Nafarroako Gobernuak parlamentura bidaliko du Hondakinen lege proiektua, taldeek hura eztabaidatu dezaten. Gobernutik azaldu dutenez, proposamenak hainbat neurri zehazten ditu araudi europarra bete eta Nafarroako Hondakin Planean jasotzen diren helburuak lortzeko.
Helburu nagusia hondakinen sorrera murriztea da, eta horretarako, prebentzio neurriak biltzen ditu proposamenak. Besteren artean, Hondakinen Prebentziorako Bulegoa sortzea, ekonomia zirkularra sustatzea, plastikozko poltsen erabilera arautzea eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea.
Ildo berean, hondakinen %79 sailkatuta biltzea lortu nahi du gobernuak, 2027 urterako. Xedea lortzeko, materia organikoaren bilketan dago erronka. Nafarroak birziklatze tasa altua du ontziei, paperari, kartoiari eta beirari dagokionez, baina materia organikoaren bereiztea ez dago errotuta gizartean. Hori dela eta, Hondakin Planak zehazten du 2017an eta 2018an materia organikoaren bilketarako sistemak ezarriko direla Nafarroan, eta mankomunitate bakoitzak erabakiko duela zein sistema erabili.
Horrez gain, lege proposamenak zenbait arau aurreikusten ditu hondakiraren murrizketa, birziklatzea eta berrerabilera saritzeko, eta zabortegietako isurketa eta errausketa zigortuko ditu. Zehazki, zabortegietako isurketa eta errausketaren gaineko zerga sortzea proposatzen du, eta haren bidez biltzen den dirua legearen helburuak betetze aldera erabiltzea: sentzibilizazio kanpainak, hondakinen murrizketarako ikerketak, hondakinen bilketa eta garraioa hobetzeko sistemen sustatzea eta lur kutsatuen berreskuratzea bultzatzeko, besteak beste.
Nafarroako erakunde publiko ezberdinen arteko eskumenak zehaztu eta argitzeko ere baliagarri izan nahi du lege proposamenak. Erakundeen arteko elkarlana bultzatea eta koordinazioa hobetzea bilatuko du hondakinen bilketan, haren garraioan eta tratamenduan.