Iñaki Goirizelaia Ingeniaritza Telematikako katedradunak EHUko errektore izateko hautagaitza aurkeztu du gaur. Egun EHUko zuzendaritzan dauden kide batzuk daude haren zerrendan eta, horregatik, bere hautagaitzak erakundeari "egonkortasuna" emango liokeela uste du Goirizelaiak. "Inork baino hobeto ezagutzen dugu unibertsitate hau, eta prestatuta eta ilusionatuta gaude", esan du. Bizkaiko kanpuseko errektoreordea da.
Haren taldean, Karmelo Garitaonaindia Kazetaritza katedraduna da Bizkaiko kanpuseko errektoreorde izateko hautagaia, Eugenio Ruiz Urrestarazu Analisi Geografiko Erregionaleko katedraduna Arabakoa izateko eta Cristina Uriarte Kimika irakaslea Gipuzkoakoa izateko.
Eztabaida politikoak aparte utziko dituela nabarmendu du Goirizelaiak -"hori ez baita gure gerra"-, eta arlo akademikoan baino ez dela zentratuko.
Juan Ignacio Perez Iglesias da EHUko gaurko errektorea baina, duela hilabete batzuk hautagai bakarra izateko boto adina lortu ez zuenez, erretiratzea erabaki zuen. Haren "unibertsitate eredu bera" daukala dio Goirizelaiak.
Abenduaren 4an izango da EHUko hauteskundeak. Marisol Esteban Ekonomia Aplikatuko katedraduna ere izango da errektoregai -bihar egingo du aurkezpena-.
Unibertsitatea