Espainiako Gobernuak eta «zenbait alderdik» Sortu alderdiaren sorreraren inguruan izan duten jarrera «hauteskundeen aurreko kalkulu aritmetikoen ikuspegitik soilik» uler daitekeela uste du Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak. «Ezker abertzaleari beti eskatu izan diogu urratsa egiteko, eta, egin duenean, atzera ematen dugu guk pausoa?», hausnartu du. «Bakerako eta etorkizun hobe baterako begirada da Sortu».
Oinarri demokratikoei buruzko hitzaldia egin zuen atzo lehendakari ohiak EHUn, Leioan, eta Sortu hartu zuen hizpide hitzaldiaren ondorengo solasaldian. Sortu «atzera bueltarik ez duen bidea» dela defendatu zuen, eta hauteskundeetan egon behar duela aldarrikatu.
Ezker abertzalearen apustu berria legeztatu behar den edo ez galdetu ziotenean argi erantzun zuen: Hurrengo hauteskundeetan aukera politiko guztiak egoteko eskubidea dutela adierazi zuen, eta herritarrek «egoki iruditzen zaienari botoa emateko eskubidea» dutela.
«Erabaki politikoa»
Sortu legezkoa den edo ez erabakitzea epaileei dagokiela diotenen jarrera ez da egokia, lehendakari ohiaren esanetan. Izan ere, haren ustez, gaia auzitara eramatea «erabaki politikoa» da.
ETAk kaleratutako azken agiriari buruzko iritzia ere eskatu zioten Ibarretxeri. Ez dela inolaz ere nahikoa erantzun zuen, baina, hala ere, ez dela haren balioa gutxietsi behar. «Nahiz eta guztiok gehiago nahiko genukeen, nabarmentzekoa da ETAk erabaki hori alde bakarreko neurri gisa hartu izana, zeren, horrela izanik, hautsiko balitz ere ez lioke beste inori eragingo».
ETArena orain arte egin gabeko urratsa dela uste du, beraz, Ibarretxek, eta baliatu egin behar dela. Zenbaitzuk, baina, ez dutela erabaki horren inguruan izan beharko luketen jarrera hartu ohartarazi zuen: «Zenbait alderdi politikok eta komunikabidek nahikoa ez den erantzuna eman dute ETAren erabaki horri dagokionez».
Ibarretxe: «Bakerako begirada da Sortu»
Espainiako Gobernuak alderdi berriaren aurka hartu duen jarrerak hauteskunde ikuspegia besterik ez duela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu