Idazlea eta EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea

Ibai Atutxa: «Hizkuntza borroka herri mugimenduetara eraman behar da berriz»

Egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko, Euskal Herriak narrazio berriak behar dituela defendatu du Atutxak. Euskara giltzarri izanik, zapalkuntza harreman errealak irauliko dituen herri batekin egiten du amets.

Ibai Atutxa. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ibai Atutxa. MAIALEN ANDRES / FOKU
2025eko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Hala esan zuen behin [Joxe] Azurmendik: 'Bere burua norma deklaratua daukan mundu anormal honetan, izan gaitezen, bada, munstro'», errezitatu du Ibai Atutxak (Galdakao, Bizkaia, 1984). Isilunea nagusitu da Errenteriako (Gipuzkoa) Badalabeko aretoan. Koadernoek abaniko modura egiten duten soinua bakarrik entzuten da; bero egiten du. 

Hizkuntzalaria, idazlea eta EHUko Euskal Hizkuntza eta Komunikazioa saileko irakaslea da Atutxa. Egungo sistema eraldatzeko, hizkuntza borroka emantzipatzaile baten beharraz aritu da UEUko Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen ikastaroan. 

2022an Barbaroak eta zibilizatuak (Txalaparta) liburua argitaratu zenuen. Lan horretan, historian zehar euskaldunak barbarotzat hartu izan direla argudiatzen duzu, adibidez, sorginen ehizaren garaian eta ETAren garaian. Gaur egun bada adibiderik?

Euskal Herrian, etengabe errepikatu den zapalkuntza bat egon da. Euskal Herriko komunitate jakin bat barbarizatu egin da, eta, barbarizazio horri esker, euskaldun zibilizatua eraiki da. Zibilizatu izateari esker, euskaldun horiek sarbide pribilegiatua izan dute egitura inperialetara, kapitalistetara eta heteropatriarkaletara. 

Nik liburuan zera planteatzen dut, 80ko hamarkadan hasitako laugarren barbarizazioak terrorista izena hartzen duela. Demokraziaren aurkako pertsona irrazional, intolerante eta zakarra da euskal terrorista. Azken finean, terroristarena kategoria bat da bere horretan, eta kategoria horrekin zigortu egin dira Euskal Herriko mugimendu emantzipatzaile guztiak. 2011tik gauzak aldatu dira, baina ideia hori bizirik dago oraindik; izan ere, terrorista kategoriaren mutur batean erailketaren indarkeria dago, baina beste muturrean, demokraziaren aurkakoarena. 

Gaur egun etengabe ikusten da lan baldintzengatik hizkuntza eskubideak alde batera uzten direla. Horrek esan nahi du euskaldun hiztunak berriro ere toleranteak izan behar direla, benetako aurrerabidea bultzatzeko. Horrek egiturazko bi zapalkuntza ezkutatzen ditu: hizkuntza zapalkuntza eta klase zapalkuntza. Barbarizazioaren azken forma hori tolerantzian oinarritzen da: «Nor da euskaldun tolerantea eta demokratikoa, eta nor ez?».

«Barbaro kontzeptuak ondorio performatiboak izan ditu etengabe, indarkeria oso bat naturalizatzeko eta zuritzeko erabili baita»

Mendez mende errepikatu den euskaldunen aurkako jazarpen hori performatiboa da? Hau da, etengabeko kate bat da?

Hori da. Barbaro kontzeptua XVI. mendean hasi zen erabiltzen, ustez heretikoak zirenen kontra, horren adibide da sorgin ehiza. XIX. mendean primitiboaren ideia exotizatzeko joera egon zen landa eremuko langileekin. XX. mendeko 60ko hamarkadan barbaroa-ren kontzeptua zalantzan jarri zuten herri mugimendu askatzaileek, baina gero terrorista-ren kontzeptua etorri zen. Barbaro kontzeptuak ondorio performatiboak izan ditu etengabe; izan ere, indarkeria oso bat naturalizatzeko eta zuritzeko erabili da, eta indarkeria horren gainean gizarte helburu zibilizatu, kapitalista, zisheteropatriarkal eta kolonial-inperial bat eraiki nahi izan da.

Manifesting praktika aipatu duzu hitzaldian: norberarengan sinistuz edozer lortu daitekeela dioen praktika, gaur egun sare sozialetan behin eta berriz bultzatzen dena. Gizartea kontrolatzeko beste modu bat da?

Kontrolatzeko baino gehiago, indibidualizatzeko. Horrek adierazten du nola ideiak bere horretan ezin diren ulertu. Ideiak harreman material batzuen emaitzak dira. Ideiak indartsu pentsatuz bizitza konpon daitekeela esaten dute manifesting eta antzeko proposamenek, norberaren bizitza baldintzatzen duten harreman materialak edozein direla ere —izan indarkeria, izan prekaritatea eta abar—. Hori praktika paralizatzailea da, norbanakoaren aurka egiten du, kolektiboki antolatzearen aurka egiten du eta. Gainera, bizi dituzun indarkeriak ulertzeko orduan, estali egiten ditu benetako harreman materialak.

Hitzaldian azaldu duzu gaur egungo sistema kapitalista produkzio eredu jakin batzuetan oinarritzen dela. Are gehiago, gizartean bizitzea funtzio batzuk betetzea dela. Sistema aldatzea posible da?

Bai. Ez dago ezer aurrez determinatuta, borroka orok lortu dezake garaipena, horregatik borrokatzen gara. Zapalkuntzen aurka borrokatzea bidezkoa da, garaipenak egunero bizitzen eta ezagutzen ditugulako, hain zuzen ere.

Askok, berriz, utopiatzat dute. Utopietatik jaiotzen dira, baina, borroka asko. Zuk utopia honi izena eta dena jarri diozu: Ab-herria. Zertan oinarrituko litzateke? 

Niretzat, aberria ez da jatorria, historia edo nolabaiteko etnia bat ordezkatzen duen zerbait; nire ustez, zapalkuntza materialen aurkako indarkeriari aurre egiten dion komunitate bat da. Latineko ab- aurrizkiak hori esan nahi du, beti gorantz eraikitzen den herri bat; kanpotik [ertzetatik] datozenek eraikia. Beste hitz batzuetan, Ab-herria-k harreman materialetan eta zapalkuntzei aurre egitean jartzen du arreta. 

Utopikoa da, baina, aldi berean, oso harreman errealetan oinarritutako zerbait ere bada, zapalkuntza harreman errealak iraultzean oinarritua, hain zuzen ere.

Eta nola sortu Ab-herri hori? Azurmendi aipatu duzu; kultura bada horretarako tresna?

Nola baina gehiago, non gertatzen ari den esatea da garrantzitsua. Euskal Herrian herri mugimenduak oso bizirik daude, eta ez soilik herri mugimenduak, kultur mugimenduak ere bai. Kultur langile eta militante andana daukagu, hain justu, praktikaren bidez frogatzen posible dela, hizkuntza minoritario bat izanda ere, kultura bizi, kritiko eta eraldatzaile bat izatea. Hori badago jada, ez da gertatuko den zerbait.

Hizkuntza da martxan dagoen iraultza hori bultzatzeko gakoa?

Hizkuntza borroka bi aldetatik aztertu behar da. Alde batetik, kontuan hartu behar da hizkuntzak berak jasan duen estigmatizazioa eta estigmatizazio horren bitartez zuritzen den indarkeria. Horren aurka egin behar da. Eta, beste aldetik, pentsatu behar da hizkuntza zer eta nola jarri martxan, hizkuntzaren erabilera berarekin batera, zapalkuntza guztien aurka egiteko. 

Hizkuntza erresistentzia tresna bat da beraz?

Bai, labur esanda.

«Hizkuntza zapalkuntza ez da soilik teknikoki konpon daitekeen zerbait, baizik eta egiturazko zapalkuntza gisa identifikatu behar den zerbait»

Euskararen aurkako oldarraldi betean, euskara erresistentzia tresnatzat jotzen duzun horretan, zer gertatuko da galtzen bada? Zein izango da euskaldunen erresistentzia?

Ez dut uste lagungarria denik oraintxe bertan euskara galduta dagoen ariketa egitea. Lagungarria izan daiteke, aitzitik, hizkuntza nola mobilizatu eta praktikatu dezakegun pentsatzea egiturazko zapalkuntzei aurre egiteko, hizkuntzaren aurkako jarduna bera egiturazko zapalkuntza bat dela kontuan hartuta. Asko egin da aspalditik, batez ere 50eko eta 60ko hamarkadetatik aurrera. Oso urrutira joan gabe, Joxe Azurmendik kulturan egindakoa adibide aproposa da. Nik hipotesi hau proposatuko nuke: nola aldatu dezakegu mundua goitik behera hizkuntza borrokaren bitartez?

Baduzu erantzunik hipotesi horrentzat? Nola bultzatu pertsonak borroka honetara?

Zera izan daiteke aukera bat, hizkuntza borroka herri mugimendu matxinoen esparrura berriz eramatea. Euskararen aldeko jarduna, asko egin bada ere bide horretatik, asko teknifikatu da. Ikus daiteke 80ko hamarkadatik gaur egunera arte egindako euskararen aldeko jardun hori goia jotzen ari dela. Aukera on bat izan daiteke hizkuntza borroka herri mugimendu emantzipatuetara eramatea eta pentsatzea hizkuntza zapalkuntza ez dela soilik teknikoki konpon daitekeen zerbait, baizik eta egiturazko zapalkuntza gisa identifikatu behar den zerbait.

Hitzaldia eman eta gero, zer ondorio atera duzu?

Bagarela. Ikusten dut jende asko dagoela pentsatzeko, ekiteko eta mundua hankaz gora jartzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.