Astelehenean Urruñako (Lapurdi) Itsas Mendi zinemak argitalpen bat ezarri zuen bere sareetan: argazki bat, eta gainean testu bat. Irudia harrigarria zen: svastika bat, Xabxab artistak zinemaren paretetarik batean egina duen horma irudiaren gainetik marrazturik. Honela zioen zinemakoek idatzi zuten salaketa mezuak: «Hori zinemaren aitzinaldea da, non Xabxabek [Jean Michel] Basquiat tindatu duen. Hiru hilabetetan, bigarren aldia da svastika bat agertzen dena. Deus ez genuen erran lehen aldian, baina erantzun kolektibo eta fermu bat itxaroten dugu honakoan, baita elkartasun doi bat ere».
Urruñako Urgaina gaztetxeak, adibidez, salaketa partekatu du, baita PAF Ipar Euskal Herriko elkarte feministak ere.
Eta Urruñako Herriko Etxeak agiri bat bidali du goizean, «gurutze nazia aho batez eta irmoki» gaitzetsi nahian: «Sinbolo horrek gorrotoa, bortizkeria, antisemitismoa, bazterketa eta gizadiaren kontrako krimenak irudikatzen ditu. Ez du lekurik Urruñan». Azpimarratu dute zenbat jende hunkitzen duen halako ikur batek, hots, «zinemako lantaldea, zinema kudeatzen duen elkartea, ikusleak eta herriko biztanleak». Salaketa bat ezarri dute «ekintzaren egileak identifikatu eta auzipetzeko».
Azkenik, Herriko Etxeak berretsi du erabateko atxikimendua duela «bazterketaren eta intolerantziaren» aurkako borrokarekiko. «Gorrotoaren aurrean» Urruñak «errespetu, kultura, harrera eta elkartasun herri izaten» jarraituko duela adierazi dute.