Carme Junyent. Hizkuntzalaria

«Hizkuntzek transmisioari esker iraungo dute bizirik»

Hizkuntza gutxituen etorkizuna bermatzeko bide bakarra horiek erabiltzea dela argi dauka Carme Junyent hizkuntzalariak. Haren ustez, hizkuntza politiken bidez ez da lortuko hizkuntzak irautea.

JUANAN RUIZ / ARGAKZI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Hizkuntza aniztasunari buruzko azterketetan, Kataluniako ikertzaile nagusienetako bat da Carme Junyent hizkuntzalaria (Masquefa, Bartzelona, 1955). Bartzelonako Unibertsitateko Mehatxatuta dauden Hizkuntzen Ikerketarako Taldearen sortzailea da. Hizkuntzen iraunkortasunaz mintzatu da EHUko Letretako Fakultatean, Gasteizen, eremu urriko hizkuntzak edo hizkuntza gutxituak hitz egiten dituzten Europako gazteen topaketetan.

Zer da hizkuntzen iraunkortasuna?

Hizkuntzalaritzan erabiltzen den termino bat da, eta ekologiarekin parekotasun handia dauka. Albert Bastardas i Boadak asmatutako kontzeptu horrekin hizkuntzak zaintzeko erabiltzen diren estrategiak biltzen dira.

Zeintzuk dira estrategiahoriek?

Hizkuntza bakoitzaren araberakoak dira. Argi dago hizkuntza batek bizirik iraungo duela baldin eta hura erabiltzen eta transmititzen bada. Hizkuntza politikak garrantzitsuak dira, baina, berez, ez dute balio hizkuntzak salbatzeko. Ez dut hizkuntzarik ezagutzen hizkuntza politikei esker bizirik irautea lortu duenik. Hizkuntza batek iraungo badu, hizlariek erabiltzen dutelako izango da.

Gaur egun munduan dauden hizkuntzetatik %10ek bakarrik iraungo dute XXII. mendera arte.Datu hori eman duzu zure hitzaldian. Etorkizun beltza dute, hortaz, eremu urriko hizkuntzek.

Bai. Kristobal Kolon Ameriketara iritsi zenetik orain arte hizkuntzak erdira murriztu dira. Gainera, azken berrogei urteotan izugarri gehitu dira komunikatzeko eta bidaiatzeko aukerak, eta horrek bizkortu egin ditu hizkuntzen desagertze prozesuak. Izan ere, komunikatzeko eta bidaiatzeko erraztasunaren ondorioz, gero eta jende gehiagok ikasi ditu hizkuntza nagusiak. Elementu horiek aintzat hartuta, aldez aurretik ikus daiteke hizkuntza gehienak desagertuko direla. Gaur egun erabiltzen diren hizkuntzen erdiak baino gehiago jada ez dira transmititzen. Duela 50 urte, gutxienez lau belaunaldi behar ziren hizkuntza bat desager zedin, baina, orain, kasu askotan, hiru belaunaldi baino ez dira behar horretako.

Transmisioa da, beraz, hizkuntzen desagerpena gelditzeko antidotoa.

Bai, ezbairik gabe antidotoa da. Transmisiorik ez badago, ez dago bizirik iraungo duen hizkuntzarik.

Baikor zara euskararen etorkizunaren inguruan?

Badaude euskara berreskuratzen ari dela esateko zantzuak, baina oraindik urratsak egin behar dira. Horietako bat elkarrekikotasuna da, alegia, euskara erabiltzen ez duen gizarte esparrura zabaldu beharko litzatekeela hizkuntza hori. Ezinbestekoa da hizkuntza dominanteak erabiltzen dituztenen laguntza izatea. Hizkuntza politizatzeak kontrako efektua kar dezake, eta hizkuntza bera galtzen irtetea. Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izatea lortu behar da, eta hori, noski, inoren eskuetan baldin badago, gazteen eskuetan dagoela uste dut.

Egungo gazteak jabetzen dira horretaz?

Katalunian, esaterako, gazteak dira arazo, ez baitute katalanez hitz egiten. Hizkuntza ohikotzat jotzen dute, eta, horregatik, ez dute gehiago erabiltzen. Euskal Herriaren kasuan, erronka handiena euskaldunak ez direnek seme-alabei euskara transmititzea da. Eta hori ez da derrigortuta lortuko.

Hizkuntza bat galtzeak zer ondorio ditu?

Besteak beste, identitatea eta ezagutza galtzen dira hizkuntza bat desagertzen denean, hizkuntza bat ingurura moldatzeko tresna delako. Hizkuntz aniztasunari bizkarra ematen badiogu, hizkuntzek bizirik irauteari uko egingo diogu. Beraz, funtsezkoa da hizkuntza oro errespetatzea, ahal dugun guztietan gure hizkuntza erabiltzea, eta hizkuntza nagusien hiztunekin elkarlanean aritzea. Izan ere, hizkuntza bat galtzen bada, mundu osoa izango da galtzaile.

Zeintzuk dira hizkuntza gutxituen erronkak eta arriskuak mundu globalizatuan?

Adibide batekin erantzungo dizut. Bartzelonan ikerketa talde batean lan egiten dut, eta badugu webgune bat katalan hutsean eginda dagoena, baina hori ez da oztopo izan berrogei herrialde baino gehiagotako pertsonaren kontsultak jasotzeko. Gakoa, beraz, ez dago hizkuntzan, kontatzen den horretan baizik. Gezurra da gizarte elebakarrek bizirik irauteko aukera handiagoa dutela eleaniztunek baino. Bunker moduan jokatzen duten gizarteak izan ohi dira ahulenak kanpoko mehatxuak gertatuz gero. Gizarte eleaniztunek, berriz, hobeto eusten diete kanpoko mehatxuei, eta bizirik irautea lortzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.