«Hobe litzateke hauteskundeak lehenbailehen egitea»

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Bilbo
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Iñigo Urkulluk uste du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek politika egiteko beste modu bat ekarriko dutela. EAJk lehendakarigaia aukeratzeko prozesuaz nahiago du ez hitz egin.

Zer pentsatu zenuen Patxi Lopez lehendakariak Euskadi eredua aldarrikatu zuenean?

Azpimarratu nahi nuke Patxi Lopez PPren botoei esker dela lehendakaria eta Legebiltzarra ez dagoela ordezkatuta osotasunean. Pentsaera ideologiko-politiko guztiak ez daude. Autogobernua aldarrikatzea, berak PPren botoei esker lehendakari izanik, kontraesan ikaragarria iruditzen zait, jakinik, gainera, autogobernuaren aurkako erasoak agintean dagoen PPtik etor daitezkeela edo datozela. Beraz, hitz hutsak iruditzen zaizkit. Hiru urtean, Patxi Lopezek lehendakari gisa ez du autogobernuaren aldeko apusturik egin.

Autogobernuaren aldeko proposamen bat aurkeztu duzue Eusko Legebiltzarrean. Noren sostengua espero duzue?

Alderdi sozialistak ere bere ekimena aurkeztu du. Alderdi sozialistak, ez lehendakariak. Lehendakariak ez du planteatu halako adierazpen instituzionalik. Beraz, alderdi sozialistaren babesa izatea espero dut, orain arteko erasoen aurrean eta baita autogobernuaren garapenaren aurrean ere. Espero dut beste legebiltzar talde batzuen babesa izatea, Aralarrena, EArena eta Ezker Anitzarena. Ez dut espero UPDren aldetik, eta ez dakit zer egingo duen PPk. Batetik, kongresu bati begira ari da; baina, bestetik, esan du Espainiako Gobernuaren neurriak —Hezkuntza edo Osasungintza arloak— bete beharrekoak direla. Ez dakit zein joko izango duen PPk.

Patxi Lopezek krisiari aurre egiteko iragarri duen ekimena egingarri ikusten duzu?

Bere bazkideak esaten badio ea nondik aterako duen dirua eta salatu egiten badu neurri batzuk dagoeneko hartuta daudela... ez dago ezer berririk.

PSEren eta PPren artean ia egunero dago eztabaida. Beharrezkoak al dira lehenbailehen hauteskundeak egitea?

Orain arte esan dut Lopez lehendakariak PPren konfiantzazko mozio bat jasan beharko zuela Eusko Legebiltzarrean. Ez zentsura mozioa, baizik eta konfiantza mozioa, ea Patxi Lopezek PPren babesa duen edo ez jakiteko. Baina oraingo honetan bai esan dut hauteskundeak aurreratzeko. Zergatik? Patxi Lopezek bere burua aurkeztu egin duelako hautagai gisa. Orduan ematen du orain batzuk eta besteak hauteskunde kanpainan daudela edo gaudela. Testuinguru hau oso desberdina da 2009koarekin alderatuz. Egoera politikoa guztiz ezberdina da. Bakegintzaren alorrean, egin beharreko urratsek beste argazki bat eskatzen dute. Egoera ekonomikoak bestelako indar metaketa bat ekarri beharko luke. Herri honek ez du merezi hurrengo hamaika hilabeteetan kanpainan egotea. Hobe izango litzateke lehenbailehen hauteskundeak egitea.

Zure alderdian lehendakarigaia aukeratzeko prozesua abiatu duzue. Zure alderdikideek zure izena proposatzen badute...

Ez. Nik gai honetaz ez dut hitz egiten. Horrexegatik, espresuki EBBn planteatu nuen horretarako batzorde bat izan behar duela, eta ni batzorde horretatik kanpo egon beharko nintzatekeela. Kasua balitz, batzorde horrek eskatu egiten badit, nire gogoetaemango dut, eta EBBk eskatzen badit, emango dut. Baina bestela isilik egongo naiz. Batzorde horrek eta EBBk bere ahalmenetan du lehendakarigai bat proposatzea. Gogoeta sakona egiten ari dira, eta bere bidea izan behar du.

Aukeraketa ekainaren bukaerarako egongo da?

Bai, hori da gure planteamendua, ekainaren amaierarako EAJk erabakita izatea nor izango den lehendakarigaia.

Zer du jokoan EAJk datozen hauteskundeetan?

Autonomia erkidegoaren gizartearen egoera gainditzea du jokoan. Hori da gure kezka nagusia. Herri honen egituratzea ere badu EAJk jokoan. Eta herri hau aipatzen dudanean Euskal Herria aipatzen dut. Beraz, Nafarroarekin izan beharko genituzkeen harremanak, Iparraldearekin izan beharko genituzkeen harremanak, hori guztia nola lantzen dugun Europari begira.

Lau indar nagusiei begiratuta, ematen du erabat bateraezinak zaretela elkarrekingobernatzeko, baina baliteke hauteskundeen ondoren elkarlanean aritu beharra izatea.

Orain arte eskarmentu hori izan du EAJk. Eusko Jaurlaritzan agintean egon garenean, batzuetan bakarrean egon gara, inorekin itunik izan gabe; beste batzuetane koaliziozko gobernu formuletan (batzuetan PSErekin, batzuetan EA eta EBrekin), eta beste batzuetan, bakarrik egon gara baina ezker abertzalearekiko legebiltzar itun batekin. Etorkizunari begira? Argazkiaren arabera, egitasmoen arabera. Ikusiko dugu nola planteatzen diren hauteskundeetako emaitzak eta hortik aurrera jorratu beharrekoa.

«Inork ezin du gure ordez erabaki. Horrek esan nahi du Euskadirako marko konstituiente bat behar dugula», esana duzu duela gutxi. Zehazki, zer esan nahi duzu?

Hau da ni aspalditik planteatzen ari naizena, 2015erako izan beharko genukeen estatus politiko berria. Estatus berri hori landu egin behar dugu. EAJren barruanlantzeke daukagu. Orain arte urrats batzuk egin ditugu: gizartearen diagnosi bat, bai politikoki, bai ekonomikoki. Hortik aurrera zehaztu nahi dugu nola ulertzen dugun estatus politiko berria, horren muina izan beharko litzatekeelarik autonomia erkidegoko gizarteak ahots bat izatea, non estatus politiko berri hori bermatu egiten duen bere bozarekin. Beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea. Beste kontua da nola planteatzen dugun Espainiarekiko aldebikotasuna. Hori guztia lantzeke daukagu EAJren barruan. Gure abiadurarekin egin nahi dugu, pentsatuz hemendik eta 2015era gauza asko alda daitezkeela politikagintzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.