«Ia enpresa ertain bat», duin zaintzeko

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak etxeko langileen egoera aztertu du: haien premiei begiratu diete, baita langileak kontratatzen dituzten familienei ere. Azaldu dute funtsezkoa dela «aliantzak» eraikitzea

Jone Urionaguena, Antton Elosegi, Elena Ghidoni eta Tatiana Bellorin, atzo, Errenterian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Errenteria
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
78 urte bete berri ditu Arantxa Gurmendik. Goenkale telesail ezaguneko aktorea izateagatik da, besteak beste, ezaguna, eta bizitzaren beste hamaikatxo bat borrokatan ere bidea urratu zuelako, indartsu. Ahitua du garai bateko argia; urteak daramatza alzheimerrarekin. «Lehengo urtean, Zorionak zuri! abestu genioenean, adierazi zuen zerbait; aurten, ez», Antton Elosegi bikotekideak emandako xehetasuna da, atzo, Errenterian (Gipuzkoa), Etxeko enplegua, lan duina herritar duinen alde jardunaldian hitz egin aurretik. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatu zuen, eta baliatu nahi izan zuten, besteak beste, etxeko langileei eta haiek kontratatzen dituzten familiei hitza emateko abian duten egitasmoaren berri emateko. «Gutako edozein enplegatzaile bihurtu daiteke edonoiz», azaldu zuen saioaren hasieran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako ordezkari Jone Urionaguenak. Elosegik, adibide gisa, azaldu zuen zenbat zaintzaile dituen kontratatuak andreari «zaintza duin bat» emateko: «Enpresa ertain bat naiz ia. Hiru lagun ditut. Zaintzen duten horrek 24 orduko zaintza behar du».

Urionaguenak azaldu zuen SOS Arrazakerian urteak daramatzatela etxeko lanetan diharduten andreen premiei adi. Onartu zuen, ordea, «enplegatzaileen» begirada falta zitzaiela. Antzemana zuten zenbait familiak kezka zutela, eta horixe bilatu dute orain. Ez da batere prozesu erraza izan. Erakundearen izenean, Tatiana Bellorin teknikariak azaldu zuen balantza desorekatuta dagoela oraindik. Langileekin harreman joria dute, trinkotua. «Berrehun kontaktu baino gehiagoko Whatsapp talde bat dugu haiekin», esplikatu zuen. Familiengana iristea gehiago kostatu zaie. Gaiaren gainean galdera egin, eta batek baino gehiagok luzamenduekin erantzun dietela gogoratu du. Bidean, halaber, aurkitu dituzte «akitutako» familia ugari, etxeko zaintza arazoak nolabait konpondu, eta beste deusetarako astirik eta erarik ez dutenak. «'Bale, ikusiko dut', esaten ziguten familia enplegatzaile askok. Zaila izan da haiekin harremanetan jartzea».

Jakina, horrek ez du laguntzen etxeko langileen lan baldintzak hobetzen, ezta haiek ematen duten zerbitzua «duintzen» ere. «Finean, langile batek behar du bere lan baldintzak errespetuzkoak izatea, legea betetzea», gogoratu zuen Bellorinek. Gutxienekoa da hori, baina, usu, hori betetzea ere amets bat da oraino, eta lortzen zaila, egiturazko arazoengatik: «Esaterako, egoera oso zaila da paperak ez dituztenentzat». Nabarmendu zuen, halaber, familia askok jotzen dutela bitartekari jarduten duten enpresetara «kontratazioari buruz-eta ez dakitelako deus», eta horien jarduteko era ere ez dela beti onena.

Arazo «ekonomikoa»

«Zaintzaile» den heinean egokitu zaio Elosegiri «enplegatzaile» ere izatea. Onartu du ez dagoela irtenbide errazik mendekotasun handiren bat dutenen kasuan: «Nire ustez, erabateko mendekotasuna duen norbait zaintzea oso zaila da hiru pertsona baino gutxiagorekin». Haren kasuan, egun osoko lanaldia egiten du batek, osatu egiten du beste batek, eta asteburuetarako dute hirugarren zaintzailea. Jakina, «arazo ekonomiko bat» da hori. Haiek bi «pentsio on» dituztela onartu du, eta horrek zelaitu duela bidea. «Baina jende askok zahar etxeetara jotzen du; jende gutxi dago hiru zaintzailerekin», onartu du.

Kezkaz entzuten ditu askotan administrazioak helarazten dituen mezuak. «'Etxean ondo', esaten da. Badirudi mendekoak etxean egotea nahi dutela. Baina, jende gehienarentzat, oso zaila da etxean egotea, ia ezinezkoa», ohartarazi du. Ataka aski zailean uzten ditu horrek familia asko, eta Elosegik administrazioaren konpromiso argiagoaren premia sentitzen du: «Nik nahi nuke enplegatzailea administrazioa izatea; ezinezkoa da egun». Arazoaren funtsa hor dagoela uste du, ordea: administrazioak horretan duen hutsunean. «Bizitzaren azken fasea familien esku uzten da, eta familiak ez gaude prest, eta familiak, gainera, txikitzen ari gara». Hortik kezka: «Ez dakit etxean ondo ereduak zer etorkizun izan dezakeen».

Familiak, «itota»

Alde horretatik, Elosegik pentsatzen du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak langileen eta familien arteko harremanak sendotzeko martxan jarritako egitasmoa «interesgarria» dela. «Zaintza duina» lortzeko helburua ikusten du horren muinean: «Eta, horretarako, zaintzak duindu egin behar dira». Bitartean, ordea, «itota» ikusten ditu familia asko inguruan. «Dementzientzat-eta, inor ez dago prest». Haien kasuan gaixotasuna «poliki» joan zela gogoratu du, eta «prestatzeko» denbora izan zutela. Askotan, ordea, egun batetik bestera sartzen dira etxeetan zaintza premia gorriak. Eta jada zahartuta dauden pertsonek aurre egin behar izaten diete. «Gu geu ere oso helduak gara ja». Eta lanean dabiltzanentzat sarri «nahasmendua» oraindik handiagoa izaten dela onartu du. «Lanean ari den batek mendeko bat zaindu behar badu, mundua gainera erortzen zaio».

COVID-19aren pandemiak lagatako arrastoen eta gabezien segidan EB Europako Batasunean sortutako egitasmoa da Resistire Project, eta gauzak egiteko era «berritzaileak» sustatzen ari dira. Hala nola SOS Arrazakeriak bultzatutako egitasmo hau «monitorizatu dute», haren garrantziaz jabetuta. «Oso interesgarria iruditu zitzaigun arrazismoaren kontrako erakunde bat izatea sustatzailea. Sareak ehundu dituzte; hori ona da», esan zuen proiektuko ordezkari Elena Ghidoinik.

Behin egitasmoa martxan jarrita, langileen eta familien artean «aliantzak» lortzen saiatzen direla adierazi zuen Urionaguenak. Bide horretan ikasbideak ateratze aldera, etxeko langileen eskubideen ordezkari Grace Paparen eta Carmen Britezen online hitzaldiek osatu zuten atzo programa. Errenterian bertan, Italiako enplegatzaileen ordezkariak izan ziren, eta Austriako etxeko langileen ordezkari bat. Eta politika publikoetako aditu Maria Bastidasek eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik itxi zuten jardunaldia, «zaintza» ardatz hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.