Ibai Aginagaren ongietorriagatik inputatutako hamasei lagunen aurkako epaiketa ekainean egingo dute

Epaiketak hiru aste iraungo duela aurreikusi du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta «beste makroepaiketa politiko bat» dela salatu dute auzipetuek. Maiatzaren 30ean manifestazio nazionala egingo dute Algortatik Berangora.

Auzipetuen prentsaurrekoa, gaur, Berangon. BERANGOKO ONGIETORRIKO AUZIPETUAK
Auzipetuen prentsaurrekoa, gaur, Berangon. BERANGOKO ONGIETORRIKO AUZIPETUAK
Paulo Ostolaza.
2026ko otsailaren 22a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jada zehaztu da noiz epaituko dituzten 2022ko martxoaren 13an Berangon (Bizkaia) Ibai Aginaga euskal presoari kartzelatik atera ostean egindako ongietorriagatik inputatutako hamasei lagunak: ekainaren 8tik 26ra egingo dute epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek prentsaurrekoa egin dute gaur, eta salatu «beste makroepaiketa politiko bat» dela orain iragarritakoa, kontuan hartuta zenbat auzipetu dauden, zer zigor eskaera egin dituzten —espetxe zigorrak, inhabilitazio luzeak eta isun ekonomiko handiak eskatzen dituzte haientzat— eta epaiketa zenbat irautekoa den —aurreikuspenen arabera, hiru aste—.

«Ez da lehenengoa gure herrian, eta tamalez, ez da azkenengoa izango, Euskal Herriak pairatzen duen zapalkuntza nazionalari eta sozialari aurre egingo dion estrategia bateratu eta eraginkor bat izan ezean», adierazi dute. Inputatuek amnistia aldarrikatu dute, eta manifestazio nazionalera deitu maiatzaren 30erako: Algortatik (Getxo, Bizkaia) Berangora joango dira, asmo argi bat betetzeko: «Epaiketari aurre egitea, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen kontrako eraso bat da-eta, denei eragiten diguna».

«Ozen salatzen dugu auzi hau ez dela ongietorri ekitaldi baten aurkakoa, adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkakoa baizik»

BERANGOKO ONGIETORRIKO AUZIPETUAK

Gogorarazi dute 2022ko otsailean, Aginagaren ongietorria egin baino hilabete lehenago, Espainiako Kongresuan bosgarren aldiz bozkatu zutela ongietorriak debekatzeko legea, eta orduko hartan ere ezezkoa atera zela, baita ekitaldiaren bezperan Ismael Moreno epaileak hura egiteko baimena eman zuela ere. 

«Espainiako polizien txostenetan, hots, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak egindako txostenetan, agerian geratzen da hainbat eragile politikoren eta militanteren kontrako jazarpen eta kontrol sistematikoa. Horregatik, ozen salatzen dugu auzi hau ez dela ongietorri ekitaldi baten aurkakoa, adierazpen askatasunaren eta militantzia politikoaren aurkakoa baizik, eta, beraz, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aurkakoa ere bai», salatu dute prentsaurrekoan.

Beste errepresio kasu bat

Auzipetuen iritziz, haien aurkako «eraso judiziala» ez da kasu bakana, «Espainiako eta Frantziako estatuek diseinatutako asimilazio prozesuaren barruko errepresio orokorraren beste kasu bat baizik»: «Instituzioetatik kanpo egiten den edozein ekimen eta militantzia kriminalizatzen eta zigortzen dute, eta estatuen egiturazko indarkeriaren aurka agertzea eta antolatze soila delitu kriminal bihurtu».

Amaitzeko, amnistiaren alde egin dute, «Euskal Herrian klase eta nazio zapalkuntza gainditzeko eta minimo demokratikoak ezartzeko berme gisa»: «Ezinbestekotzat jotzen dugu kartzelan zein kalean dauden militante politikoen aurkako neurri errepresibo guztiak bertan behera uztea, militantzia motaren araberako inolako diskriminaziorik egin gabe».

Kanpaina mediatikoa

Aginaga 2022ko martxoan atera zen Basauriko (Bizkaia) kartzelatik, hogei urte inguru preso egon ostean, eta ongietorria egin zioten Berangoko frontoian. Voxek, Villacisneros fundazioak eta Dignidad y Justicia taldeak salaketa aurkeztu zuten ekitaldiaren harira, eta, horri erantzunez, ikerketa bat abiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Kandaru kultur elkarteko hiru kide inputatu zituzten lehenik, «terrorismoa goratzeagatik»: ekitaldiaren antolaketan parte hartu izana egotzi zien Ismael Moreno magistratuak. Hilabete batzuk geroago deitu zituzten deklaratzera beste hamabost lagun.

Orduan, elkarteak salatu zuen «kriminalizazio kanpaina mediatiko, politiko eta judizial bat» abiatua zutela taldearen kontra, eta martxan zela ekitaldiaren aurretik ere. Horrez gain, adierazi zuen Berangoko Udalak ere jarri zizkiela zigorrak.

Berangoko ongietorria egin zenerako, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak jakinarazia zuen halako ekitaldiak era pribatuan egingo zituztela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA