Euskararen Nazioarteko Eguna

Hollanderen beha da euskara Iparraldean

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ehunka ekitaldi egin dituzte, eta egitasmo ugari aurkeztu dituzte instituzioek

Aitor Renteria - Mikel Peruarena Ansa
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian, Francois Hollande Frantziako presidentearen erabakiaren beha da euskalgintza. Presidentetzarako hauteskundeetan erabakiak hartuko zituela erran zuen, baina oraindik ez du halakorik egin. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetuko zuela agindu zuen hautagai zelarik. Horretarako, ordea, Frantziako Konstituzioa aldatu beharko du; eta hori egin ahal izateko, baitezpadakoa da diputatu eta senatarien bi herenen sostengua. Erabaki horrek, urratsa izanik ere, ez lituzke normalizaziorako beharrak beteko.

Euskararen gutxieneko beharrak zein diren argi azaldu zuten 7.000 euskaltzalek joan den apirilean, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak deituriko Deiadar manifestazioan, eta Euskararen Nazioarteko Egunean euskalgintzak gogoan ukan ditu behar horiek. Euskararen ofizialtasuna, lege eraginkorra eta Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna izenpetzea galdegin zuten. Ezagutza instituzionalik ez duen lurraldean, gutxieneko elementuak dira aipatu aldarriak.

Alta, Lurralde Elkargoa eskatu dute, argi eta garbi, Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak eta gizarte eragileek. Erakunde horrek «berezko» ofizialtasuna eskainiko lioke euskarari, hautetsien erranetan. Gobernuak ez du erabaki oraindik. Baina Manuel Valls Frantziako Barne ministroak eta Marilyse Lebranchu Deszentralizazio ministroak egindako adierazpenek tarte txikia utzi diote esperantzari.

Topaketak Baionan

Beste erakunde askok egin bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna baliatu du EEP Euskararen Erakunde Publikoak XXII. Hizkuntza eta Kulturen Lurraldearteko Topaketak egiteko; joan den ostiralean bildu ziren, Baionan. Alsazia, Okzitania, Katalunia, Guyana, Martinika, Reunion uharteak, Bretainia eta Euskal Herriko ordezkariak elkartu izren. Frantziako Parlamentuak 1998an izenpetu zuen Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna, baina Konstituzio Kontseiluak ituna ezin zela berretsi ebatzi zuen berehala, Konstituzioa urratzen zuela argudiatuta. Baionan bildutakoek, hala ere, ez zuten lehentasuntzat hartu ituna izenpetzea. «Gaur egun daukaguna segurtatzeko aukera emanen liguke, baina ez du urrats nabarmenik ekarriko», erran zuten. Hizkuntza gutxituen aldeko lege batek segurtasun gehiago emanen lukeela gaineratu zuten. «Egun lortzen dugun oro administrazioen nahikariaren menpe dago. Estatutu juridikoa eskatzen dugu», nabarmendu zuten.

Tresna informatiko berriak

1949an Eusko Ikaskuntza abiatu zenetik, gero eta oihartzun zabalagoa du Euskararen Nazioarteko Egunak; hala sumatu zen atzo, eta aurreko asteburuan. Erakunde publiko askok ekitaldiak egiteko baliatu dute abenduaren 3a, eta tresna zein proiektu berriak aurkezteko beste zenbaitek. Donostiako Udalak, esaterako, Mintzanet aurkeztu zuen atzo. Euskara Internet erabiliz praktikatu nahi dutenentzako tresna berria da, Mara Mara enpresarekin garatu duena. Atzo aurkeztu zuten Donostian, San Telmo museoan, Badu bada erakusketa bertan dela baliatuz; www.mintzanet.net atarian da.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, Tituluen Erregistro Bateratu ofizial berria abian jarri duela aurkeztu zuen atzo. www.euskadi.net atarian, euskara gaitasun ziurtagirien kontsulta egin ahal izango dute herritarrek. EITBk eta Euskal Herriko Unibertsitateak Kalkoen Behatokia aurkeztu zuten jendaurrean. Beste hizkuntza batzuetatik hartutako esapideek eta egiturek euskaraz zer bide egin duten aztertzeko tresna informatikoa da; www.ehu.es/ehg/kalkoak helbidean kontsulta daiteke.

Kanpainak ere aurkeztu zituzten atzo. Surfeatu ezazu euskararen olatua lelo duena egin du Etxepare Institutuak. Cyrus Sutton AEBko zinemagilea euskal kostaldera ekarriko dute heldu den urteko urtarrilean; euskal suflariekin grabatuko du dokumentala, euskaraz eta euskararen gainean. Munduko 37 unibertsitatetako euskara ikasleen artean Facebook sare sozialaren bidezko argazki lehiaketa ere iragarri du.

Bilboko Udalak, berriz, euskaltegiak omentzeko hartu zuen atzoko eguna. Helduak alfabetatu eta euskalduntzeko zortzi talde handi dira Bilbon, eta guztiei eskerrak eman zizkien udalak. Duela hiru hamarraldi, euskara «hil ala bizi» zegoela, baina egun Bilbon euskara entzutea gero eta arruntagoa dela seinalatu zuen Iñaki Azkuna alkateak. Bilboko EH Bilduk, berriz, salaketa egin zuen: Baionarekin batera, euskararen ordenantzarik ez duen udal bakarra da Bilbo, koalizioaren esanetan. Erabilera planean ere ez dela urratsik egin agertu zuen.

Urratsa egin duena Bilboko Metroa izan da. Ituna sinatu zuen, atzo, AEKren Ahize aholkularitzarekin, «euskararen erabilera areagotu eta dinamizatzeko».

Egunari tanta beltza jartzekotan, bat: Googlek Euskararen Nazioarteko Egunari buruzko irudia txertatzeko ekintzak ez du xedea lortu. Eusko Ikaskuntzak 30.000 sinadura baino gehiago bidali zizkion Googleri, baina hark ez dio eskaerari kasu egin. Kanpainak lorturiko babesarekin pozik agertu da Eusko Ikaskuntza, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.