Iaztik %40 gehitu dira Jaurlaritzara aztertzeko heldu diren eskola jazarpenen kasuak

1.543 kasu aztertu zituzten 2022-2023ko ikasturtean; horietako %14 jazarpen kasuak izan zirela ondorioztatu du Hezkuntza Sailak. Hitzezko erasoak izaten dira ohikoenak.

Ikasle batzuk, Gasteizko institutu batean. L.RICO / EFE
Ikasle batzuk Gasteizko institutu batean. L.RICO / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 2a
13:40
Entzun

2022-2023ko ikasturtean 218 jazarpen kasu atzeman zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan, aurreko urtean baino 61 gehiago. Eskola Jazarpenaren Aurkako Nazioarteko Eguna baliatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datuok argitaratzeko. Atzemandako kasuek ez ezik, aztertutakoek ere gora egin dute. Hezkuntza Sailaren ikuskaritzak 1.543 kasu aztertu zituen iaz, eskola jazarpena egon ote zen argitzeko; 2021-2022ko ikasturtean, berriz, 1.098 kasu aztertu zituzten, eta 157 atzeman. Hortaz, %40 hazi dira Jaurlaritzara aztertzeko heldu diren eskola jazarpen kasuak. Bi ikasturteetan aztertutako kasuen %14 jo zituzten eskola jazarpentzat.

Azken datuak «esanguratsuak» direla azpimarratu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak. Eta azaldu du azken urteotan egoera nabarmen aldatu dela: «2008an, 75 kasu aztertu ziren, eta aurreko ikasturtean 1.500 baino gehiago; horrek esan nahi du gero eta ezagutza handiagoa dugula ikastetxeetan». Izan ere, 2008tik, aztertutako kasuak etengabe areagotu dira. Hain justu, gorakadarik nabarmena azken urtean izan da: ikasturte batetik bestera, ia 500 kasu gehiago aztertu dituzte.

Kontrakoa da irekitako protokoloen ehunekoaren bilakaera. 2008an, aztertutako kasuen %52 jazarpen kasuak izan zirela ondorioztatu zuten. Urteek aurrera egin ahala, ehuneko hori murriztuz joan da. 2017-2018ko ikasturtean, aztertuko kasuen %14 izan ziren jazarpen kasuak. Ordutik, %12-14 bitartean mantendu da ehunekoa.

DATUak

%27

Ziberjazarpen kasuak 2022-2023ko ikasturtean; eskola jazarpena jasan zutenen %27k erasoak jasan zituzten sare sozialen, Interneten edota beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez.

%47

Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi urteetan atzemandako kasuak 2022-2023ko ikasturtean atzemandako eskola jazarpen kasu gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren: %61. Are, kasuen %47 Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi urteetan izan ziren.

Hitzezko erasoak izan dira jazarpen ohikoenak: %85,78. Ikaslea baztertzea edo taldetik kanporatzea izaten dira kasuen %53,67; eraso fisiko zuzenak %34,86; zeharkako erasoak %33,94; eta larderia, xantaia eta mehatxuak %33,03. Datuok ez dira asko aldatu ikasturte batetik bestera. 2021-2022koan ere hitzezko erasoak izan ziren ohikoenak; eta biktimen erdiak baino gehiagok bazterkeria pairatu zuten.

Hezkuntza Sailak ziberjazarpenean egin nahi izan du azpimarra; biktimen %27k jazarpena jasan zuten iaz sare sozialen, Interneten edota beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez. 2018-2019ko ikasturtetik gaur arte, lehen aldiz, murriztu egin da mota horietako eraso kopurua. Izan ere, ikasturte horretan, erasoen %17,70 ziberjazarpen moduan sailkatu zituzten, eta, geroztik, 2021-2022ko ikasturtera arte, ehunekoak gora egin zuen etengabe. Azken ikasturte horretan, biktimen %32,48k pairatu zuten ziberjazarpena.

Gehienak Bigarren Hezkuntzan

Atzemandako kasu gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izann ziren: %61. Horrek esan nahi du 12 eta 16 urte bitarteko adin tarte horretan gertatzen direla eskola jazarpen gehienak. Hain zuzen, Bigarren Hezkuntzako lehenengo bi urteetan gertatu ziren kasu guztien %47.

Datuak ikusita, Pedrosak ondorioztatu du gizartean «gero eta sentsibilizazio handiagoa» dagoela, eta ikastetxeak horren «isla» direla. «Ezagutza inportantea da, baina gero elkarrekin lan egin behar dugu; familien parte hartzea ere oso garrantzitsua da. Gure ikastetxeetan bizikidetza da ardatza». Prebentzioaren beharra ere jarri du mahai gainean: «Aurretik ikusaraztea, egoerak aztertzea, eta tutoretzetan lantzea».

Eskola jazarpenari aurre egiteko, Hezkuntza Sailak gogorarazi du azken urteotan ikuskaritzak «zeregin aktiboagoa» izan duela, eta «detekzio tresnak» hobetu dituela. Are, sailak berak Bizikasi programa jarri zuen martxan duela zazpi urte. Ikasleak zein irakasleak ahalduntzea du helburu, formazioa, orientazioa eta tresnak ikastetxeen esku utziz. Besteak beste, BAT Bullyingaren Aurkako Taldeak sortu dituzte. Talde horietako kideei prestakuntza eman diete; ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira orain. Horrez gain, irakasleei ere prestakuntza eskaini diete: hain zuzen, ikastetxe publikoetako irakasle guztiei, baita hala eskatu duten itunpeko ikasteetako irakasleei ere. Hezkuntza Sailak uste du «aurrerapen esanguratsuak» egin dituztela: «Hala nola irakasleen eta ikasleen arteko harremanak hobetzea, berdintasuna eraikitzeko hezkuntza jarduerak areagotzea edo eskola jazarpena eta genero indarkeria gutxitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.