Etxegabetzea

Hogei pertsona inguru kaleratu dituzte Donostiako Mundaiz kaleko eraikin batetik

Goizeko bederatziak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira eraikinera; ondoren, gunea itxi dute, eta kaleratzearekin hasi dira.

Eraikinaren kanpoaldean jendetza bildu da kaleratu dituzten pertsonei elkartasuna adierazteko. DONOSTIAKO KONTSEILU SOZIALISTA
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 12a
12:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ertzaintzak Donostiako Mundaiz kaleko 14. blokean bizi diren hogei pertsona inguru kaleratu ditu, epaile batek hala aginduta. Goizeko bederatziak aldera Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira eraikinera; ondoren, gunea itxi dute, eta kaleratzearekin hasi dira. Eraikinaren kanpoaldean jendetza bildu da kaleratu dituzten pertsonei elkartasuna adierazteko. Eraikinean bizi ziren pertsona gehienak egoera zaurgarrian aurkitzen diren migranteak dira.

Irutxuloko Hitza hedabideak jakinarazi duenez, eraikinean bizi ziren hainbat pertsonak «azken egunotan utzi dute eraikina»; izan ere, bazekiten eraikina gaur hustu behar zutela. Barruan gelditzen ziren bizilagunak «pixkanaka» ateratzen aritu dira, eraikinean zituzten objektuekin. Irutxuloko Hitza hedabidearen arabera, 10:30 aldera atera dira azkenak, eta ertzainek bukatutzat eman dute kaleratzea, eta eraikina itxi.

Mundaiz kaleko eraikin gehienak Adif enpresarenak dira, eta guztiak eraistea aurreikusten dute. Hustu duten eraikinean sute bat izan zen 2019an, eta oso kaltetuta geratu zen eraikinaren aurrealdea.

Elkarretaratzea

Kaleratuei babesa adierazteko, Donostialdeko Okupazio Bulegoak elkarretaratzera deitu du gaurko. Mobilizazioa 19:00etan izango da, Tabakaleraren parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.