Hondakinak

Iñaki Errazkin izango da Gipuzkoako Ingurumen diputatu berria

Juan Carlos Alduntzin izan da Ingurumen diputatua orain arte; uztailaren 6an kargutik kentzeko agindu zuten Batzar Nagusiek, EAJren, PSE-EEren eta PPren zentsura mozioa zela medio. Errazkinek astelehenean hartuko du kargua.

2012ko uztailaren 20a
19:50
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Iñaki Errazkin izango dela Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu berria. Astelehenean hartuko du kargua. Martin Garitano ahaldun nagusiak gaur sinatu du Juan Carlos Alduntzin postutik kentzeko agindua. Garitanok azaldu du Errazkinek "ibilbide luzea eta esperientzia handia" duela hondakinen kudeaketan eta horregatik hautatu dutela kargurako.

Haritz Salaberria Lezoko alkate ohi eta ahaldun nagusiaren kabineteko taldeko kideak kargua hartuko zuela zabaldu zen duela egun batzuk, eta Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak hala berretsi zuen, prentsaren aurrean. Gaur, ordea, agerraldia egin du Martin Garitano ahaldun nagusiak, eta jakinarazi du Iñaki Errazkin izango dela Alduntzinen ordezkoa.

Errazkin Azpeitiko alkate izan zen aurreko agintaldi hasieran. Iazko hauteskundeez geroztik, Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinete burua izan da. EAJk, PSE-EEk eta PPk Alduntzin kargutik kentzeko zentsura mozioa aurkeztu, eta onartu egin zuten Batzar Nagusiek uztailaren 6an.

PSE-EEk aste honetan egonezina agertu du diputazioa Alduntzinen kargugabetzea atzeratzen ari zelako. Ahaldun nagusiak astelehenean kenduko du Alduntzin kargutik, eta orduan hartuko du ardura berria Errazkinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.