Iaz Irunen eta Bilbon artaturiko migratzaileak erdira jaitsi ziren

2019an, bidean zeuden 4.244 migratzaile hartu zituzten; aurreko urtean 8.662 izan ziren. Artolazabal: «Datuen atzean gizakiak daude»

Beatriz Artolazabal, lehena ezkerretik, Irungo harrera etxean, atzo. BERRIA.
gotzon hermosilla
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bidean zeuden 4.244 migratzaile artatu zituzten 2019an Bizkaian eta Gipuzkoan dauden bi harrera guneetan, hau da, aurreko urtean hartutakoen erdiak gutxi gorabehera, 2018an 8.662 artatu baitzituzten. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburu Beatriz Artolazabalek eman ditu datuak, Irungo harrera etxera (Gipuzkoa) egindako bisitan.

4.244 pertsona horietatik, gehien-gehienak, 3.465 (%82), Irungo harrera gunean artatu zituzten. Europako bidean zihoazen migratzaileak ziren, edo Frantziako agintariek atzeman eta kanporatutakoak. Gainerakoak, 779, Bilbon hartu zituzten. Urtarrila izan zen migratzaile gehien hartu zuten hila: 2019an artatutakoen %20 hil horretan iritsi ziren.

2018an jo zuen goia Euskal Herrian bidean doazen migratzaileen aferak. Urte hartako uda hasieran, migratzailez beteriko autobus bat iritsi zen Donostiako geltokira, geroago gehiago heldu ziren, eta horrek erantzutera behartu zituen erakundeak. Horren ondorioz zabaldu zuten Irungo aterpetxea, eta gobernuz kanpoko zenbait erakundek kudeatu zuten. Aterpetxea txiki gelditu zen laster, eta joan den urrian berria zabaldu zuten, gaur egun indarrean dagoena. Ehun lagunentzako tokia du, eta egunean 24 orduz egoten da zabalik.

«Zenbaki horien atzean pertsonak daude, eta horiek dira benetan garrantzitsuak», azaldu du Artolazabalek. Gogorarazi du 2018an migratzaileak iristen hasi zirenean «nekeza» izan zela, «fenomeno berri eta konplexua» izan zelako. «Euskal gizarteak eta erakundeok erantzun osoa, egokia, gizalegezkoa, neurritsua, iraunkorra eta elkartasunezkoa eman diogu errealitate horri», azaldu du.

«Euskadi gizarte abegikorra da, eta laguntzen saiatzen da, guri ere lagundu egin zigutelako», esan du Artolazabalek.

Migratzaileen Foroa, bihar

Nafarroan, bihar eratuko da Migratzaileen Foroa, Nafarroako Gobernuaren Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak sortuko duen organo «parte hartzaile eta aholku emailea», jatorria beste herrialde batean duten herritarren iritziak jasotzeko. 150 elkarte baino gehiago gonbidatu dituzte lehen bilerara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.