Iaz baino ikasle gehiago lortzea du xede AEK-k aurtengo matrikulazioan

'AEK-k hitza ematen dizu' kanpainaren bidez iaz lortutako 12.252ko muga gainditzea espero dute elkarteko buruek

Bilbo
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ikasturte berria hastear dagoela, matrikulazio kanpaina aurkeztu du AEK-ko Artezkaritza Kontseiluak, AEK-k hitza ematen dizu lelopean. Euskal Herriaren luze-zabalean hedatutako 101 euskaltegitan izango da aukera euskara ikasteko. Helburua jarri dute: iaz baino ikasle gehiago matrikulatzea. 12.252 izan ziren iaz.

17.Korrikako euskalakariak gogora ekarriz aurkeztu zuen atzo AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak 2011-2012ko ikasturtea. «Ez da nahikoa egun batzuez euskalakari izatea. Egunero izan behar dugu», adierazi du. Hala, gaineratu du heldu den ikasturteko helburua dela euskaltegiak euskalakariz betetzea.

«Euskara maitatu, ikasi eta erabiltzen duena. Euskara maitatuz, euskara hobetzeko ahaleginak egiten dituena. Horretarako urratsak egiten dituena da euskalakaria», argitu du Mugikak. Hori dela eta, aurtengo helburua «herritar guztiak euskalakari izango diren Euskal Herri euskalduna lortzea» dela gaineratu du. Hortaz, euskaraz ikasi nahi duenari «hitza emateko» konpromisoa aurkeztu dute AEK-ko ordezkariek.

2010-2011ko ikasturtean, 12.252 izan ziren guztira AEKn euskara ikasten aritutakoak, eta 653, lanean aritutako irakasleak. Bizkaian izan zen ikasle kopuru handiena: 5.411. Gipuzkoan 2.581 izan ziren, Araban 1.510, Nafarroan 1.328 eta Ipar Euskal Herrian 1.162. Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoa dira euskaltegi gehien dituzten lurraldeak: 37 eta 24, hurrenez hurren.

Mugikak azaldu duenez, aurten ikasle gehiago izatea espero dute, «euskalakari hitzak ez duelako gaurkotasunik galdu». Horregatik, hitzaren indarra eta iraupena aldarrikatzeko deia zabaldu du. «Hizkuntza maitatzea lehen urratsa bada ere, hori ez da nahikoa, ikasi eta erabili egin behar da», gaineratu du, izena emateko deia egitearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.