Uztailean 41 ikastaro emango ditu UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Artea eta musika, giza zientziak, ingeniaritza, osasuna... jakintza arlo ugaritako trebakuntza saioak emango dituzte, hilabete osoan zehar, Eibarren, Iruñean eta Baionan. Iaz udako ikastaroek "arrakasta" izan zutela, eta aurten errepikatu egin nahi dutela adierazi du UEUk gaur, ikastaroen aurkezpenean.
UEUren egoera ekonomikoa ekarri du gogora Karmele Artetxe UEUko zuzendariak: "Azken bi urteak UEUrentzat ekonomikoki oso zailak izaten ari dira, eta egoera horretan gauzak antolatzen jarraitzea benetako ahalegina izaten ari da UEUn parte hartzen ari garen guztiontzat".
Egoera hori izanik ere, "inoiz baino ikastaro gehiago" antolatu dituztela nabarmendu du Irati Itziar UEUko ikastaroen arduradunak. Ikastaroak antolatzeko proposamen asko jaso dituztela, eta aukeratzea zaila izan dela azaldu du. Hogei ikastaro egingo dituzte Eibarren (Gipuzkoa), 11 Iruñean, bederatzi Baionan, eta bat Gernika-Lumon (Bizkaia).
Ikasle, langabetu eta erretiratuei deskontuak egingo dizkietela ere jakinarazi du Itziarrek. Bizkaiko Foru Aldundiak eta hainbat udalek ere diru laguntzak ematen dituztela oroitarazi du.
Izena emateko epea, zabalik
Ikastaroetan izena emateko epea dagoeneko ireki dute, eta ikastaro bakoitza hasi baino astebete lehenago arte egongo da zabalik. Ikastaroei buruzko informazio guztia webgunean jarri dute.
Ikastaro batean matrikulatzeko aukera ere zozkatuko dute aurten. Facebookeko UEUren orrialdean jarraitzaile egin eta han jarria duten bideo bat partekatu behar da zozketan parte hartzeko. Ekainaren 6an egingo dute zozketa.
Bestalde, gogora ekarri dute Bizipozen Bloga ere zabalik duela UEUk. Udako ikastaroek egin dituzten lau hamarraldietan bertan parte hartu dutenen bizipenak jaso nahi ditu blogak, "bisita liburu baten antzera". Euren esperientziak bidaltzera eta partekatzera gonbidatu du UEUk.