Garoñako zentralaren eraistea. Instalazioetara bisita

HUSTEKO ETA ERAISTEKO GARAIA

Garoñako zentral nuklearraren instalazioetara sartu da BERRIA, eraiste lanak bertatik bertara ezagutzeko. Enresa enpresak kudeatuko ditu lanak eta hamar urtez luzatuko dira. Erradioaktibitate handiko erregaiak ur biltegitik ateratzen eta behin-behineko biltegi batean gordetzen hasi dira.

3. Hondakinak desklasifikatzeko gunea. Zentralaren hondakinak desklasifikatzeko hainbat instalazio egokitu dituzte. 20.500 tona hondakin sortuko direla kalkulatu dute, eta horietatik %20 erradioaktiboak izango direla. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Santa Maria de Garoña
2023ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ebro ibaiak zeharkatzen ditu Sobrongo (Araba) haitzarte ikusgarrien arteko errepide estu eta bihurriak, eta, horiek igarota, berehala ikus daitezke Tobalina haraneko (Burgos, Espainia) paraje ederra apurtzen duten hormigoizko eraikin erraldoia eta tximinia altua. Arabatik kilometro eskasera dago Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra, 1971n inauguratu zuten, eta geldirik dago 2012 amaieran Nuclenor enpresak itzali zuenetik. Espainiako Gobernuak uztailean erabaki zuen zentral nuklearraren eraistea abiatzea, eta haren zikloari amaiera ematea.


Autoa aparkalekuan uzten denetik bertatik argi dago tokia berezia dela. Zentralaren segurtasun neurriak zorrotzak dira, oso: hesi garaiz inguratuta dago, arantzazko alanbreak ez dira falta, eta kamerak nonahi ikus daitezke. Bertara sartzeko arauak ere hertsiak dira. Hainbat baimen eta debeku orri sinatu behar dira, eta kasko, zapata, betaurreko eta txaleko bereziak jantzi. Tornu eta segurtasun kontrol zorrotzak atzean utzita, Santa Maria de Garoñako zentralera sartu da BERRIA. Zentral nuklearraren huste eta eraiste prozesua bertatik bertara ikusiko du kazeta honek.

Nuclenorrek 2012ko abenduaren 16an itzali zuen behin betiko zentral nuklearra, baina barrura sartuta, iduri du denbora askoz lehenago izoztu zela. 1970eko hamarkadako estetika kitsch-a darie txoko guztiei: hormetan paratutako afixei, oraindik erabilgarri dauden aparatu zaharkitu batzuei, eta iraganeko diseinu futurista duten altzariei.

Zentralaren kontrol gela adibide argia da. Panel handi berde argi batean palanka, ezin deszifratuzko botoi eta argitxo sistema bat dago; horietako asko jada ez daude erabilgarri, eta, horregatik, antzeko koloreko xafla batzuekin estali dituzte. Oraindik, baina, erreaktorea babestea ahalbidetzen duen segurtasun sistema konplexu guztiak eta hozte zirkuitua kontrolatzeko gailuak martxan dituzte. Zentrala martxan zegoenean, lau pertsonak egiten zuten lan kontrol gelan. Orain, bik. Baina bi horiek esku artean duten zeregina ez dela nolanahikoa argi utzi nahi izan du gelako ardura duen langile batek: «Deseraikitzeko lanekin oraindik asko dugu egiteko».

Enresa enpresa publikoak hartu du Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra eraisteko ardura. Bi fasetan egingo dute prozesua, eta lanek hamar urte irautea aurreikusten dute, 2033. urtera arte. Eraisketa nolakoa izango den ulertzeko argibideak eman dituzte Manuel Ondaro eta Oscar Gonzalez Enresako arduradunek. Lehen faseak 2026ra arte iraungo du: turbinaren eraikinaren egiturak eta osagaiak deseraikiko dituzte, eta, bertako hondakinak kudeatu ahal izateko, hainbat instalazio moldatuko dituzte. Lehen fase honetan, gainera, erregai erradioaktiboa ur biltegitik atera eta han bertan eraiki duten «behin-behineko biltegi» batera mugituko dute.

Ikusi gehiago:Argazki galeria

Bigarren faseak 2026tik 2033ra arte iraungo du: behin erregaia aterata, «eraikin erradiologikoak» desmuntatuko dituzte, kutsadura kendu eta ingurua «leheneratuko» dute.

«Zentralaren ziklo operatiboa amaitzea dagokigu». Garoñako eraisketa prozesuaren arduradun nagusia da Ondaro, eta era ulerterraz batean azaldu du nola deseraikitzen den zentral nuklear bat. «Auto bat fabrikatik atera, erabili eta hondatzen denean, ez dugu zabortegi batera eramaten, ezta? Zentral nuklear batekin gauza bera gertatzen da. Arau batzuk errespetatu behar ditugu, eta bereziki kontu handiz egin behar dugu, arrisku erradioaktiboa dagoelako».

Garoñako zentrala eraisteko prozesua «segurua» izango dela behin baino gehiagotan azpimarratu dute Ondarok eta Gonzalezek. Kontatu dute deseraikitze lanetan segurtasuna bermatzea dutela helbururik behinena: «Langileen segurtasuna , ingurumenaren zaintza... Interferentziarik gabeko segurtasuna bermatzea da gure lehentasun bakarra, beste edozein helbururen gainetik», zehaztu du Gonzalezek.

Uranioa atera eta gorde

Kanpotik hormigoizko kubo hertsia da zentralaren eraikin nagusia. Barrutik, baina, oso bestelako itxura du: lau solairutan banaturik dago, eta, tutu nahaspila duten korridore luze eta labirintikoak igarota, esklusa astunak ireki behar dira toki batetik bestera igarotzeko. Zentraletik ibiltzeko, erradiazio maila neurtzen duen dosimetro bat eraman behar da une oro. Gailua kode baten bidez lotzen zaio bisitariari, eta ohiz kanpoko erradiazio maila jasoz gero, abisatu egiten du. «Dosia behar baino handiagoa balitz», alarma batek joko lukeela azaldu du Gonzalezek. Kazetarion kezka aurpegiak ikusita, lasaitasun mezua eman du segidan: «TAC bat egiten digutenean jasotzen dugun erradiazioa hemen urteak lan egiten jasotzen duguna baino askoz handiago da».

Bi atetzar astun igaro behar dira erreaktorea dagoen eraikinera igarotzeko. Zentralean segurtasun neurri hertsienak dituen gunea da, eta, hargatik, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren kamerek urtean 365 egunez zainduta dago. Eraisketaren ardura duen Enresa enpresako langileek esku artean duten erronkarik handiena bertan dago. Erakinaren goiko aldean, nukleoaren eskuinaldean, 11 metro sakon den ur biltegia dago. Bertan, ur azpian murgildurik, Garoñako zentrala martxan jarri zenetik erabili den erradioaktibitate handiko erregaia dago: 2.453 elementu erradioaktibo, hain zuzen ere. Elementu bakoitza lau metro luze da, eta 270 kilo pisatzen du. Banan-banan aterako dituzte erregai erradioaktibo denak edukiontzi berezietan— dagoeneko 52 erregai atera dituzte— zentralaren ondoko orube batean eraiki duten behin-behineko biltegira eramateko. Denera, 49 edukiontzi paratuko dituzte han, eta, oraingoz, bakarra eraman dute.

Ur biltegiaren ondoan jarraitu du azalpenak ematen Ondarok. Kontatu du erregai erradioaktiboa ateratzea «prozesu konplexua» dela, «tentu handiz» egin beharrekoa. Izan ere, uranioa da urtegitik kontainerretan ateratzen ari direna. Garoñako zentral nuklearraren barruan 400 tona uranio inguru dago. Edukiontzi bakoitzak bi aste inguru behar ditu erregaia urtegitik atera eta biltegira eramateko. Kalkulatzen dute 2026. urte amaierarako erregai guztia egotea behin-behineko biltegian.

Ikusi gehiago:«Hondakinak lurperatzea ez da irtenbide perfektua, baina ez dago besterik»

Garabi erraldoi batekin mugitzen dituzte edukiontziak toki batetik bestera. Horizontalki sartzen dituzte erreaktorea dagoen instalaziora, eta lurrean margotutako gezi gorri eta urdin batzuek markatzen duten bideari jarraituta doaz uretara. «Ur biltegira doazen edukiontziak hemendik eramaten dituzte», esplikatzen hasi da Ondaro. Tentu handiz egiten dela eta prozesu hori zaintza erradiologiko «zorrotz baten menpe» dagoela gaineratu du.

Ur biltegiaren albo batean dagoen gailu bat seinalatu du gero Gonzalezek, azalpenekin jarraitzeko. Alpha/Beta Air Monitor izena duen gailu elektroniko zaharrari begira, zera esan du: «Ekipo honek edozein intzidentzia atzematen badu airean, baita erradiazio mailarik txikiena ere, alarma pizten da». Gastatutako erregaia daramaten edukiontziekin ere segurtasun neurri zorrotzak dituztela erantsi du Ondarok. Eta berriro erakutsi ditu lurrean margotutako geziak, kasu honetan instalazioetatik kanpora doazenak. Azaldu du edukiontziak biltegira eraman aurretik kutsadura kentzen dietela, eta horretarako bi pauso egiten dituztela: lehortu egiten dituztela eta helioz egindako atmosfera geldo bat sortzen dutela barruko erregaiak narriatu ez daitezen.

%20 erradioaktiboak

Lehen fase honetan, ur biltegia hustu eta kutsadura kenduko diote zentralaren eremu erradiologikoari, eta turbinaren eraikinaren osagaiak deseraikiko dituzte. Turbina dagoen instalazioa hondakinak desklasifikatzeko gune bilakatzea da asmoa. Pabiloi erraldoi bat da, eta hor materialak zatitu egingo dituzte desklasifikatu eta prozesatu aurretik. Eraispenean 20.500 tona hondakin sortuko direla kalkulatu dute, baina denak ez dira erradioaktiboak izango, argitu du Gonzalezek: «Hondakinen %20 soilik dira erradioaktiboak». Nolanahi ere, zentralaren hustuketatik sortutako hondakin guzti-guztien erradiazio maila egiaztatu beharko dute: «Zentral honetan dagoen guztia kontrolpean izan behar dugu: eraikinak, hormak, blindajeak... Kilo bakoitzaren baldintza erradiologikoak dokumentatuak eta egiaztatuak izan behar ditugu».

Erradioaktiboak diren hondakin gehienak maila txiki edo ertainekoak izango dira, eta horiek Cordobako (Espainia) El Cabril hilerri nuklearrera eramango dituzte. Garoñako zentralaren turbina, esaterako, erradioaktibitate txikiko hondakintzat jotzen dute eta hara eramango dute, kamioetan, edukiontzi txikietan sarturik. Oraindik ez dute halako hondakinik bertara eraman.

Erradioaktibitate handiko erregaia, berriz, 300 metrora dagoen biltegian gordetzen hasi dira. Hondakin horiek behin-behinean izango dituzte hor, baina hori zenbat urte izango den ez dute zehaztu. «2073rako espero dugu sakoneko biltegi geologikoa eginda egotea, eta orduan hara eramango genituzke», zehaztu du Enresako prentsa arduradun batek.

Biltegia, aire zabalean

Zentraleko eremu erradiologikoa utzi aurretik, segurtasun protokolo zorrotza igaro beharra dago berriro. Dosimetroa irakurri du makina batek- erregistratutako erradiazioa 0,0koa izan dela dio eta, buzoa eta gainerako jantziak aldageletan utzi, oinetakoak lurrun makina batekin garbitu eta eskuak garbitu behar dira. Erradiaziorik ez dagoela egiaztatzeko azken urratsa falta da: kapsula itxi batean sartu, besoak gora luzatu eta eskuak zulo batzuetan paratuta, segundo batzuk itxaron beharra dago, harik eta ahots batek atzerako kontaketa hasten duen arte: «Bost, lau, hiru, bi, bat...Garbi!».

Erradioaktibitate handiko erregaia gordeko duten biltegira joateko dosimetroa ere eraman behar da. Biltegia aire zabalean dago, hesiez inguraturik eta kamerekin zainduta. Hektarea bat baino gutxiagoko zabalera du, eta bost edukiontzi baino ez daude: lau hutsik, eta bestea beteta. Biltegia bi harlauza sismikoen gainean eraikita dago, eta urte osoan IAEAk zaintzen du sistema sofistikatu baten bitartez.

Bisita amaitzear da, baina azken argibideak eman ditu Ondarok. «Zentrala hustu ondoren botako dituzte eraikinak eta tximinia, baina nola?», galdetu du kazetariak. «Kirurgia ebakuntza hutsa izango da», erantzun du. Ez dutela lehergairik erabiliko argitu du: «Diamante hostozko zerra batekin moztuko ditugu instalazio gehienak. Zentral nuklearra zatitxoetan ebakiko dugu».

Ikusi gehiago:Ezinegona eta zalantza ugari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.