ETAren erabakia nahikoa den edo ez galdetu diete kazetariek gaur ezker abertzaleko ordezkariei hauek Bilbon emandako prentsaurrekoan, eta erantzun dute ez direla hasiko hori baloratzen, aurrera egitea dela garrantzizkoena. "Hobe litzateke denek pausoak emango balituzkete, nahikoak ez izan arren". Hala, ezker abertzalearen arabera, "hurrengo pausoa ematea Espainiako Gobernuari dagokio", eta euskal presoen Euskal Herriratzea edo ezker abertzalearen legeztatzea aipatu ditu. ETAk herenegun jakinarazi zuen eraso ekintza armaturik ez egiteko erabakia hartua duela.
Lehengo igandeko "premiazko balorazioan" bezala, ezker abertzaleak azpimarratu du erakunde armatuaren erabakia "bake eta konponbide demokratiko marko bateranzko ibilbidean sekulako garrantzia duen ekimena" dela, "eta hori ezin da zalantzan jarri". ETAren adierazpenak, gainera, "nazioartean oihartzun handia" izan duela esan dute eta hori "adierazgarria" dela.
Marian Beitialarrangoitiak eta Txelui Morenok hitz egin dute agerraldian, eta haiekin batera ziren Rufi Etxeberria, Tasio Erkizia, Niko Moreno, Amparo Lasheras, Aitor Bezares eta Agurne Barroso. Ezker abertzaleak bere apustu politiko berria "garbi" daukala ziurtatu dute. "Euskal Herrirako aldaketa eta konponbide politikoen agertokira garamatzan erreitik ez gaitu inork ez ezerk aterako". Igandekoaz gain, azkenaldian pauso garrantzitsuak eman direla gaineratu dute: Zutik Euskal Herria adierazpena, Bruselako adierazpena, Aberri Egun bateratua, sindikatu abertzaleen ekaineko greba orokorra, Independentistak sarearen sorrera, Adierazi EHren sorrera, EA-ezker abertzalea akordioa... "Euskal jendarteak aldaketarako eta konponbide estrukturatelarako duen irrikaren adierazle dira ekimenok".
Euskal eragileei eta herritarrei dei egin diete mobilizatzeko eta parte aktibo izateko.
ETA-ren adierazpena. Erreakzioak
"Hobe litzateke denek pausoak emango balituzkete, nahikoak ez izan arren", ezker abertzalearen arabera
Adierazi du bere apustu politiko berria "garbi" daukala, eta "bide horretatik ez gaitu ezerk aterako". Ezker abertzaleak dio ETAren erabakia "bake eta konponbide demokratiko marko bateranzko ibilbidean sekulako garrantzia duen ekimena" dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu