AUZOLANA
Kolokan izan da zenbaitetan —2010ean eta 2017an, kasurako, euriteengatik—, baina auzolanean atera dute aurrera, urtez urte, EHZ Euskal Herria Zuzenean. Jaialdiaren doinuak Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetara iritsi dira, Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta, Lekorne eta Irisarri aterpe hartuta. Gazte belaunaldi batek biziberritu du azkenaldian.
BELAUNALDI BAT
Ikur izan den belaunaldi baten agurra bizi izan du euskal kulturak bi hamarkadotan. 2003an zendu zen Jorge Oteiza, eta beste izen handi batzuen heriotza ere izan zen albiste ondotik, hala nola Imanol Larzabal (2004), Lourdes Iriondo (2005), Mikel Laboa (2008), Xabier Lete (2010), Nestor Basterretxea (2014), Joxan Artze (2018) eta Jose Luis Zumeta (2020). Jaio dira berriak, ordea, aurrekoen bideak edo beste batzuk urratuz sortzen dihardutenak.
DURANGOKO AZOKA
Aldaketa ugari ezagutu ditu Durangoko Azokak hogei urteotan: Landakoko eraikinera mugitzetik hasi (2003), eta online denda irekitzeraino. Tartean, izen aldaketa, zenbait krisi —2013an Aiert Goenaga zuzendaritzatik at utzi zutenekoa, kasurako—, gune berrien sorrera —tartean, Ahotsenea— eta bestelako berrikuntzak —Argizaiola saria sormen beka bihurtzea, adibidez— bizi izan ditu. Egun, milaka kulturazaleren eta sortzaileren bilgune da oraindik ere.
EUSKADI SARIAK
Hamaika idazle, itzultzaile eta irudigilek jaso dute Euskadi Sarien aitortza urteotan. Izan da urte batean baino gehiagotan aitortza jaso duen idazle eta itzultzailerik, izan da uko egin dionik, izan da hautsak harrotu dituen saririk, eta izan da argazki aldaketarik ere —lehen, gizonak ziren nagusi; orain, ordea, emakume gehiago izaten dira sarituen artean—.
GUGGENHEIM
Bilboko Guggenheim museoak hamar urte bete zituen 2007an, eta, handik urtebetera, museoak berak eta Bizkaiko Foru Aldundiak asmoa azaldu zuten Urdaibain, Sukarrietan zehazki, museo bat eraikitzeko. Eusko Jaurlaritzak, baina, ez zuen aldeko jarrera argirik erakutsi, eta, 2009an PSE-EE Gasteizko gobernura iritsi zenean, argi azaldu zen kontra. Egitasmoa lozorroan egon zen hainbat urtez, 2018an museoaren plan estrategikoan berriro sartu zuten arte. 2020an, Europako funtsak jasotzeko Jaurlaritzak eginiko proiektuen zerrendan ageri zen Guggenheim Gernika, Bilboko Guggenheim museoaren zabalkuntza berdea. Jaurlaritzaren azken plan estrategikoak (Kultura 2028) Urdaibaiko Guggenheimen proiektuaren oinarriak finkatu asmo ditu.
HIRIBURUTZA
2011n hautatu zuten Donostia 2016an Europako kultur hiriburu izateko, eta ordutik bertatik zeresan handia eman zuen izendapenak. Sustatzen zuen kultur ikuspegia kritikatu zuten hainbatek, aldaketa ugari ere izan ziren lantaldean, baina baita herritar ugari bildu zituzten egitasmoak ere, hala nola Olatu Talka jaialdia. Maria Kristina zubian egindako ekitaldi polemiko batek ireki zuen hiriburutza urtea, eta askotariko hamaika ekitaldi izan ziren hurrengo hilabeteetan. Zenbait egitasmok jarraipena izan dute hurrengo urteetan.
ITZULERAK
Talde eta bakarlari ugarik jauzi egin dute musikara azken bi hamarkadetan, eta izan dira deseginda denbora eman ondoren oholtzetara itzultzea erabaki dutenak ere. Batzuek disko berriak argitaratu dituzte —Kashbad (Arrakala, 2014), Delirium Tremens (Hordago, 2022), Ama Say (Ren Fan, 2010; Ero Bomb, 2022), Lorelei (Ekografiak, 2022)...—, eta beste batzuek agertokira mugatu dute itzulera (Hertzainak, Jotakie, Lin Ton Taun...).
JOANDAKOAK
2015eko azaroaren 22an Bilboko Arriaga antzokian emandako kontzertu batekin esan zuen agur betirako Oskorri taldeak, azken mende erdiko euskal musikan lorratz nabarmena utzita. Urte gutxiago egin ditu euskal musika eszenan Berri Txarrak-ek —1994an sortu zuten—, baina haren lanaren oihartzuna ere oso handia izan da, 2019ko agur bira luze eta izugarri arrakastatsuak erakutsi zuenez. Oso bestelakoa, samin handia eragin zuena, izan zen beste agur bat, Iñigo Muguruzarena. Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi eta Lurra taldeetan ibili ondoren, Hiru Leike zuen bere azken proiektua. 2019ko irailaren 5ean zendu zen.
KARTELAK
Nazioartean aurretik ere egiten ziren musika jaialdi handiak, baina Euskal Herrian azkeneko hogei urteetan errotu dira batik bat. 2002an sortu zuten Azkena Rock, rock-and-rollaren aldaera ezberdinetako proposamenak jasotzeko asmoz, eta lau urte geroago iritsi zen BBK Live, joera estilistiko zabalago batekin. Miarritzen ere antolatu zuten Big Festival 2008tik 2016ra, nazioarteko artistek osatutako kartel hasieran arrakastatsuekin. Kasu guztietan, jaialdiek laguntza instituzional handia izan dute, eta turismoa bultzatzeko estrategiaren barruan kokatu izan dituzte.
LETRAK
Durangoko Azokak hartzen du urtero zentralitatea euskal letren esparruan, baina euskara oinarri eta hizkuntza bakar duten hainbat egitasmo sortu dira hogei urteotan. Aipagarriena, ziur asko, Literaturia: euskara, letrak, sortzaileak eta herritarrak elkartzeko 2009an Larrabetzun sortu zuten liburu azoka —2015ean Zarautzera pasatu zuten—. Gerora, beste hainbat sortu, eta aurten Doinuele plazan saretu dira. Euskara du ardatz, era berean, Loraldia jaialdiak, 2015ean sortu eta gaur egun ere Bilbon antolatzen dutenak. (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea ere abiatu zuten, Baztanen. Eako Poesia Egunek, berriz, hamabost urteko ibilbidea eginda esan zuten agur.
MUSEOAK
Gasteizko Artium 2002an irekita, museo eta arte zentroen sarea osatuz joan da azkeneko hogei urteotan; ez arazo eta oztoporik gabe, ordea. Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Zentroak, adibidez, ireki baino lehen ere, moldatu egin behar izan zuen bere kultur proiektua —2010ean, diru murrizketen ondorioz, Joxean Muñoz zuzendariak dimisioa eman zuen—, eta, azkenean, 2015ean ireki zuten, lehen egitasmoak aurkeztu eta hamar urtera. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa 2007an ireki zuten, eta Balentziaga museoa, 2011n. Txillida Leku, berriz, zortzi urtez itxita egon ondoren, berriro ireki zuten 2018an.
NAZIOARTEA
Batez ere Euskal Herriko sortzaileei eta haien lanei begiratu die BERRIAk bi hamarkadotan, baina nazioartetik iritsitako kultur albisteei ere egin die lekua. Zinema jaialdi nagusien berri eman du urtero, baita hainbat izen handiren heriotzen berri ere, hala nola Ingmar Bergman (2007), Paul Newman (2008), Michael Jackson (2009), Elizabeth Taylor (2011), Amy Winehouse (2011), Lou Reed (2013), Pete Seeger (2014), Gabriel Garcia Marquez (2014), Lauren Bacall (2014), Maia Plisetskaia (2015), David Bowie (2016), Umberto Eco (2016), Prince (2016), Leonard Cohen (2016), Zygmunt Bauman (2017), Aretha Franklin (2018), Agnes Varda (2019) eta Tina Turner (2023).
Irulegiko eskua. / Iñigo Uriz, Foku
ONDAREA
Irulegiko Eskuarena izan da azkena, baina hogei urtean ondarea aberastu duten aurkikuntza arkeologikoen zerrenda luzea da. Adibidez, 2005ean, Praileaitzen (Deba) 15.500 urteko hainbat zintzilikario eta labar pinturen multzo bat aurkitu zituzten, eta gerora beste aurkikuntza ugari egin dituzte: Zestoako Danbolinzulon, Debako Astigarragan, Berriatuko Atxurran, Lekeitioko Armintxen... Bestelako aurkikuntzen artean, nabarmentzekoa da Joan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzitako eskuizkribua erosi eta aurkeztu zuela Gipuzkoako Foru Aldundiak 2004an.
PREKARITATEA
Sortzaileen urtez urteko uztarekin batera etenik izan ez duen zerbait izan bada, sektorearen prekaritatea izan da. Hainbat azpiegituratako langileek grebara jo dute —Bilboko Arte Ederren Museokoek eta Tabakalerako Ubikekoek, kasurako—, eta sortzaileen egoera zaurgarria are ageriago geratu zen pandemia garaian, saioak bertan behera utzi edo neurri zorrotzekin egin behar izan zirenean. Ordurako, sortua zen Lanartea, Euskararen Langile Profesionalen Elkartea —2019an egin zuen lehen batzar nazionala—, eta kultur diziplinakako diagnostikoak aurkezten, sortzaile eta interpreteen babes falta salatzen eta neurriak proposatzen dihardu ordutik.
SARRIONANDIA
Urteetan, haren lanek hitz egin dute; Joseba Sarrionandia presentzia etengabea izan da euskal kulturan azken berrogei urteetan, nahiz eta maiztutako argazki zahar batzuek baino ez zituzten ilustratzen hari buruzko albisteak. 2016ko azaroan jarri zion aurpegi gaurkotua BERRIAk, Habanan eginiko elkarrizketaren bitartez. 2021ean itzuli zen erbestetik Euskal Herrira.
TXAPELAK
Bertso jardunak Euskal Herriko plazak bete ditu bi hamarkadotan, eta, haietatik kanpo, txapelketa garaian batez ere, ikusgaitasuna irabazi du bertsolaritzak. Herrialdeetako txapelketak aintzat hartuta, luzea da lehian nagusitu diren bertsolarien zerrenda, baina esan liteke aldaketa ere irudikatu zuela horietako batek: Maialen Lujanbiok 2009an Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela jantzi zuenekoak. Belaunaldi berriak batu zaizkio bertsoari, eta emakumeen presentzia areagotu egin da.
URBANOA
Musikaren arlora iritsi den azken kontzeptua da urbanoa, nahiz eta atzerrian aspaldi hasi ziren erabiltzen, eta lekuan leku ezaugarri ezberdinak hartu dituen. Hip-hopa eta R&B garaikidea izendatzeko erabili zuten hasieran, eta, gerora, beste estilo ugari batu zaizkio: reggaetona, trapa, dancehalla... Euskarara ere iritsi da, eta arlo horretan aritzen diren artistak asko ugaritu dira azken lauzpabost urteetan.
'VELEIA AUZIA'
2006an, urteko kultur berri nagusia izan zen Iruña-Veleiako aztarnategian (Araba) euskarazko idazkunak agertu izana. Poza nagusitu zen hasieran, eta baieztatuz gero garrantzi handiko aurkikuntza litzatekeela iritzi zioten adituek. Baina urtea bukatu baino lehen batu zitzaizkion aurreneko galdera markak albisteari, hizkuntzalariak zalantzan hasi baitziren. Soka luzea ekarri zuen ondotik, eta, bederatzi urteko instrukzio fase bat igarota, epaiketa ere egin zen: grafitoak faltsuak zirela ondorioztatu zuen epaileak, eta Eliseo Gil aztarnategiaren arduradun izandakoari kartzela zigorra ezarri, erantzule nagusitzat jota.
ZINEMA
Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak (1989) filma erakutsi zutenetik, 25 urte ziren euskarazko lan bat ez zela lehiatzen Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. 2014an hautsi zuten bolada hori Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak, Loreak-ekin; Asier Altunak Amama-rekin jarraitu zien hurrengo urtean; eta Garañok eta Aitor Arregik geroago, Handia-rekin (2017). Aupa Etxebeste!-ren aretoetako arrakastaz geroztik (Altuna, Telmo Esnal, 2005), urteak ziren euskarazko lanek ez zutela halako oihartzunik. Beste film batzuek ere jaso dute jaialdien eta ikusleen aitortza gerora: Paul Urkijoren Irati (2022) da berrienetako bat.