Atentatua Irunen

Ibarretxe: "Euskal gizarteak gaitzetsi egiten ditu ETAren atentatuak, eta nazkatuta dago haiekin"

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak "irmotasun osoz" gaitzetsi du atzo Irunen (Gipuzkoa) Olloquiegi garraio enpresaren aurka izan zen atentatua, eta ETAri leporatu dio. Ildo horretatik, "euskal gizarteak ETAren atentatuak gaitzesten" dituela azpimarratu du, eta ekintza horiekin "nazkatuta" dagoela. Donostian, Sare 2003 batzarraren hasiera ekitaldian, egin ditu adierazpen horiek lehendakariak.

2003ko urriaren 13a
15:25
Entzun
ETAren aurka dauden euskal herritarrak gero eta gehiago direla esan du Ibarretxek. "Gero eta gehiago dira euskal herritarrek nahi dutena adierazten duten esaldi batekin bat egiten dutenak: ETA kanpora, ETA atera zaitez behingoz eta betiko gure bizitzetatik", adierazi du. Ildo horretatik, ETAren erasoen aurka dagoen ezker abertzaleko jendea gero eta gehiago dela azpimarratu du.

Atzo goizaldean bi lehergailuk egin zuten eztanda Irungo kamioientzako aparkaleku batean. Olloquiegui enpresako bi kamioiren azpian zeuden itsatsita lehergaiak, eta eztandaren ondorioz, sutea piztu zen. Hamabi kamioi guztiz kiskali zituen suak, eta suhiltzaileek goiz guztian lan egin behar izan zuten sua kontrolatzeko.

Ikerketako iturriek eta alderdi politikoek ETAri egotzi diote erasoa. 2000. urtean beste atentatu baten jomuga izan zen Olloquiegi enpresa, orduan ere Irunen. Halaber, azken hilabeteetan zenbait eraso egin ditu ETAk garraio enpresen aurka, erakunde horrek emandako azalpenen arabera, "Euskal Herriaren askapenerako dirua emateari uko egiteagatik".

EAJk, EAk, PPk, PSE-EEk eta EB-IUk gogor gaitzetsi dute erasoa, eta baita Confebask patronalak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.