Lurraldeko hondartzen unean uneko okupazioa kalkulatzeko aplikazio bat prestatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hondartzetan momentu bakoitzean dagoen jende dentsitatea zenbatzeko balioko du, hamabost minutuan behin datuak berrituta. Aplikazioak egoeraren berri emango du koloreen bidez, aurrez ezarritako parametroen arabera. Azti ikerketa zentroaren laguntzaz, bideometria bidezko kontrol sistema bat jarriko dute martxan ekainaren 18an hondartza denboraldia hasi aurretik.
Lurraldeko hondartzen mahaiak aurreko astean adostu zuen uztailaren 1ean emango diotela hasiera hondartza denboraldiari. Gaurko bileran, irekierari begira hartu nahi diren hainbat neurriren berri eman du Aldundiak. Horietako bat da aurkeztu duten sakelakoetarako aplikazioa. Hondartzen erabilera COVID-19aren aurkako neurriekin uztartzea du helburu, Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren esanetan. Azaldu du tresna horrek «ikaragarri» erraztuko dituela hondartzen edukieraren gaineko kontrola eta kudeaketa.
Aplikazioak hondartzak erakusten dituen mapa bat izango du, eta horietako bakoitzari kolore bat ezarriko diote, jende dentsitatearen arabera. Horretarako, udalek aurrez adostu beharko dute zenbatekoa izango den hondartza bakoitzaren gehienezko edukiera. Aplikazioak, edukieraren berri emateaz gain, mareen eta erabilera baldintzen inguruko informazioa ere emango du.
Kontzientziazio kanpaina bat ere hasi nahi du aldundiak, ekainerako eta uztailerako. Adierazi dute horren helburua zera izango dela: hondartzetan egoteko baldintzen berri ematea. Besteak beste, gehienez bi ordu egoteko muga, eta segurtasun eta higiene neurriak errespetatzeko beharra azpimarratu dituzte. Horrek bat egiten du Eusko Jaurlaritzatik azken egunetan eginiko adierazpenekin. Jaurlaritzak hondartzen erabilera «dinamikoa» sustatu nahi du, hau da, horiek bainatzeko, paseatzeko eta kirola egiteko erabiltzea, eta ez etzanda edo geldirik denbora luzez egoteko.