Hondarribiko aireportua handitzeko egitasmoa diru aldetik bideragarria ez delakoan eta "ingurumen atentatu larria" litzatekeelakoan, haren kontrako proposamena aurkeztu du UPDk Eusko Legebiltzarrean, Gorka Maneiro legebiltzarkideak esan duenez. Eusko Jaurlaritzari eta AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeari egitasmoa uzteko eskatu die. Proiektuak hirigintza aldetik ere "eragin garrantzitsua" luke, Maneirok dioenez.
Gainera, UPDren arabera, ez da beharrezkoa han inbertsioa egitea, "bidaiariak galtzen ari baita. AENAk dio 2025erako 619.000 bidaiari nahi dituztela, gaur 300.000 ere ez dituztenean. Ondorioz, ezin da ulertu Jaurlaritzak eta AENAk aireportuaren handitzea defenditzea".
Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak eta Jaurlaritzako Garraio Sailak 2009an Hondarribiko aireportuko pista handitzeko akordioa lortu zuten arren, Ingurumen Ministerioak AENAri esan dio erabakia hartu aurretik egitasmoa ez handitzeko aukera ere aztertu egin behar dela. Arlo teknikoa, soziala, ekologikoa eta ekonomikoa aztertu eta "aukerarik onena" hautatu behar dela uste du aipatutako ministerioak, aste honetan jakin denez.
Hondarribiko aireportuko bidaiari kopurua, ondoko aireportuen eskaintza eta balizko abiadura handiko trena ere kontuan hartu behar dira erabakia hartzean, Ingurumen Ministerioaren arabera.
Pistak 1.650 metroko luzera izango luke; hau da, 150 metro luzatuko litzateke Mendelu auzorantz, eta 50 itsasorantz.