / Foku
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun

Emun aholkularitzan du lanbidea Eneko Barberenak (Arrasate, Gipuzkoa, 1983), eta euskara planak-eta egiten laguntzen die enpresei. Iruditeriak antzaldatzea kosta egiten da sarri, baina egungo enpresen errealitateak zerikusi urria du iraganean aski zuztartuta egon diren hainbat irudirekin: «Oso urrun gaude jabea fabrika ondoan bizi zeneko XIX. mendeko irudi horretatik. Egun, asko mundu mailako taldeak dira; gero eta talde handiagoak izaten dira, gainera». Gaiarekin interesatuta, EHUn Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean masterra osatzeko amaierako lanean, Karmelo Aiestak zuzenduta, nazioarteko enpresa handiek hizkuntzen trataerara begira zer irtenbide lantzen dituzten aztertzen hasi zen. Txillardegi-Hausnartu sarietan lehen saria irabazi du lanarekin.

Nazioartekotzea fenomeno orokortua da enpresa askotan. Nola konpontzen dute, oro har, hizkuntzen trataeraren auzia?

Gehienek, ahal duten eran, kudeaketa erabaki txiki asko hartuz eta, maiz, guztiak politika dokumentu argi eta bateratu batean jaso gabe. Bada hizkuntza bakar bat inposatzen duenik enpresa osorako, badira beste batzuk aniztasunari tokia egiten diotenak baina partzialki, axola handiagoa dutenak hizkuntzen gaiekiko, ez-axolatiagoak direnak...

Hizkuntza gutxituei zer toki egin dakieke nazioarteko jardun horretan?

Hizkuntza gutxituak enpresen errealitatearen parte dira askotan, hori onartu nahi edo ez. Izan ere, bai langileen artean eta bai bezeroen artean litekeena da hizkuntza gutxituren baten edo gehiagoren hiztunak egotea. Nire ustez, hizkuntza politika egokia izan dadin enpresa multinazional batean arreta jarri behar zaie hizkuntza gutxituei; esaterako, horri buruz egon daitezkeen araudiak betez. 

Euskal Herrian badira mundura begira ari diren enpresa asko. Euskara planak-eta egitean, zer hizkuntza hautu egiten dituzte?

Ez da gauza bera enpresa horren jatorria Euskal Herrian egotea, edo atzerrian. Oro har, hizkuntza hautu pragmatikoak izan ohi dira, eta ahalegintzen dira bezeroei euren hizkuntzan arreta ematen eta, langileen kasuan, tokian tokiko errealitatea kudeatzen. 

Ikas daiteke nazioartean abian diren hainbat esperientziatatik?

Enpresen hizkuntza politikak eragina duela langileen asebetetzean, horren ondoriozko enpresarekiko atxikimenduan, eta baita, azken ondorio gisa, funtzionamenduan ere. Ikas daiteke, baita ere, hizkuntzak kudeatu behar direla modu ordenatu eta argi batean, eta langile guztiek ezagutu behar dutela zein den joko eremua eta araudia. Horrez gain, testuinguru eleaniztuna onartuta, langile guztiei eman behar zaizkie erraztasunak hizkuntzak ikasteko, ez soilik zuzendaritza postuetan daudenei.

Zenbait eragilek esperantza handia dute adimen artifizialean, hizkuntzen trataerari begira konponbideak ekar ditzakeela iritzita. Baliagarria izan daiteke alor honetan?

Oso adi ibili behar dugu teknologia hauekin, jada eraldatzen ari baitira hizkuntzekiko dugun erlazioa. Hasierako keinua, erabakia, politikak markatu behar du; gero sartzen dira, nire ustez, teknologiak. 

Lingua franca bat erabiltzera egiten dute usu nazioarte mailan ari diren enpresek. Hizkuntza hori hautatzean zer irizpideri jarraitzea komeni da?

Nik aztertu dudanaren arabera, neutraltasun pertzepzioa eta eraginkortasuna dira irizpide nagusiak, eta lingua franca kontzeptuak ezin dio bizkarra eman hizkuntza aniztasunaren aitortzari. Are gehiago, lingua franca baten existentziak berak kontzeptu barruan dakar beste hizkuntza batzuen presentzia. 

«'Lingua franca' kontzeptuak ezin dio bizkarra eman hizkuntza aniztasunaren 
aitortzari»

Makulua beti gaztelania ez izateko bidea ere bada lingua franca bat, ezta?

Gaztelania, nire ustez, ez da hizkuntza global bat, eta ez dauka zentzurik ahalegintzea, adibidez, Asiako herrialdeekin gaztelaniaz hitz egiten. Ez dute ezagutzen; hori ez doa inora. Uste dut morrontza batzuk ditugula gaztelania eta frantsesarekin, eta nazioartean lan egiteko orduan, hizkuntza garrantzitsuak dira, baina zuk ordezkaritza bat Frantzian duzunean, beste bat Alemanian, beste bat Marokon, beste bat Indian, zein da hor frantsesaren edo gaztelaniaren pisua?

Lana aurkezteko egin zenuen hitzaldian, ingelesaren alde egin zenuen zeuk. Zergatik?

Inkesten arabera, ingelesa da Europako herritarren artean neutraltasun pertzepzio handiena duena. Jabe naiz labainkorra dela neutraltasun kontzeptua bera soziolinguistikari aplikatuta, baina hizkuntza jakin bat lingua franca gisa ezartzeko irizpide baliagarria iruditzen zait. Horrez gain, mundu mailan gehien ikasten den ama hizkuntzaz gaindiko bigarren hizkuntza da. Eta zera, ingelesa izango bada, izan dadila plain english aldaera [ingeles argia eta erraza]. Horrela, hiztun anglosaxoien boterea apaltzen da, eta errazten da lingua franca-ko gainontzeko erabiltzaileen jarduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.