Denbora gutxi falta da sanferminetarako, baina iazko txupinazoan Udaletxe plazan izan ziren istiluen oihartzunak gaurdaino iritsi dira. Ekainaren 21ean, Nafarroako Auzitegian hiru adingabe epaituko dituzte, desordena publikoak eragitea eta agintarien kontrako erasoak egiteaz akusatuta. Zaintzapeko askatasuneko 18 hilabeteko zigorra eskatu dute horientzat. Gainera, auzi berean, beste hamahiru lagun daude inputatuta, baina horien epaiketaren gaineko datarik ez dago jarrita oraingoz. Atzo, Iruñean prentsaurreko bat eman zuten inputatuek, eta gogor salatu zuten jaien hasierako istiluak udaltzainek eragin zituztela.
Hori frogatzeko bideo bateko irudiak eskaini zituzten atzo—YouTuben ikus daiteke hiru minutuko bideoa, bilatzailean txupinazo 2010 idatzita—. Suziria bota aurreko unetan, Iruñeko gazte batzuk ikurrin erraldoi bat zabaltzen hasi ziren. Berehala, udaltzain talde bat sartu zen Udaletxe plazan, jendea bultzatuz eta borrekin gogor kolpatuz. Bideoan udaltzain batzuk ukabilkadak jotzen ikus daitezke. Euren artean kaleko jantzitako udaltzainak ere baziren. Pixkanaka, ikurrina zuten gazteengana hurbilduz joan ziren, eta orduan erabili zuten udaltzainek indarkeria gehien, ikurrin erraldoia eskuetatik kentzeko. Zabal daitezkeen borrekin, bultzu eta kolpeak jo zizkieten nola edo hala ikurrinari eusten zieten lagunei. Azkenik ikurrina kendu zieten.
Istilu horietan, norbaitek botila bat jaurti zuen. Udaletxe plazaren alde batean txupinazoa noiz botako zain zegoen gazte madrildar bati jo zion buruan botilak, eta, ondorioz, zauri larriak eragin zizkion. Aurpegiaren zein gorputzaren eskuinaldean paralisia du, eta hitz egiteko zailtasunak. Gazte madrildarrak, berriki, eskaera egin du auzitegian erasoen erantzule zibil Iruñeko Udala egiteko. Antolatzailea izanik festaren bilakaera normalaren zaintzaile izan behar duela iritzi dio.
«Poliziak eraso zigun»
«Irudiak ikusi besterik ez dago». Atzoko prentsaurrekoan, Iruñeko gazteek gogor salatu zuten istiluak udaltzainek eragin zituztela: «Poliziak eraso zigun guri, ez alderantziz, amorruz kolpeka hasi ziren, ikurrina kendu nahian». Ulertezina egiten zaie festetako segurtasunaren arduradun izan beharko luketenek «halako arrisku handiko egoera» sortzea.
Gogoan izan zuten ere zauritutako gazte madrildarra. «Gure elkartasuna adierazi nahi diogu gazte honi eta haren gertukoei, eta jendaurrean adierazi penagarria iruditzen zaigula gertatutakoa». Tamalgarritzat ere jo zuten modu horretan pertson bati bizitza baldintzatuta geratzea. «Festa egiteko tokia behar duena guda-zelai bihurtu zuen UPNk».
Azpimarratu dute botilakada horren ondorioz bi gazte daudela auzipetuta. Operatibo horretako udaltzainburuak horietako bati egotzi zion botila jaurtitzea «inongo zalantzarik gabe». Gero, udaltzainek egindako txostenean, beste gazte bati egotzi zioten botila hori jaurtitzea. «Horrenbestez, bi pertsona daude auzipetuta, botilakada bakar bategatik».
Azkenik, atzoko prentsaurrekoan nabarmendu zuten ez dagoela ikurrina erakustea galarazten duen legerik eta ez dagoela ere inongo argudiorik ikurrina erakuste hutsagatik gainezka dagoen plaza batean indarkeriaz horrela sartzeko. Gazteek salatu dute ezin dutela ikurrina galaraztea onartu eta, hala, aurtengo txupinazoan ikurrina erakustera galdegin diete «Iruñeko gazte eta sektore aurrerakoiei».
Bilduk ohar bidez gogorarazi du ikurrina «legezkoa» dela, eta bidegabetzat jo du UPNk Udaltzaingoa «politikoki» erabili nahi izatea. Epaiketa bertan behera uzteko eskatu du.
Iazko txupinazoko istiluak Iruñeko udaltzainek eragin zituztela salatu dute
Hiru adingabe epaituko dituzte asteartean, eta 18 hileko zigorra eskatuko dute haientzat; beste 13 lagun daude inputatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu