Iaz %29 sexu eraso gehiago salatu ziren EAEn

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, iaz 140.000 delitu baino gehiago erregistratu zituen Poliziak; tartean, indarkeria matxistari lotutako 7.000 baino gehiago.

Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Ertzaintzaren auto bat, artxiboko irudi batean. JUAN HERRERO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko maiatzaren 7a
14:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskadiko segurtasun publikoaren egoerari buruzko 2024ko txostenaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 141.190 arau hauste penal erregistratu zituzten Ertzaintzak eta udaltzaingoek iaz. Horietatik %19 inguru ziberdelituak dira; dena den, era horretako arau hausteek behera egin dute. Gora egin dute, ordea, delitu presentzialek; besteak beste, sexu erasoek. Gorakada nabarmena izan da, %29koa, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak «zifra beltzen» beherakadarekin lotu du, hein batean; hau da, eraso bat pairatu ostean, gero eta gehiagok jartzen dutela salaketa.

Pandemia zela medio, delituak gutxitu egin ziren 2020an, baina ordutik goranzko joera izan dute. Zehazki, Zupiriak azaldu du iaz %2 egin zutela gora, 2023ko datuekin alderatuta. Horien artean, ia bostetik bat ziberdelituak dira, eta nagusiki iruzurrak izan dira. Hala, Zupiriak adierazi du zibersegurtasuna «oinarri estrategiko» gisa jorratu nahi dutela, eta horri erantzuteko urratsak egin dituztela Ziberkriminalitatearen Plan Estrategikoan ezarritako bidetik. Besteak beste, Zibersegurtasuna Koordinatzeko Ertzaintzaren Burutza bat sortzeko xedea dute. Izan ere, Segurtasun Sailaren arabera, hurrengo urteetako bilakaerari erreparatu beharko zaio zehazteko ea iaz izandako beherakada «joera bihurtzen den edo aparteko fenomenoa den».

Hala, iaz ziberdelituak murriztu egin ziren, eta delitu presentzialak, aldiz, ugaritu; %3 egin zuten gora. Horien artean, ondarearen arteko delituak dira gehienak, guztien %58. Tartean dira ebasketak, lapurretak, kalte materialak... Hain zuzen, Zupiriak adierazi du delitu mota hori dela herritarren segurtasun pertzepzioan eragin nabarmenena duena, batez ere, hiriguneetan. Izan ere, azaldu duenez, delitu presentzialen erdia inguru EAEko hiru hiriburuetan gertatu ziren iaz.

Pertsonen aurkako delituei dagokienez, berriz, Zupiriak sexu askatasunaren kontrako delituak azpimarratu ditu. Azaldu duenez, iaz 1.105 sexu eraso salatu zituzten, aurreko urtean baino %29 gehiago. Aurrez, 2023an, salaketek %128 egin zuten gora. Gainera, horien %27 bortxaketak dira, txostenean zehazten denez. Dokumentuaren arabera, gorakada hori «salatzen ez direnen kopurua jaitsi izanaren ondorio izan daiteke», eta 2022an egindako lege aldaketa eta kontzientziazio kanpainak erabili ditu argudio gisa. Horrez gain, zehazten da erasoen %85 «argitu» dituela Poliziak, nahiz eta erasotzaileak identifikatzea oztopo izaten den sarri.

236 gorroto delitu

Era berean, Segurtasun Sailak zehaztu du iaz Ertzaintzak indarkeria matxistari lotutako 7.118 arau hauste penal erregistratu zituela, urtebete lehenago baino %8 gehiago. Horietatik hiru laurden genero indarkeria gisa kalifikatu ditu, %17 etxeko indarkeria gisa, eta %11 sexu askatasunaren kontrako delitutzat. Gainera, Ertzaintzak indarkeria matxistaren 5.634 emakumezko biktima artatu zituen iaz, 2023an baino 399 gehiago.

Txostenaren arabera, 2024an 236 gorroto delituren berri izan zuen Poliziak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gehienak (%61,2) arrazakeria edo xenofobia dute oinarri, eta ia laurden batek (%22,8) sexu orientazio edo identitatea. Gutxiago dira ideologia, erlijioa edo generoa oinarri dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.