Atzo amaitu zen IV. Euskaraldia: 11 egunez, milaka herritarrek hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa praktiko horretan parte hartu dute. Euskaraldia bukatu eta biharamunean, lehenengo balorazio bat egin dute koordinazio mahaiko eragileek. Oro har gogoeta positiboa egin dute, eta jakinarazi dute ia 135.000 lagunen izen emateak jaso dituztela.
Jon Kobeaga Euskaraldiko koordinazio orokorreko kideak adierazi duenez, ariketak lortu du euskararen erabilera «berriz ere erdigunera» ekartzea: «Hamaika egun horien bueltan, hedabideetan, ikastetxeetan, lantokietan eta erakundeetan euskararen inguruan hitz egin da, eta erabileran eragin beharra berriz ere azpimarratu da». Gaurtik aurrera Euskaraldia beste fase batean sartu dela iragarri du, eta hurrengo hilabeteetan «balorazio sakonagoak» egingo dituztela. Hori dela eta, parte hartzaileei dei egin diete Euskaraldiaren webgunean euren bizipenak parteka ditzaten: Euskaraldia.eus.
Ia 135.000 lagunen izen ematea jaso dute, baina Javier Arakama Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzaileak ohartarazi du oraindik ez dituztela izen emate guzti-guztiak zenbatu, batzuek paperezko orrietan eman baitute izena. Horrez gain, esan du jende askok izenik eman gabe hartu duela parte, «aurreko urteetan izena eman zutelako eta berriro ematea beharrezkoa irudi ez zaielako, edo aurreko edizioko txapa etxean gordea zutelako». Herri askotan, izen emateak baino txapa gehiago banatu dituzte. «Horrek adierazten du datuek erakusten duten baino jende gehiago dagoela euskararen erabileran jauzi bat egin dadin gogoz», adierazi du Arakamak.
«Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea da Euskaraldiaren lehen egitekoetako bat»
IRATI IZIARTaupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria
Hausnartu beharreko kontu bat ere mahai gainean jarri du Arakamak: «Nahi baino txapa gutxiago ikusi ditugu kalean». Argi utzi du horren arrazoiak aztertuko dituztela, txapa «ezinbesteko elementua» baita ariketa «modu eraginkorrean» egiteko. Bide beretik, Kobeagak azpimarratu du «arreta bereziz» aztertuko dutela auzi hori.
Antolatzaileek uste dute orain arte iritsi ez diren herritar geruza batera iritsi direla aurten. «Zabaltzeko beste pauso bat eman du, beraz, ariketak», azaldu du Arakamak. Aditzera eman dutenez, orain arte parte hartu ez duten «askok» hartu dute parte Euskaraldian, entitateren baten bitartez ezagutu dutelako, edota egitasmoa sustatzeko antolatutako batzorderen bat haiengana iritsi delako. Izan ere, Kobeagak gogoratu du zenbait eremutan lehen aldiz antolatu direla batzordeak, eta horiei esker lortu dutela jende gehiagorengana iristea.
450 herri
Inoiz baino herri gehiagoren artean ere antolatu dute aurtengo Euskaraldia, Irati Iziar Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakariak jakinarazi duenez. Hain justu, 450 herri murgildu dira ariketan. Hori ez da «kasualitatea»: «Esfortzu handia egin da mugimendu hori sortzeko». Iziarren arabera, datu horrek erakusten du «inoiz baino herri gehiagotan» piztu dela «ariketaren beharraren ideia eta hori antolatzeko ilusioa».
Taupako lehendakariak gogora ekarri duenez, Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsuenetako bat da tokian-tokian sortzen diren batzordeak «hauspotzea, zaintzea, babestea, informazioa eta aholkularitza ematea eta laguntza eskaintzea». Harentzat «ederra» izan da tokian-tokian sortu den mugimenduaren «lekuko eta bidelagun» izatea, «Euskal Herri osoko herri eta auzoetan euskararen inguruko mugimendua sortzea» baita Euskaraldiaren lehen egitekoetako bat.
Herrietako batzordeei dagokienez, David Aire Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduradunak esan du «aurreko aldietan bezain osasuntsu eta indartsuago» aritu direla aurten. Horren erakusle da herrietan eta auzoetan «ekitaldi andana» antolatu dituztela eta horrek ugaritu egin dituela euskaraz hitz egiteko aukerak. Zera erantsi du Kobeagak: «Izugarria izan da herriz herri ariketak lortu duen mugimendua».
«Apurka-apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak lanean»
JON KOBEAGAEuskaraldiko koordinazio orokorreko kidea
Entitateen parte hartzea nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok. Kasu horretan ere inoiz baino handiagoa izan da kopurua: 7.500 entitatek hartu dute parte aurtengo Euskaraldian. Aldasorok azpimarratu du mota askotako entitateak izan direla ariketaren parte. Entitateek agerian utzi dute euskararen erabileran jauzi bat egin nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak egiteko prest daudela.
Urtaro aldaketa «oso ondo» baloratu dute batzordeek eta eragileek, Airek azaldu duenez. Hori izan da Euskaraldiaren berrikuntza nabarmenetako bat: aurreko aldietan udazkenean egin dute; oraingoan, berriz, udaberrian. «Aldartean eta giroan onura» ekarri du aldaketa horrek, bai herrietan, baita batzordeetako kideen artean ere.
«Badakigu Euskaraldia eraginkorra dela, eta edizio honetan ere ikerketak adieraziko digu zehatzago emaitzak zeintzuk diren», esan du Kobeagak, eta azaldu aurrerago emango dutela emaitza horien berri. Koordinazio orokorreko kideak argi utzi du hizkuntza ohiturak ez direla «gauetik goizera» aldatzen. Hori dela eta, lanean jarraituko dute: «Apurka-apurka, urratsez urrats, bizipenez bizipen, lehen hitza euskaraz egitea eta elkarrizketa elebidunak izatea guztiontzat ohikoa bihurtu arte jarraituko du Euskaraldiak lanean».