Presoak

Iñaki de Juana Chaos euskal presoak gose greba mugagabea hasi du

Gose greba mugagabea hasi du Iñaki de Juana Chaos euskal presoak. Algecirasko espetxean dago. 19 urte eta erdi daramatza preso. Epaitu zuten Zigor Kodearen arabera, 2004ko urriaren 25ean kalean behar zuen, zigor osoa beteta. Baina kartzelan zela beste auzi bat ireki diote, =i Gara=i egunkarian argitaratutako bi iritzi artikulurengatik. Fiskalak 96 urteko espetxe zigorra eskatu du harentzat. Epaiketaren zain, espetxean jarraitzen du. Eguneko 23 ordu bakartuta ziegan, eta egunean patio ordu bat, hori ere bakarrik.

2006ko abuztuaren 15a
13:27
Entzun
Gurutze Izagirre

«Beste aukerarik ez du ikusten, urtebetean gogoeta sakona egin du eta gose greba mugagabeari ekin dio». Hala adierazi dio Edorta Agirrek, Iñaki de Juana Chaosen lagunak, BERRIAri. Abuztuaren 7an hasi zuen gose greba. «Eta atzera egiteko inolako asmorik ez du», gaineratu du. Joan den larunbatean egon ziren azkenekoz De Juanarekin. Sendo eta egin behar duenarekin ziur dela dio.

Bi arrazoi nagusik eraman dute De Juana gose greba mugagabean hastera: zigorra betea duela eta beste deliturik ez duela egin; eta egiten ari diren bidegabekeria onartezina dela, eta edozeini gerta dakiokeela berari gertatutakoa.

Bestetik, euskal herritarren kontzientzietan eragitea du helburu.

«Gorriak eta bi» ikusi ditu De Juanak espetxean. Agirreren arabera, De Juanaren aurka gogor tematu da espetxea. Besteak beste, gogorarazi du joan den abenduan espetxean instantzia bat egitera joan zela, eta normalean funtzionarioak egoten diren gela bat dagoela bidean, eta De Juana joan zenean, funtzionarioak falta zirela. Bat-batean gizon bat atera eta kokotekoa eman zion. Konorterik gabe geratu zen De Juana. Eraso haren egilerik ez da oraindik azaldu. Gainera, egin izan dizkioten lekualdaketa gehienetan jo egin dutela azpimarratu du Agirrek. Horiek espetxean pairatu behar izan dituenen zertzeladak baino ez dira.

Horretaz gain, 1.250 kilometrora dago Algecirasko espetxea Euskal Herritik. 2.500 joan-etorrian. Senideek eta lagunek asteburu osoak pasatzen dituzte errepidean De Juanarekin minutu gutxi batzuk egoteko.

Birritan zigortua

De Juana 1987ko urtarrilaren 16an atxilotu zuten. Epaitu zuten Zigor Kodearen arabera, 30 urteko espetxe zigorra bete behar zuen. Erredentzioak aintzat hartuta 18 urte bete zituenean, 2004ko urrian, aske behar zuen. Espetxeko atea irekitzear zela, baina, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salak esan zuen erredentzioetan hainbat irregulartasun topatu zituztela eta haiek aztertu artean preso segitu behar zuela. Espetxe Zaintza Zentralak erredentzioak ikuskatzeko eskumena bere gain hartu duenetik, nabarmen kaltetu dira euskal presoak.

Bien bitartean, beste auzi bat ireki zioten De Juanari 2004ko abenduaren 1ean eta 30ean Gara egunkarian argitaratutako bi iritzi artikuluengatik.

Iritzi artikulu horiek erakusten zuten, 1. Zigor Salaren arabera, De Juana ETAko kide dela, eta hainbat funtzionario mehatxatuta senti zitezkeela iritzi zioten. Iritzi artikuluen ikerketa Fernando Grande Marlaska epaileak ireki zuen. Auzi hori Santiago Pedraz epaileak hartu zuen gero. Ebatzi zuen iritzi artikulu horiek adierazpen askatasunaren eremuan zeudela, eta auzia itxi zuen. Baina fiskalak eta AVTk helegitea jarri zuten, eta 1. Zigor Salak arrazoi eman zien. Beraz, Pedrazen erabakia atzera bota zuten, eta Pedrazi De Juana auzipetzeko eskatu zion Salak. Legeen arabera, ezin da zigortu pertsona bat espetxean dagoen artean zigortua izan den arrazoi beragatik.

Baina fiskalak 96 urteko espetxe zigorra eskatu du. De Juanaren egoeraren salaketa egiten duen kartelak ikusten hasiak dira kalean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ere agerraldian egingo du bihar. Bizi guztirako kartzela zigorra ezarri nahi diotela salatu dute zenbait eragilek. De Juana «berriro bizirik ikusiko ote duten kezka» dute senideek eta lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.