Espainiako Poliziak hogei pertsona atxilotu ditu Bizkaian, maskota salmentan iruzur egiteagatik. Ikerlarien ustez, talde antolatu bat osatzen zuten, eta Internet bidez jarduten zuten. Merkatuan eskari handia izaten duten zakur arrazetako kumeak oso merke eskaintzen zituzten, eta tramiteetarako ordainketa txikiak eskatzen zizkieten erosleei. 50.000 euro inguru bildu zituzten iruzur horren bidez.
Azken hilabeteetan garatu da operazioa, eta «duela egun gutxi» egin dituzte azken atxiloketak. Hiru delitu egozten dizkiete atxilo hartutakoei: iruzurra, beste norbaiten nortasuna usurpatzea eta talde kriminala osatzea. Taldeak bigarren eskuko produktuen saltzeko Internet atariak erabiltzen zituen iruzur egiteko.
Kopuru txikiak eta Bizum bidez
Atxilotuek merkatuan eskari handia izaten duten zakur arrazetako kumeak oso merke eskaintzen zituzten atari horietan, baita dohainik ere. Biktimaren batek erosteko asmoa zuenean, ustezko iruzurgileek diru kopuru txikiak eskatzen zizkioten tramiteak egitearen truke: bidaia asegurua, bidalketa tasak, abeltzainaren gastuak, kaiola... Bien bitartean, iruzurgileek animalien argazki eta bideoak bidaltzen zizkieten erosleei.
Ordainketak Bizum bidez egiten zituzten erosleek, eta ez zituzten maskotak inoiz jasotzen. Biktima gehienak Espainiakoak eta Herrialde Katalanetakoak ziren, eta, Poliziaren arabera, taldeko kideek 50.000 euro baino gehiago irabazi zituzten iruzurrarekin. Atxilotu guztiak aske utzi dituzte, karguekin.