Lau egun baino ez dira falta EHUko errektoretzarako hauteskunde kanpaina hasteko, eta, oraingoz, Iñaki Goirizelaiarena (Mungia, 1958) da hautagaitza bakarra. Gaur aurkeztu ditu bere egitasmoa eta lantaldea egungo errektoreak —2008tik dago karguan—, Bilbon emandako prentsaurreko batean. "Ilusioa, proiektua eta taldea" dituela adierazi du. Baliteke hura baino ez izatea hautagai bakarra, BERRIAk irailaren 28an aurreratu zuen bezala.
EHUk "2014ra arteko finantza egonkortasuna" duela esan du Goirizelaiak, eta horrek "lasaitasuna" ematen diela. Unibertsitatea da, haren arabera, euskal gizartearen "etorkizuna eta aldaketarako motorra".
Lantaldea
Goirizelaiaren taldeko beste kideak: Jose Luis Martin (idazkari nagusia), Lore Bilbao (kudeatzailea), Carmelo Garitaonandia (Bizkaiko campuseko errektoreordea), Javier Garaizar (Arabako campuseko errektoreordea), Ana Arrieta (Gipuzkoako campuseko errektoreordea), Amaia Zarraga (Berrikuntza errektoreordea), Nekane Balluerta (Graduondoko ikasketa eta Nazioarteko harremanetako errektoreordea), Maite Zelaia (Ikasleak, Enplegua eta Gizarte Politiketako errektoreordea), Xabier Etxaniz (Euskara errektoreordea), Fernando Plazaola (Ikerketa errektoreordea), Javier Gil (Giza baliabideetako errektoreordea), Amaia Maseda (Proiekzio eta Transferentzia errektoreordea).
Taldean jende berri asko dagoela esan du Goirizelaiak. "Izan ere, orain arteko taldean kudeaketan ibilbide luzea egin duten lagunak daude, eta jarduera akademikora itzultzeko beharra dute".
Bozketa eguna, abenduaren 4an
Astelehenean hasiko da hauteskunde kanpaina. Boto elektronikoa azaroaren 19tik 28ra artean eman ahal izango da, eta bozketa eguna abenduaren 4an egingo dute, 09:00etatik 18:00etara. EHUko errektorea hautatzeko bigarren itzulia beharko balitz, abenduaren 13an egingo lukete bozketa.