Iaz baino %5,8 ikasle gehiago izango dituzte euskara ikasteko EAEko 107 euskaltegiek. 2000. urteaz geroztik izan den emaitzarik onena da. Datu horiek Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak jakinarazi ditu, Bilbon eman duen prentsaurrekoan.
Baztarrikaren aburuz, egungo joera ikusirik datorren ikasturtean 39.000 eta 40.000 ikasle izan daitezke euskara ikasteko matrikulatzen direnak. Euskara ikaslearen soslaiari dagokionez, emakumezkoa da nagusi (%69,18), eta 30 eta 55 urte bitarte ditu (36 eta 45 urtekoak %29,51 dira, ehuneko handiena). Adinaren batez bestekoa 35 urtekoa da. Ikasleen ikasketei dagokionez, %28,81 lizentzitua da eta %20,69k administrazio publikoan egiten du lan. Baztarrikaren irudiko, horrek esan nahi du euskara ikasten dutenek ez dutela soilik eremu horretan euskara baloratzen delako ikasten.
Euskara ikasten duten atzerritarren kopuruak gora egin du; hirukoiztu egin da, hain justu. 2000-01 ikasturtean, 476 ziren eta, 2008-09an, aldiz, 1.600. Ikasle guztien %4 dira atzerritarrak.
Gizartea