Euskara

Iazko udan jasotako kexa kopurua mantendu da aurten

Udako oporraldian gertatu diren hizkuntza eskubideen urraketak jaso ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta aisian eta ostalaritzan izan da kexa gehien.

Turistak Iruñeko kale batean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Oihane Puertas ONA
2021eko irailaren 6a
16:57
Entzun

Hizkuntza eskubideak ez daude oporretan kanpaina egin du bigarren urtez Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Euskal Herrian udako oporraldian gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketak ikusarazteko helburuarekin. Erakundeak adierazi duenez, «kanpainak agerian utzi du, beste behin, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatze aldera urratsak egin behar direla». Behatokiak jakinarazi du iaz jasotako kexa kopurua mantendu dela aurten, eta aisian eta ostalaritzan izan direla kexa gehien.

Aisialdiari dagokionez, hainbat herritarrek salatu dute gida edo informazio gune batzuetan ez dela zerbitzua euskaraz eskaintzen. Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariaren arabera, «deigarriak» dira hainbat urraketa, batetik, «euskara bertako hizkuntza izan arren, ez delako bisita egiteko hautatu litezkeen hizkuntzen artean kokatzen», eta, bestetik, ez delako «gune horren inguruko informaziorik euskaraz eskaintzen», ez sarean eta ezta fisikoki ere. Kasu batzuetan, gainera, «euskarazko gidek gainkostua izan ohi dute gaztelania, frantses edo ingelesezko hautuen aurrean». Behatokiak jakinarazi duenez, «bereziki adierazgarriak» dira gazteentzako aisialdi programa eta egitasmoak, «asko erdara hutsean» eskaintzen baitira.

Aisiaren barruan, kulturaren eta kirolaren sektoreak nabarmendu ditu Behatokiak, eta Gaubekak adierazi du «euskarari leku txikia» eskaintzen zaiola. Izan ere, erakundearen arabera, «ohikoa bilakatu» da «ekitaldietako ohar eta informazioak erdara hutsean aurkitzea», eta «zinema, antzerki eta antzeko kultur emanaldietan gaztelaniazko eta frantsesezko eskaintzak nagusitzen dira».

Ostalaritzari dagokionez, Behatokiko zuzendariaren ustez, «beharrezkoak» dira euskararen presentzia eta hizkuntza eskubideak bermatzeko martxan jarri diren kanpainak: «Hizkuntza paisaia uste baino garrantzitsuagoa da euskaraz komunikatzeko hautua egiteko, baita herritarra euskara erabiltzeko eroso sentitu daitekeela adierazteko ere». Hala ere, Behatokiak adierazi du «iragarki, webgune eta sare sozialetan gaztelania, frantsesa zein ingelesa erabiltzen dituztela negozio gehienek», eta ostatu «askotako» kartak euskaraz adierazi gabe eskaintzen dituztela.

Gaubekaren arabera, «kanpoko bezeroei begira» hartzen dituzte hizkuntzarekiko erabaki horiek: «Azken bi urteetan barne turismoa asko hazi den arren, zerbitzu asko kanpoko bezeroei begira jarri dira turismoari eman zaion bultzadaren ondoren, eta horrek bertako herritarren hizkuntza eskubideak ez errespetatzea dakar albo-kalte gisa». Horrez gain, Behatokiak adierazi du «zerbitzarien kontratazioetan euskara hizkuntza eskakizun gisa ez ezartzeak» badituela ondorioak: «Hainbat herritarrek adierazi bezala, zerbitzari asko ez dira gai euskaraz ulertzeko, eta, ondorioz, bezeroak euskaraz artatzeko».

Gaubekak azaldu duenez, oraindik «bide luzea» dago egiteko, eta «ezinbestekoak» dira «unean uneko kontzientziazio kanpainez gain, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri eta laguntzak».

Behatokiak ikasturte berrian izango dituen erronkak ere jakinarazi ditu: eragile ezberdinekin harremanak sendotzea, hizkuntza eskubideen bermerako kontzientziazio lanak zabaltzen joatea, egungo araudi eta prozedurek dituzten mugak gainditzeko proposamenak egitea eta euskaraz bizitzeko dauden arazo, muga eta oztopoak gizarteko sektore gazteenekin lantzea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.