Guztiek esan dute emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde daudela, guztiek esan dute berdintasun plana beharrezkoa dela, baina EAJk eta PSE-EEk berdintasun planaren kontra bozkatu dute Hondarribian (Gipuzkoa). Hala ere, Abotsanitzek eta EH Bilduk gehiengoa dute eta bigarren berdintasun plana onartu dute. Bederatzi boto alde, zortzi kontra. 2026tik 2029ra egongo da indarrean.
EAJk eta PSE-EEk, haien jokabidea zuritzeko, azaldu dute berdintasun plana egiteko prozesuan baztertu egin dela Hondarribiko Emakumeak elkartea. 529 bazkide dituen elkartea da.
«Arazoa ez dago edukietan, prozesuan baizik», azaldu du Maria Serrano Olaskoaga EAJko zinegotziak. Diagnostikoa egiteko orduan herriko sentsibilitate guztiak ez direla aintzat hartu egotzi dio udal gobernuari, eta Hondarribiko Emakumeak elkartearen iritzia «isilarazi» egin dela, «iritzi jakin bat ez edukitzeagatik».
«Erabaki politikoa»
Berdintasun planak lau ardatz eta 124 ekintza ditu. Horietatik bi dira alardeari buruzkoak: batetik, alardearen gatazka konpontzeko bidean aurrera egitea, «berdintasunari lotutako auzi gisa ulertuta»; bestetik, alarde parekidearen alde eta emakumeen eskubideen defentsan aritutakoek pairatutako indarkeria aitortzeko moduak aztertzea. Serrano Olaskoagaren iritziz, planak «interpretazio oso zehatz bat» egin du «errealitate konplexu bati buruz», eta hori ez da «neutroa»: «Erabaki politiko bat. Plana begirada bakar batetik eraiki duzue».
Jesus Ignacio Alvarez PSE-EE zinegotziak salatu du Hondarribiko Emakumeak elkartea baztertu egin dela «arrazoi ideologikoengatik: «Ez da onargarria berdintasun mahai bat osatzean herriko emakume talde bat baztertzea alardeari buruz beste iritzi bat izateagatik».
Hutsuneak bete beharra
Igor Enparan alkateak baztertu egin du Hondarribiko Emakumeak elkartea baztertu egin dela diagnostikoa egiteko prozesuan edo plana egiterakoan. Prozedura irizpide teknikoetan eta antolaketa irizpideetan oinarritu dela zehaztu du, «ez irizpide ideologikoetan». Eta eragileren bat espazio jakin batean ez egoteak ez duela esan nahi parte hartzeko aukerarik izan ez duenik. Aipatu du diagnostikoa aurkeztu zenean inork ez zuela ezer esan partaidetzari buruz. Alkatearen arabera, «bukaeran egin du eztanda, alardearen inguruko bi ekintza jakinarazi zirenean».
EH Bilduko Garoa Lekuona zinegotziak nabarmendu du Hondarribiak gabezia asko dituela berdintasun politiketan, aurreko plana, 2020-2023 artekoa «ez zelako indarrean jarri». Azaldu duenez, hori dela eta, «ekintza asko gauzak sortzera bideratuta daude, eta baita protokoloak ezartzera ere». Uste du Hondarribia oso atzeratuta dagoela berdintasun politiketan, inguruko beste herri batzuekin alderatuta.
Ausardia eske
Lekuonak berdintasun planaren eta haren kontrako botoen «balorazio politiko-emozionala» egin du. EAJri eta PSE-EEri esan die emakumeen berdintasunak ezin duela izan egun bateko —alarde eguneko— salbuespenik, eta salbuespenak jartzea jarrera «arriskutsua eta erabat antifeminista» dela. Gogoratu du aurten 30 urte beteko direla zenbait gizon eta emakume alardean parte hartzen saiatu zirela, eta gero eta gehiago direla 30 urtean «berdintasunaren espaloira» igo direnak. EAJri eta PSE-EEri mintzatu zaie: «Nahi dituzuen aitzakiak asmatuko dituzue zuen jarrerak zuritzeko, baina honen guztiaren atzean ausardia falta dago».
Berdintasun plana onartu eta gero, hitza hartu du Hondarribiko Emakumeak elkarteko ordezkari batek. Hasteko, esan du ez daudela berdintasun planaren kontra, berdintasunaren alde daudela. Baina salatu dute udalak baztertu egin dituela Berdintasun Mahaitik: «Erabaki dute ez garela feministak, ez dugula merezi berdintasun mahai batean parte hartzea. Bidesaria ordaintzen ari gara askatasunez pentsatzeagatik. Alardea izan da gu baztertzeko arrazoia».