Hondarribiko alardea

Hondarribiko alkateak «tentsioa sustatu» izana leporatu dio alarde baztertzaileko konpainia bati

Hondarribiko banderaren erreplika batekin desfilatu zuen alarde baztertzaileak aurreko ostiralean, eta Enparanek eskatu du «oinarrizko bizikidetzaren printzipioak» errespetatzeko.

Igor Enparan Hondarribiko alkatea, aurreko ostiralean, eliz atarian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 14a
16:33
Entzun

Aurreko ostiralean Alarde Eguna izan zen Hondarribian (Gipuzkoa), eta udal gobernuak lehen aldiz harrera egin zion mila gizon-emakumez baino gehiagoz osatutako Jaizkibel konpainia parekideari, baina emakumeen parte hartzea onartzen ez duen alarde baztertzaileari ere txalo egin zion. Igor Enparan maiatzetik da alkate, Abotsanitz plataformak udal bozak irabazi zituenetik. Aurretik, EAJren esku egon da Hondarribiko Udala, eta alarde baztertzaileari baino ez zion harrera egiten. Are, alardearen barruan desfilatzen zuen udal gobernuak Guadalupeko Amaren ermitara bidean; Hondarribiko bandera eramaten zuen udal gobernuak, eta alkateak aginte makila eman ohi zion alarde baztertzaileko burgumaisuari. Aurten, ez da halakorik egin, baina alarde baztertzaileko konpainia batek herriko banderaren erreplika bat eraman zuen desfilean. Gertaera horrek tentsioa eragin zuela salatu du alkateak, ohar bidez: «Pertsonen edo eragileen aldetik ez zen bortizkeria kasurik izan, baina, zentzu horretan, Hondarribiko Udalarekiko, instituzio bezala, tentsioa sustatu zelakoan nago. Mingarria izan da hiriko bandera beste bandera batekin parez pare ikustea. Udal ordezkariek euste lan handia egin behar izan genuen gatazka areagotu ez zedin».

Keinuena izan da aurtengo irailaren 8a: Gernikako Arbola plazatik irten zen Jaizkibel —aspaldi eskatua zuten hori, eta aurreko ostiralean lortu zuten—, eta lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin zien; eliz atarian, gainera, alardeari ofizialki egin ohi zaion tokian. Hondarribiko udal gobernuak, ordea, alarde baztertzaileari ere harrera egin zion. Alkateak nabarmendu du indarkeriarik antzeman ez bazuten ere tentsioa «nabarmena» izan zela, besteak beste, alarde baztertzaileko konpainia batek herriko banderaren erreplikarekin desfilatu zuelako eta Guadalupeko ermitan egindako mezan herriko banderaren ondoan kokatu zuelako: «Jakinarazi nahi dut bizikidetzaren oinarria dela demokrazia eta demokraziaren oinarri direla instituzio publikoak. Gizarte osoaren zerbitzura dauden erakundeak dira. Hondarribiko Udalak duen ikur nagusia dugu hiriko bandera. Beste ikur nagusi bat da alkate makila. Ikur horiek, agintean dagoena dagoela, herritarrak batzeko elementuak dira. Horregatik, gizartearen errespetua merezi dute».

«Oinarrizko bizikidetzaren printzipioak» errespetatzeko eskatu du Enparanek, eta «arduraz eta errespetuz» jarduteko: «Hondarribian ez dago erakunde militarrik hiriko ikur demokratikoaren gainean beste ikur bat konfrontatzeko legitimitatea duenik. Tinko eutsiko diot guztionak diren erakunde publikoen ikurrak defendatzeari. Oinarrizko ditugun bizikidetzaren printzipio eta balioak ahalegin guztiarekin babestuko ditut». Gaineratu du «kontentzioa» izan zela udal gobernuaren jarrera Alarde Egunean: «Zubiak eraikitzeko bidean, egoera jasangarri bat bizitzeko atzera urratsa egin behar izan dut».

Tentuz idatzi du alkateak oharra, zehazki inor seinalatu gabe, baina argi utzi nahian Alarde Eguneko tentsioak «mindu» egin duela. Era berean, aurrez hainbat agintari politikok ukatutakoa aitortu du: «Nabaria da Hondarribian gatazka bat bizi dugula».

Harrera instituzionala

Inoizko harrera instituzionalik handiena izan zuen Jaizkibel konpainia parekideak aurreko ostiralean. Lekua ere esanguratsua zen: eliz atarian egin zieten harrera. Alardeari harrera ofiziala egiteko tokia da; udal gobernuak urtero hor egin izan dio txalo desfile baztertzaileari, eta inoiz ez Jaizkibeli. Aurten eliz atarian zituzten zain Enparan, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Manuel Lezertua EAEko Arartekoa, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen sailburuordea. Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEko udal ordezkariak ere bazeuden; EAJkoak, baina, ez ziren han izan. Ondoren, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, Emakundek eta Arartekoak ez zioten harrera egin alarde baztertzaileari; udaleko EAJk eta PSEk, Enparanek, Mendozak eta Ranzek, aldiz, bai.

Ane Garcia Jaizkibeleko kideak aurreko ostiralean azaldu zuen alkateak harrera egitea «positiboa» dela, baina zera azpimarratu zuen: «Nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari ere harrera egin diola alkateak, eta, oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, guretzat, alarde baztertzaileari harrera egitea ez da hautu neutro bat». Jaizkibelek argi du zer duen ortzi mugan. «Aurrerapausoak egon dira, baina ez dugu ahaztu behar gure borrokan jarraituko dugula. Jaizkibel emakumeen eskubideen alde dago; alardea publikoa izatea nahi dugu, bakarra eta parekidea», esan zuen Nora Ferreira kapitainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.