Hondarribiko alardea

Hondarribiko alkateak eliz atarian egin dio harrera Jaizkibel konpainiari

Gernika Plazatik abiatu da konpainia parekidea 08:00 inguruan, eta arma plaza bete du. Arbuio batzuk izan diren arren, txalo eta babes oihuen artean egin du bidea kale nagusian gora. Eliz atarian zituen zain Igor Enparan Hondarribiko alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Manuel Lezertuak ez dio harrerarik egin alarde baztertzaileari.

Arantxa Iraola - Mikel Elkoroberezibar Beloki - Irati Urdalleta Lete
2023ko irailaren 08a
07:03
Entzun

Berezia izan da gaur Hondarribiko Jaizkibel konpainia parekidearen desfilea. Alarde eguna da gaur, eta, beste behin, ehunka emakume soldaduz jantzita atera dira, azken ia hiru hamarkadetan egin bezala. Baina keinuak espero ziren, eta izan dira. Gernikako Arbola plazatik irten da Jaizkibel. Aspaldi eskatua zuten hori, eta gaur lortu dute. Horrez gain, lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin die, eta eliz atarian, gainera, alardeari ofizialki egin ohi zaion tokian.

Maiatzeko hauteskundeez geroztik, Igor Enparan (Abotsanitz) da alkate Hondarribian. Emakumeen parte hartzearen inguruko gatazka piztu zenetik, EAJk izan du alkatetza, eta inoiz ez du halako urratsik egin hautu parekideari atxikimendua erakusteko. Aurten ere Hondarribiko EAJ ez da egon Jaizkibeli egin dioten harreran. Bai, ordea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Aurreko urteetan, modu pertsonalean egiten zien txalo emakume soldaduei, eta, aurten, modu instituzionalean harrera egin die; eliz atarian horrek ere.

Txaloak eta «Emakumeak alardean» oihuak

Alborada 05:00etan hasi da. Ordurako betea zen Hondarribiko Kale Nagusia; atzo jarri zen jendea lekua hartzeko. 08:00etarako prest zen Jaizkibel konpainia kalean gora joateko. Bidean txaloak izan dira nagusi, nahiz eta arbuio keinu bat edo beste izan den. Normal-normal igo dira emakume soldaduak.

Eliz atarian zituzten zain Igor Enparan alkatea, Eider Mendoza ahaldun nagusia, Manuel Lezertua arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea, besteak beste.

Agintariak, tartean Igor Enparan alkatea aginte makilarekin, eliz atarian zain. Mikel Elkoroberezibar Beloki

Han jakinarazi du Manuel Lezertuak azkenean ez diola harrerarik egingo alarde baztertzaileari. Lehen aldiz EAEko arartekoa horiei harrera egitekoa zela jakinarazi zuen atzo, ohar bidez: «Arartekoa Alardean izango da udal agintari gorenaren ekimena babesten duela adierazteko, Hondarribiko herritarrak Alardearen inguruan batzeko apustuan». Gaur goizean Hondarribian, ordea, adierazi du gaizki-ulertu bat izan zela, eta ez da geratu desfile baztertzailea txalotzera. 09:00etan zen abiatzekoa alardea, emakumeak soilik kantinera postuan onartzen dituzten konpainiek osatuta; hari harrera egin diote, ordea, Enparanek, Mendozak eta Ranzek.

Eliza ataritik pasatu, eta Arma Plazarantz joan da Jaizkibel. Aipagarria da bete egin dutela konpainia parekidekoek. Aurten ere ehunka emakume atera dira, eta harro desfilatu dute soldadu jantzita. Kale Nagusian behera itzuli, eta Sainduaren irudiaren aurrera joan dira gero.

Jaizkibelen bidean pankarta handi bat zabaldu du: Hau ez al da guztion alardea? Eutsi, Jaizkibel jartzen zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.