EAEko Estatutu Berrirako Proposamena

Ibarretxe: "Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du"

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek EAErako Estatutu politikorako proposamena defendatu du Espainiako Kongresuan. "Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko eskubide osoa" duela aldarrikatu du. Azpimarratu duenez, EAErako Estatutu proposamena ez da "zatiketarako", baizik eta "elkarbizitzarako" da. "Autogobernu gehiago nahi dugu, ongizate gehiago lortzeko". Proposamena legezkoa, zilegia eta demokratikoa dela esan du, eta "aukera historikoa" ez galtzeko eskatu die Espainiako Kongresuko diputatuei, behin eta berriz. Orain, talde bakoitzak ordu erdi izango du bere jarrera azaltzeko.

2005eko otsailaren 1a
19:47
Entzun
Eusko Legebiltzarraren izenean, EAErako Estatutu proposamena defendatu du gaur Jaurlaritzako Lehendakari Juan Jose Ibarretxek. Ezer baino lehen, "Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzera" joan dela esan du. "Euskal gatazka" duela 200 urtetatik "arrastaka" datorren gatazka dela esan du, bera, "eskua luzatuta" doala esan die diputatuei, "negoziaketarako eskua luzatuta", eta aukera "ez alferrik galtzeko" eskatu die.

Jaurlaritzaren estatutu berrirako proposamena ez dela "zatiketarako" esan du Ibarretxek, eta behin eta berriz azpimarratu du "elkarbizitzarako" proposamena dela. "Autogobernu gehiago nahi dugu ongizate gehiago izateko" esan du. Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, proposamena ez da "arazoa", "aukera" bat da. Gainera, bere iritzian "historikoa" da aukera hori, beraz, "elkarrizketari atea itxi", eta aukera "alferrik ez galtzeko" eskatu die diputatuei.

Bukatzeko, hainbat mezu bidali ditu. Gaur Espainiako Kongresuan erabakiko dena dagoeneko hitzartu dutela gogorarazi die PPri eta PSOEri. "Erabaki duzue ukatzea, eta zuen eskubidea da, baina euskal gizarteari esplikatu beharko diozuen zuek biok dagoeneko erabaki duzuela gure etorkizuna nolakoa izango den, eta ez duela ezertarako balioko euskaldunek azaldu dezaketen erabaki demokratikoak, zuek biok haien guztien ordez erabaki duzuelako dagoeneko".

Nazioarteko komunitateari ere zuzendu dio mezua Ibarretxek, eta esan duenez, negoziaketa bat eskatzen ari da, entzutea eskatzen ari da.

Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu EAEko Estatutu Berrirako Proposamena tramitatzeko Kongresuko Mahaiak erabakitako prozedura bertan behera uzteko EAJk, EAk, Nafarroa Baik eta IU-ICVk aurkeztutako helegitea. Erabakia bart iluntzean hartu zuen Auzitegi Konstituzionalak.Espainiako Kongresuko Mahiak erabaki bezala bozkatuko dute Kongresuan EAE Estatutu politiko berria gaur arratsaldean.

Espainiako Kongresuko Mahaiak erabakitako prozedura eteteko xedez, EAJk, EAK, Nafarroa Baik eta iU-ICVk babes helegitea aurkeztu zuten Konstituzionalean. Estatutu egitasmoa bozkatu aurretik, Eusko Legebiltzarraren eta Espainiako Kongresuaren arteko negoziazio batzordea osatu behar zela argudiatu zuten euskal alderdiek helegitea jartzeko orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.