Hondakinen kudeaketa ereduen berri izateko, EH Bilduko Marian Beitialarrangoitiak Kataluniako eredua eraman zuen Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordera. Merce Girona i Ribes Prevencio de Residus i Consum fundazioko presidenteak orain arte egindako lanaren eta aurrera begirako lan ildoen berri eman zuen, eta hondakinen sorrera prebenitzeko legea ere azaldu.
Zer ikas dezake Euskal Herriak hondakinen kudeaketari buruz?
Eskarmentu handia dugu. 1992. urtetik zikindu ditugu eskuak hondakinekin. Uste dut gure esperientziak lagungarriak izan daitezkeela, Euskal Herriko hondakinen kudeaketa oso atzeratuta dagoelako. Atzeratuta, eta hautu politikoek eragindako gatazka handiekin, gainera.
Halako eztabaidarik ezagutu al duzu Katalunian?
Batzar gogor batean parte hartu genuen behin. Inoiz ez zait gertatu, baina orduan errieta egin nien, elkartasun falta izugarria zutelako. Gerora azalpenak eman genizkien. Informazioa eman genien. Argudioak. Abantailak. Eta biztanleek erantzun zuten. Herritarrak duen zailtasun bakarra ordutegi bat bete behar izatea da. Arreta guztia horretan jarriz gero, zalaparta egongo da, baina manipulazioa da.
Legebiltzarkideen aurrean egin duzun agerraldian herritarren erantzukizunaz aritu zara, baita pizgarri ekonomikoez ere.
Birziklatze tasa onak dituzten udalerrietan, jokabide horrekin hondakinen kudeaketan aurrezten dutela ikusita, hondakinen kudeaketarako kuota jaistea ideia ona iruditzen zait, bai. Baina horretarako jendeak jakin behar du zer ordaintzen duen. Jendeak ez daki nola ordaintzen duen kudeaketa, zergatik den eta zertara bideratzen den. Gardentasun ahalegin bat behar da udalerrietan.
Katalunian hondakinen kudeaketan eskarmentu handia izan arren, gehiago egin daitekeela nabarmendu duzue.
Azken bi hamarkadetako politikekin hondakinen kudeaketa antolatu ditugu. Ondo. Orain hondakinak prebenitzen hasi behar du administrazioak, baina ausardia behar du horretarako.
Ausardia?
Politikariek diote ez dutela eskumenik proposatzen ari garen legea egiteko. Ordea, eskumenak irabazi egiten dira, eta are gehiago, gauden garai honetan. Erabakitzeko eskubiderantz goaz Katalunian; gure politikariek gehiago konprometitu behar dute. Ekintzak nahi ditugu, ez hitzak; bestela, inora eramango ez gaituen proposamen bat izango dugu.
Hondakinen Prebentziorako Kataluniako Lege proiektuan ekoizleengan arreta berezia jarri duzue.
Europako araudiak aspaldi ezarri zuen kutsatzen zuenak ordaindu behar zuela, kutsatzeari utz ziezaion. Hori ez da gertatzen ari. Ekoizleek, saldu eta erabili ostean, hondakin bihurtuko den horren truke ordaindu beharko lukete. Ordea, zergadunok ordaintzen dugu.
Zergatik?
Industria horren lobby-ak traba pila bat jarri ditu Europako agindu hori geldiarazteko. Teorian, administrazio publikoaren ardura da azpiegiturak sortzea, mantentzea eta hondakin organikoen kudeaketaz arduratzea, baina...
Ekoizleek edukiontziengatik ordain dezatela proposatu duzue zuen araudian. Zergatik?
Enpresek ez dute zertan madalenak poltsa txiki batean gorde; gero, erretilu batean; eta, azkenik, poltsa handiago baten barruan. Ordea, kontsumitzaileari sentimendu batzuk sorrarazten dizkiote horren bitartez. Guk proposatzen dugu erabilitako material horiengatik ordaindu behar izatea —enpresaren erabakia baita— eta ekodiseinua ezartzea.
Zertan datza ekodiseinua?
Produktuen iraupen zikloa aztertzean datza, aukera onena zehazteko: jaki baten edukiontzian ahalik eta material gutxiena erabiltzea, etxetresna elektrikoak diseinatzea erraz konpondu ahal izateko...
Hazkunde ekonomikoa eta hondakinen sorreraren hazkundea bereiztearen alde doazen pausoak, alegia.
Hori da. Europa osorako helburu bat zen, baina ez dugu lortu. Ekonomia eta hondakinak eskutik joan dira.
Ildo horretan, edukiontziak berriz erabiltzearen aldeko apustu sendoa egin duzue, edukiontziak itzultzeko sistema barne.
Garai batean gai askorekin erabiltzen genuen sistema hori: ardoa, freskagarriak, jogurta... Ordea, orain berreskuratzea zaila da. Botilen neurri estandarrak galdu egin dira. Botila mota asko dago, eta zaila da makina batek guztiak garbitu ahal izatea.
Merce Girona i Ribes. Prevencio de residus i Consum-eko burua
«Hondakinen kudeaketa oso atzeratuta dago Euskal Herrian»
Ekoizleek sortzen dituzten hondakinengatik ordaindu beharko luketela nabarmendu du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu