Ibarrako alkateak gaur deklaratu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan Antonio Garcia Jabaloy fiskalaren aurrean eta azpimarratu du Batasuna ez dela “inoiz” udaletxean bildu, alderdi politiko bezala. Udalean ordezkaririk ez duten beste eragile politikoek ere udaletxean ez dutela bilkurarik egiten gaineratu du, eta inoiz Batasuneko norbait udaleko bileretan egon bada, herritar bezala egon dela.
Bestalde, udaletxeko bulego bateko atean HB siglak ageri direla baieztatu du. Baina kartel hori 1993az geroztik hor dagoela gaineratu du eta horren berri izan zuenean kentzeko agindu zuela. Orain gela hori herriko kultur elkarteek erabiltzen dutela jakinarazi du.
Batasunak Ibarrako eta Kuartangoko (Araba) udaletxeko bulegoak erabiltzen dituelakoan hasitako ikerketaren harira, Garcia Jabaloy fiskalak esan du oraingoz ez duela beste inor galdekatzeko asmorik. Kuartangoko PPko zinegotziari eskatutako informazioaren zain dagoela esan du. PPko ordezkari horrek Batasuneko ordezkari ohi batek herriko batzarretan parte hartzen zuela deklaratu zuen.
POLITIKA