Abacoko Jesus Iñigo eta Nerea Sistiagaren Arrokako sardina pintxoak irabazi du txapelketa. Duela bi urte ere sari nagusia eskuratu zuten.
Bigarren saria Hondarribiko Gran Sol jatetxeak eraman du, Muskuilu sushi faltsua pintxoarekin —iaz txapelketa irabazi zuen—; hirugarren saria, berriz, Iruñeko Alex Mugikarentzat izan da, Zurrukutuna pintxoagatik. Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Durangoko Kobika jatetxeari.
Laurogei sukaldari aritu dira Euskal Herriko pintxo onenaren bila. Finalaurrekoetan 21 sukaldari lehiatu ziren, bost probintziatan egindako txapelketetako irabazleekin batera —Gasteizko Erkiaga tabernako Josune Menendez, Bilboko SanwiCoffee kafetegiko Roberto Artiguez, Hondarribiko Gran Sol tabernako Bixente Muñoz, Uharteko Abaco tabernako Jesus Iñigo, eta Donibane Lohizuneko Zoko Moko ostatuko Pascal Etxeberri—.
26 parte hartzaile horietatik hamar pasatu ziren finalera: Inopia (Miarritze), Sardara (Hondarribia), Kobika (Durango), Toloño (Gasteiz), Zoko Moko (Donibane Lohizune), Alex Mugika (Iruñea), Villa Laguardia (Guardia), Abaco (Huarte), Gran Sol (Hondarribia) eta Xera (Errenteria).